SD Amorebieta 1-2 Málaga CF: Urdinen esfortzuak ez du saririk lortu
Urdinek ezin izan dute punturik lortu gaur arratsaldean euripean jokatutako LaLiga SmartBankeko 30. jardunaldiko partidan Málagaren aurka. Talde andaluziarra eraginkorragoa izan da areatan eta 1-2 irabazi du. Brandonek aurretik jarri ditu bisitariak lehen zatian, penalti eztabaidagarri bati esker, eta Juandek abantaila handitu du bigarrenaren hasieran. SDA-ko jokalariek dena eman dute berdegunean emaitza positibo bat lortzeko helburuarekin, baina Orozkoren gola beranduegi ailegatu da.
Iñigo Velez de Mendizabalen taldea indartsu atera da hasieratik eta bi abisu eman ditu lehen hamar minutuetan Larraren eta Guruzetaren bitartez. Area ertzetik egindako jaurtiketak ez dira zutoinen artetik atera. Alvaro Peña izan da hurrengo saiakera burutu duena, baina bere misilak ez du aterik aurkitu. Norgehiagokak albiste aipagarririk gabe jarraitu du bi areatan, epaileak 27. minutuan Malagaren aldeko penaltia adierazi duen arte. VAR-ak eskatuta, jokaldia ikustera joan da pantailara, baina Álvaro Moreno Aragonek bere erabakia mantendu du, Lezamaren sinesgaiztasunaren aurrean. Brandonek ez du barkatu hamaika metroetatik.
Urdinek kolpe jaso dute eta berdinketaren bila joan dira. Atsedenaldira heldu baino lehen lortzear izan da Nolaskoain korner baten ondoren, baina bere burukada zutoinetik gertu atera da. Aldageletara joan aurretik, Luengok penalti bat eskatu du, baina urdinek 11 metroetatik jaurti gabe jarraitzen dute txapelketan.
Bigarren zatia bi nobedaderkin abiatu da: San José eta Orozko zelairatu dira Iker Bilbao eta Obi taldekideen ordez. Urdinak gogotsu irten dira, baina 0-2ekoa jaso dute 52. minutuan, Juandek lortuta burukada on batekin. Gureek ez dute amore eman eta borrokatzen jarraitu dute. Norgehiagokaren lehen ordua gaindituta, desabantaila murrizteko zorian egon da Orozko San Joseren erdiraketa baten ostean, baina errematea langa gainetik atera zaio. Zornotzarrek gola bilatu dute bukaerara arte eta Orozkok 1-2eko sartu du 88an. Berdinketaren bila joan dira eta azken unera arte saiatu dira, baina euren esfortzuak ez du saririk jaso.
AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Nolaskoain, Luengo, Andoni López, Iker Bilbao (46’ San José), Olaetxea (81’ Moreno), Álvaro Peña (69’ Javi Ros), Obi (46’ Orozko) eta Guruzeta.
MÁLAGA: Dani Barrio, Víctor, Juande, Peybernes (66’ Ismael), Lombán, Cufré, Jozabed, Febas (90’ Ramón), Vadillo (66’ Roberto), Brandon (78’ Antoñín) eta Chavarria (66’ Paulino).
Golak: 0-1: Min. 30; Brandon, penaltiz. 0-2: Min. 52; Juande. 1-2: Min. 88; Orozko.
Epailea: Álvaro Moreno Aragón (Madril) Txartel horiak atera dizkie Guruzeta, San José, Luengo eta Orozkori SDAren aldetik; eta Malagako Vadillo, Jozabed, Febas eta Paulino jokalariei.