SD Amorebieta 1-2 Gernika Club: Lehen zatian barkatu. Bigarrenean, galdu
Urdinek ezin izan dute zazpigarren jardunaldia jarraian puntuak batzen lotu Gernikaren aurka galdu ondoren, gaur arratsaldean Urritxen jokatutako derbian. Gure taldeak abagune argiak izan ditu lehen zatian, tartean huts egindako bi penalti, eta atsedenaldira 1-0eko abantailarekin iritsi dira Mikel Arzalluzek azken txanpan sartutako golari esker. Hala ere, bigarren zatian Gernikak markagailuari buelta eman dio.
SDA ondo sartu da norgehiagokan, aurkariaren atea bilatuz. Gerturaketa horietako batean, ordu laurdenean, Zorrilla area ertzean bota dute, atezainarekin buruz buru jartzera zihoanean, eta epaileak txartel gorria erakutsi dio Arberasi. Bat gehiagorekin, gureek neurketaren pisua eramaten jarraitu dute eta aukera paregabea izan dute aurreratzeko, epaileak Arzalluzi penaltia egin diotela adierazi duenean. Etxanizek jaurti du, baina Oier atezainaren geldiketa onarekin egin du topo.
1-0ekoa 41.ean iritsi da. Ceballos eskuin hegaletik sartu da eta pase ona eman dio Arzalluzi. Honek sare barrura bidali du baloia. Urdinek abantaila handitzeko aukera argia izan dute atsedenaldia baino lehen, Ceballosek eragindako penalti batekin. Hegaleko atzelariak berak hartu du jaurtitzeko ardura, baina Oierrek bere bigarren penaltia gelditu du.
Bigarren zatia ez da ondo hasi urdinentzat. Izan ere, Herrik 48. minutuan bueltatu ditu taulak markagailura. Jarraian, Zorrillak atea ikusi du geldikako ekintza batean, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo adierazi diotelako. Indarrak 69. minutuan berdindu dira. Epaileak bisitarien aldeko penaltia adierazi du eta bigarren txartel horia erakutsi dio Entrecanalesi. Gernikak ez du barkatu eta 1-2koa egin du Izan Gutierrezek hamaika metroetatik egindako jaurtiketa on batekin.
Urdinek ez diote borrokari utzi eta gola bilatzen jarraitu dute. Eliasek langarekin topo egin du amaieratik ordu laurdenera. Ceballosen zartakoa atezainak gelditu du. Peruk area ertzetik probatu du eta baloia gutxigatik joan da kanpora. Gaur ez da gure eguna izan.
SD AMOREBIETA: Zango, Ceballos, Entrecanales, Odei, Elías (88’ Castañeda), Arratibel (65’ Peru), Ituarte, Reka (75’ Lulu), Mikel Arzalluz (88’ Asier Sánchez), Zorrilla eta Etxaniz (65’ Torrico).
GERNIKA CLUB: Oier Ariznabarreta, Arberas, Izan Gutiérrez, Gorka Agirre, Carlos González, Auzokoa, Unai Vélez, Okolo (65’ Zugazaga), Manex Agirre (53’ Kortazar), Herri (81’ Morales) eta Baqué.
Golak: 1-0: Min. 41; Arzalluz. 1-1: Min. 48; Herri. 1-2: Min. 70; Izan Gutiérrez, penaltiz.
Epailea: Miguel Gómez. Txartel gorri zuzena atera dio Arberasi 15ean eta Entrecanalesi 69an. Txartel horiak: Arratibel eta Elías; eta Auzokoa, Manex Agirre, Baqué eta Oier.