SD Amorebieta

Urdinak garaipenaren bidera itzuli dira gaur arratsaldean Lezaman Club Deportivo Teneriferen aurka jokatutako LALIGA HYPERMOTIONeko 16. jardunaldiko partidan. Nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin egon 40 minutu, Haritz Mujikaren taldeak etxean utzi ditu 3 puntuak, futbolari guztiek egindako lan handi bati esker. Alvaro Nuñezek eta Avilesek sinatu dituzte neurketako bi golak, Dorrioren paseak aprobetxatuz. Horrela, joan den asteburuan El Molinonen egindako lan bikainari jarraipena eman diote gureek. Hau da bidea.

Gureak ondo sartu dira partidara, goian estutuz eta kontrako areatik gertu biziz. Hala ere, Tenerifek izan du norgehiagokako lehen abagune argia, Angelek gidatutako kontraeraso baten bidez. Honek baloia Enric Gallego erasoko kideari utzi dio gola sartzeko. Baina hor agertu da Magunagoitia ekiditzeko geldiketa ikusgarri batekin. Urdinek segituan erantzun dute. Soriano adi egon da Morciren erremateari aurrea hartzeko.

1-0ekoa 26. minutuan heldu da. Sibok albora ireki dio Dorriori eta honek pase ona sartu dio atzetik agertu den Nuñezi jokaldia maisuki bukatzeko. Ezkerrez, eskuadran jarri du baloia, harmailak pozez leherrarazteko. Golak konfiantza eman die gureei, eta jaun eta jabe izaten jarraitu dute, nahiz eta abagune argiak ezin sortu. Horrela, gutxieneko abantailarekin iritsi dira Haritz Mujikaren mutilak.

Bigarren zatiaren hasieran Lax Franco epailea izan da protagonista, 47. minutuan Sibori txartel gorri zuzena atera baitio. Gehiegizko zigorra ekintza izan denarentzat. Harrigarria bada ere, VARetik ere ez diote zuzendu. Hala ere, gureek abantaila handitu dute 58. minutuan. Dorriok motorra hartu eta arerioak utzi ditu bide bazterrean Avilesekin bat egin duen arte. Honek Soriano fusilatu du tiro zehatz batekin. Madrildarraren lehen gola SDAko jokalari gisa.

2-0ekoarekin Tenerife gora joan da aldea murrizten saiatzera. Aukera ona izan dute 60.ean, baina Gaya lurrera joan da jaurtiketa oztopatzeko. Gureei sufritzea tokatu zaie. Baina talde bat bezala egin dute. Guztiek esfortzu itzela egin dute defentsa lanetan garaipenari eusteko. Teneriferen aukerarik onenak luzapenean iritsi dira, baina bisitariek egurra eta Magunagoitia bikain batekin egin dute topo.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez (84’ Jorge Mier), Manu Hernando, Gayá, Félix, Lasure, Sibo, Carbonell, Dorrio (84’ Quintero), Avilés (76’ Jauregi) eta Morci (59’ Edwards).

CD TENERIFE: Juan Soriano, Aitor Buñuel (67’ Jesús), Sergio González (71’ Spicic), Amo, Ángel, Alexandre, Aitor Sanz, Enric Gallego (46’ Alassan), Teto (67’ Álvaro), Nacho eta Loïc (46’ Elady). 

Golak: 1-0: Min. 26; Álvaro Núñez. 2-0: Min. 58; Avilés. 

Epailea: Lax Franco Salvador. Sibo 47. minutuan txartel gorri zuzenarekin eta Elady bisitaria, 87an bi horirekin, kaleratu ditu. Erik Morán eta Núñez SDAn; eta Tenerifeko Gallego eta Amo txartel horiak ikusi dituzte.

Partekatu