SD Amorebieta 1-2 CD Ebro: Porrota epailearen erabakiek baldintzatutako lehia batean
SDAk ezin izan du punturik lortu 2026ko Urritxeko lehen partidan, non gureek ordubete baino gehiago jokatu duten bat gutxiagorekin Entrecanalesen txartel gorri eztabaidagarri batengatik. Hala ere, urdinek aurrea hartzea lortu dute atsedenaldia baino lehen Asier Sanchezek jaurtitako korner batean, baina Ebrok markagailua irauli du bigarren zatian eta 1-2ko emaitzarekin bukatu da norgehiagoka.
Norgehiagoka oso parekatuta eta abagune argirik gabe abiatu da, berdegune bigun batek baldintzatuta, azken asteetan izandako euriteen ondorioz. Ebrok gola egitea lortu du 18. minutuan, baina ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako. 29an, urdinak bat gutxiagorekin geratu dira Urritxeren harridurarako. Epaileak Entrecanalesen ustezko eraso bat ikusi du, SDAren aldeko geldikako jokaldi batean aurkari batekin izandako lehian. Zorrillaren golarekin amaitu da jokaldia, baina hau ere baliogabetu egin dute. Kolpe handia jaso arren, 34.ean 1-0ekoa heldu da. Asier Sanchezek korner itxi bat jarri du eta baloiak ate barruan amaitu du atezain bisitariaren aldentze txarraren ondoren. Gureek ondo kontrolatu dute partida atsedenaldira abantailarekin iristeko.
Aldageletatik pasatzeak hobeto etorri zaio Ebrori, bere nagusitasun numerikoa aprobetxatuz areara bidalketa ugari egiten hasi da eta. Horrela, 63.ean berdinketa heldu da. Altamirak gola eragotzi du geldiketa on batekin, baina jokaldiak bizirik jarraitu du eta Soeirok 1-1ekoa egin du. Handik gutxira 1-2koa heldu da, zalantzazko penalti baten bitartez. Chárlezek jaurti du eta ez du huts egin. Hortik aurrera, urdinak buru baino bihotz gehiagorekin saiatu dira. Azala eta odola utzi dituzte, Arratibelek ezpainetik eta Hodei Rodriguezek sudurretik isuri dutena bezala. Kasu horietan, ez da erasorik adierazi eta, gainera, gureek ikusi dituzte txartel horiak erreklamatzeagatik.
SD AMOREBIETA: Altamira, Mendibe, Entrecanales, Odei, Castañeda (76’ Hernaiz), Arratibel, Ituarte (76’ Reka), Elías, Asier Sánchez (53’ Hodei Rodríguez), Zorrilla (64’ Mikel Arzalluz) eta Etxaniz (53’ Torrico).
CD EBRO: Mateo Lite, Ignacio Uche (72’ Iván Pérez), Héctor Espiérrez, Alejandro Muñoz, Kevin Sánchez (46’ Álvaro Novials), Víctor Chárlez (80’ Daniel Martínez), Jaime Requés, Emmanuel Attipoe, Kevin Soeiro, Sergio Escolar eta Iker Vadillo (64’ Marc Prat).
Golak: 1-0: Min. 34; Asier Sánchez. 1-1: Min. 63; Soeiro. 1-2: Min. 72; Chárlez, penaltiz.
Epailea: Fermín Rodríguez. Txartel gorri zuzena atera dio Entrecanalesi 29. minutuan. Txartel horiak: Castañeda, Rodríguez, Arratibel eta Odei SDAn; eta Ebroko Kevin Sánchez eta Iván Pérez.