SD Amorebieta 2-0 La Nucía: Urritxe gotorlekua da
Urdinek hirugarren garaipena jarraian lortu dute Lehen Federazioko liga txapelketan, berriro ere golik jaso gabe, gaurko goiz euritsuan La Nucíari 2-0 irabazita. Praderak 5. minutuan sartutako golak garaipena bideratu du eta Izetak behin betiko markagailua ezarri du bigarren zatiaren erdialdean. Ligako hirugarren garaipena jarraian izateaz gain, hirugarrena segidan da Urritxeko gotorlekuan (Bilbao Athletic, Alcoyano eta La Nucia), guztiak gure atea hutsean utzita.
Gaur arte Urritxen jokatutako azken partidan Alcoyanoren aurka bezala, urdinek neurketa hasi eta berehala lortu dute markagailua irekitzea. 5. minutuan egin dute, Praderaren gol bati esker, SDAko jokalari gisa sartzen duen lehena. Aurrelariak burukada eder batekin sinatu du 1-0ekoa Seguinek ezker hegaletik egindako erdiraketa aprobetxatuz.
Gureek aurkariaren atea bilatzen eta aukerak sortzen jarraitu dute. 2-0ekoa sartzetik oso gertu egon da Bujan 18. minutuan, Praderaren eta Jauregiren borrokaren ondoren area barruan baloi bat ehizatu duenean, baina jaurtiketa kanpora atera zaio. Izeta ere bai norgehiagokaren ordu erdian, baina Ackermann atezain bisitariak geldiketa ona burutu du. Atezainak ere gogor sartu behar izan du eskularrua Seguinen saiakera zapuzteko. Gauzak horrela, neurketa 1-0eko markagailuarekin heldu da atsedenaldira urdinen lehen zati oso on baten ostean.
Urdinek bisitarien area inguratzen jarraitu dute bigarren zatian, baina honen hasieran La Nuciak Jonmi probatzea ere lortu du. Gure atezainak arazorik gabe gelditu du Sanzen errematea. Zornotzarren ekinak saria izan du 67. minutuan. Izeta atezainaren aurrean jarri da eta baselina eder batekin 2-0ekoa sartu du.
Bi goleko abantailarekin, egoera kontrolpean izan dute gureek, nahiz eta Sanz azken txanpan zutoinera egindako erremate batekin neurketari tentsioa itzultzeko zorian egon den. Aulkitik atera diren Rayco eta Dorrio bezalako jokalari urdinak ere gola egitetik gertu egon dira, baina 2-0ekoa ez da mugitu.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier (71’ Víctor López), Murua, Etxeia, Seguín, Yriarte, Sibo (83’ Albisua), Buján (83’ Cantón), Izeta, Jauregi (65’ Rayco) eta Pradera (71’ Dorrio).
CF LA NUCÍA: Ackermann, Romera, Toner, Dasquet, Adri León (75’ Eneko Delgado), Isma (46’ Ángel López), Javi Martín (65’ Aketxe), Moisés, Cabezas (46’ Josema), Sanz eta Jorge García (86’ Borja).
Golak: 1-0: Min. 5; Pradera. 2-0: Min. 67; Izeta.
Epailea: Miguel González Díaz. Txartel horiak atera dizkie SDAko Etxeita, Izeta eta Mier jokalariei; eta Toner bisitariari.