SD Amorebieta

Urdinek Club Deportivo Mirandes gainditu dute gaur Lezaman jokatu den LaLiga Hypermotioneko 6. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren taldeak txapelketako bigarren garaipena lortu. Neurketa hasieratik ondo jarri zaie gureei, Ryan Edwardsek bi gol sartu baititu lehen minutuetan. Izan ere, 8an gureak 2-0 irabazten zihoazen, behin betiko emaitza izan dena. Hortik aurrera, Amorebietak neurketa kontrolpean izan du 3 puntu garrantzitsuak lortzeko.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da. Ryan Edwards izan da protagonista nagusia lehen txanpan. Izan ere, australiarrak bi gol egin ditu bi minutu baino gutxiagoan. Lehena 7.ean, Erik Moranek bidalitako pase bikain baten ondoren. Zaleek ospatzen jarraitzen zuten bigarrena iritsi denean. Oraingoan, Edwards bigarren zutoinean agertu da larrua sarera bidaltzeko Dorrioren erdiraketa on baten ondoren, Lezaman eromena piztuz. Bi goleko abantailarekin, Haritz Mujikaren mutilek egoera kontrolatzen jakin dute. Mirandes gure defentsan zuloak bilatzen saiatzen zen, baina ez zituen aurkitzen. Horrela, lehiak abagune nabarmenik gabe jarraitu du, atsedenaldira 2-0eko emaitzarekin iritsita.

Norgehiagokak antzeko gidoiarekin jarraitu du aldageletatik igaro ondoren. Txandakako nagusitasuna eta aukera gutxi. Carlos Martinek Pablo Campos probatu du 60an, baina atezainak ondo erantzun du. Mujika aulkia mugitzen joan da taldea energiaz beterik mantentzeko. Sartu berrietako bat, Quintero, hirugarrena sartzetik gertu egon da Dorriorekin konbinatu ostean, baina pilota kanpora joan da gutxigatik. Azken txanpan, urdinek maisuki defendatzen jakin dute eta erlojuak aurrera egin du inolako berririk gabe bi areatan. Gauzak horrela, gureek denboraldiko bigarren garaipena lortu dute.

SD AMOREBIETA: P. Campos, Jorge Mier, Manu Hernando, Etxeita, Félix (85’ Seguín), Erik Morán (64’ Sibo), Carbonell (85’ Eraso), Dorrio, Morci (64’ Quintero), Edwards eta Jauregi (75’ Da Graca).

CD MIRANDÉS: Ramón Juan, Barcia, Tachi (54’ Reina), Gabri Martínez, Álvaro Sanz, Carlos Martín, Martón (67’ Durdov), Baeza (54’ Ilyas Chaira), Juan María, Pablo Ramón eta Rubén (67’ Gómez).

Golak: 1-0: Min. 7; Edwards. 2-0: Min. 8; Edwards. 

Epailea: Trujillo Suárez. Txartel horiak atera dizkie Erik Morán, Carbonell eta Jauregiri; eta Mirandeseko Reina eta Pablo Ramón jokalariei.

Compártelo