SD Amorebieta

Urdinek 2-0 galdu dute Elche CF-en aurka jokatu duten LALIGA Hypermotioneko 17. jardunaldiko partidan. Gureek ez dute zigor hori merezi izan. Izan ere, Haritz Mujikaren mutilek norgehiagoka oso ona egin dute. Aukera ugari eta argiak izan dituzte, baina eraginkortasuna eta zortea ez dira euren alde egon. Etxeko taldeak, ordea, bai asmatu egin du neurketaren azken txanpan Mario Gasparrek eta Tete Morentek 84. eta 92. minutuetan sartutako golekin.

Gureak ondo sartu dira norgehiagokan eta aukerak sortu dituzte joko elektriko eta bertikal baten bidez. Morcik aukera onenak izan ditu partidako lehen hamar minutuetan, baina ez da zorioneko egon golari begira eta ezin izan du markagailua inauguratu. Lehenik eta behin, San Romanek gelditu duen burukada batekin saiatu da eta gero buruz buru geratu da atezainaren kontra, baina jokaldia baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Jokalari zornotzarra gola sartzeko zorian egon da ere Avilesen pase eder baten ostean, baina bere jaurtiketa gora joan da.

Elchek denbora gehiago zuen baloia bere jabetzan, baina ez zuen zulorik aurkitzen urdinei min egiteko. Gure aurrelariek arriskua sortzen jarraitzen zuten euren abiadurarekin, baina abaguneak ez ziren lehen txanpakoak bezain argiak. Gauzak horrela, neurketak aurrera egiten jarraitu du hasierako markagailuarekin. Morci berdinketa apurtzen saiatu da 37an falta jaurtiketa baten bitartez, baina ezin izan du San Roman gainditu lehen zatiko azken aukera aipagarrian.

Bigarren zatia erritmo bortitzarekin abiatu da, joan-etorrikoa. Elchek gola sartzeko aukera izan du 50.ean Mouraden bitartez. Pablok gelditu bikaina egin dio aurrelariaren burukadari. Handik gutxira, Oscar Planok baloia ate barrura bidaltzea lortu du, baina epaileak bertan behera utzi du, VAR sistemaren laguntzarekin, gure atezainari egindako falta batengatik. Avilesek 0-1ekoa sartzeko aukera argia izan du jarraian, baina bere jaurtiketa kanpora joan da.

Urdinek estutzen jarraitu dute eta Dorriok jokaldi bikaina egin du 62.ean. Atzelari guztiak atzean utzi ditu eta San Roman bakarrik izan da gola ukatzeko gai azken unean. Aldaratzea Morcik harrapatu du eta bere jaurtiketak ere etxekoen atezainaren geldiketa onarekin egin du topo. Dorrioren beste lasterketa batek Morciri abagune on batekin bukatu du. Zornotzarraren saiakera zutoinetik gertu atera da kanpora. 

Zelaian gertatzen ari zen zena ikusita, txarrena urdinen interesentzat emaitza zen. Baina barkatzen duenak ordaintzen duela esan ohi da. Eta horrela gertatu da gaur. 84. minutuan, korner batean, Mario Gasparren burukada batek 1-0ekoa eragin du. Kolpea jaso arren, gureek saiatzen jarraitzen dute. Berdintzear egon da Quintero 87.ean, baina bere jaurtiketa oinarekin desbideratu du San Roman inspiratu batek. Urdinek azken unera arte borrokatu dute talentua eta sendotasuna erakutsi duten partidan, baina eraginkortasuna falta izan da. Elchek izan duen eraginkortasuna. Izan ere, 90 gaindituta, Tete Morentek behin betiko 2-0ekoa sinatu du. Norgehiagokaren azken ekintza gertatu denaren erakusgarri izan da. Jauregik lehen zutoinean ikutu du baloia eta Gayak bigarrenean errematatu du. Baloia egurraren kontra joan da. Ez zen eguna.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Jorge Mier (87’ Eraso), Manu Hernando, Gayà, Félix, Lasure, Erik Morán (81’ Edwards), Carbonell, Dorrio (87’ Rayco), Morci (81’ Quintero) eta Avilés (76’ Jauregi). 

ELCHE CF: San Román, Mario Gaspar, Bigas, Óscar Plano (86’ Sergio León), Tete Morente, Febas (86’ Salvador), Josan, Mourad (60’ Borja Garcés), Nico Fernández (86’ Adam), Nico Castro (65’ Fidel) eta Clerc. 

Golak: 1-0: Min. 84; Mario Gaspar. 2-0: Min. 92; Tete Morente.

Epailea: Arcediano Monescillo. Txartel horiak atera dizkie Elcheko Nico Fernández eta Fidel jokalariei;  eta SDA-ko Manu Hernando eta Gayà futbolariei.

Compártelo