SD Amorebieta 1–2 Real Sociedad B: Merezitako saririk gabe 89an jasotako gol batengatik
Ia hiru hilabete geroago, urdinek porrotarekin egin dute topo. Urritxen Real Sociedad Bren aurka jokatutako euskal derbian izan da (1-2). Gureek ahalegin handia egin dute, neurketa osoa bat gutxiagorekin jokatu baitute. Hala ere, hamargarren jardunaldia segidan puntuak pilatzen lortzeko zorian izan dira. Bisitariak 10. minutuan aurreratu dira eta Jauregik berdinketa itzuli du atsedenaldira iritsi aurretik, baina 89. minutuan sartutako gol batek garaipena eman die donostiarrei.
Norgehiagoka ez da batere ondo hasi urdinentzat. Izan ere, Muruak txartel gorria ikusi du 2. minutuan, area ertzean jokaldi arriskutsu bat mozteagatik. Sansek bere nagusitasun numerikoa aprobetxatu du eta hainbat aukera sortu ditu hasieran. 10. minutuan, Kortajarenak 0-1ekoa ezarri du kontraeraso azkar bat baliatuz. 15. minutuan beste aukera argi bat izan dute, baina Magunagoitiak gelditu ikusgarria egin du 0-1ekoa mantentzeko.
Haritz Mujikaren mutilak hazten joan dira minutuek aurrera egin ahala. Lehen zatiaren erdian, Jauregiren burukada batek ez du aterik aurkitu oso gutxigatik. Zornotzarren lan onak saria lortu du atsedenaldia baino lehen. Marrerok Rayco bota du area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Jauregik ez du 11 metroetatik barkatu derbia atsedenaldira berdinketarekin bidaltzeko.
Bigarren zatia urdinen aukera eder batekin hasi da. Izetak baloia lapurtu du aurkariaren zelaian eta Jauregirekin konektatu du, baina Marrerok jaurtiketa gelditu du. Partidak albiste gutxirekin jarraitu du lehn ordua gainditu arte. Magunagoitiak ondo erantzun dio Olasagastiren zartakoari eta Seguinek zutoina urratu du falta jaurtiketa batekin. Azken txanpan, bisitariek estutu dute garaipenaren bila. Urdinak atzean indartsu agertu dira aukerarik ez emateko. Eta egin dutenean, Magunagoitia agertu da gola saihesteko, 87.ean hegaldi ikusgarria eginda. Ur hotzeko pitxerra 89.ean iritsi da, eta Teijeirak 1-2koa sartu duenean, SDA merezi zuen saririk gabe utziz.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier (80’ Víctor López), Murua, Etxeita, Seguín, Sibo, Yriarte, Buján (19’ Buján), Rayco (80’ Iturraspe), Izeta (65’ Ewan) eta Jauregi (80’ Pradera).
REAL SOCIEDAD B: Marrero, Gabilondo, Gómez (46’ Gorrotxategi), Arambarri, Urko, Magunazelaia (79’ Ezkurdia), Olasagasti (79’ Tejeira), Martón (55’ Agirre), Martín, Cantero eta Kortajarena (67’ Azkune).
Golak: 0-1: Min. 10; Kortajarena. 1-1: Min. 45; Jauregi; de penalti. 1-2: Min. 89; Teijeira.
Epailea: Mallo Fernández. Txartel gorria atera dio SDAKo Muruari 2. minutuan. Txartel horia atera dizkie Yriarteri; eta Martón, Arambarri eta Ezkurdia bisitariei.