SD Amorebieta 1-2 CD Numancia: Lehen porrota Urritxe eraginkorrago izan den aurkari baten aurka
Urdinek lehen porrota jaso dute Urritxen, eraginkorrago izan den Numanciak hiru puntuak eskuratu baititu Lehen Federazioko 6. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren taldea abantailarekin iritsi da atsedenaldira Jauregiren golari esker, baina Soriako taldeak markagailua irauli du bigarren zatian.
Lehen zatia berdinduta joan da, txandakako nagusitasunarekin. Bi taldeak sendo agertu dira defentsa lanetan eta abaguneak ez dira argiak izan. Baina gureak gidoia aldatzen tematu dira atsedenaldia baino lehen. 39.ean markagailua inauguratzeko zorian egon dira, aukera bikoitza izan baitute. Lehenik eta behin, Izetaren falta jaurtiketa batek Isma Gil atezain bisitaria luzatzera behartu du. Aldaratzea Iturraspek harrapatu du, baina honek ere atezainaren geldiketa onarekin topo egin du. Hala ere, urdinek saiatzen jarraitu dute, eta 42.ean iritsi da saria: Jauregik 1-0ekoa lortu du jaurtiketa gurutzatu batekin.
Aldageletatik pasa ondoren, Numantziak partida berdintzea lortu du 55. minutuan. 1-1ekoa korner batean heldu da, Mancebok baloia bigarren zutoinean sareratzeko aprobetxatu duenean. Zornotzarrek gertu izan dute 60. minutuan berriro aurrea hartzea, langa gainetik atera den Jauregiren burukada baten bitartez. Hala ere, emaitza iraultzea lortu duena Soriako taldea izan da, 63.ean 1-2koa sartu baitu Sanchezen bidez. Handik gutxira, bisitariek abantaila handitu ahal izan dute, baina Magunagoitiak probidentzialki gelditu du Gorka Perezen burukada. Haritz Mujikaren mutilak berregin dira berdinketaren bila. Aukera oso argia izan du Jauregik azken txanpan, baina atezainak beste geldiketa bikain bat burutu du. Aurkaria giltzapetu dute eta geldikako jokaldi ugari sortu dituzte bukaerara arte, baina ezin izan dute ezer positiborik lortu.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Murua, Juan Rodríguez, Toni Herrero (65’ Buján), Sibo (65’ Yriarte), Iturraspe (79’ Etxeita), Dorrio (79’ Rayco), Seguín, Izeta (65’ Pradera) eta Jauregi.
CD NUMANCIA: Isma Gil, San Emeterio, Jaume Pol (67’ Jordi Tur), Fer Román (49’ Simic), Bonaldo (67’ Carrillo), Rubén Mesa (46’ Mancebo), Gorka, David (84’ Mahicas), Sánchez, Toni Arranz eta Mario Barco.
Golak: 1-0: Min. 42; Jauregi. 1-1: Min. 55; Mancebo. 1-2: Min. 63; Sánchez.
Epailea: Gómez Lameiro. Yriarte kaleratu du 90ean bi txartel horirekin. SDAko Sibo etaJauregi; eta Numanciako Fer Román, David, Jaume Pol eta Bonaldo jokalariek txartel horia ikusi dute.