SD Amorebieta

Urdinek taulak sinatu dituzte Real Zaragozaren aurka Jandro Castro entrenatzailearen estreinaldian, gaurko arratsalde hotzean Lezaman jokatu den LaLiga Hypermotioneko 20. jardunaldiko partidan. SDA hobeto sartu da norgehiagokara eta aurrea hartzea lortu du Felixen gol bati esker, baina Aragoiko taldeak atsedenaldia baino lehen ezarri du behin betikoa izan den 1-1ekoa, penaltiz.

Gureak aurkaria baino hobeto zelairatu dira eta hasi bezain laster markagailua inauguratzeko aukera ezin hobea izan dute, Rebollo atezainak Dorriori egindako penalti baten ostean. Jauregik hartu du ardura eta bere jaurtiketa kanpora joan da. Baina urdinek indartsu jarraitu dute eta 10. Minutuan atea zulotu dute, Dorriok ateratako korner batean. Felixek bikain errematatu du 1-0ekoa sartzeko.

Minutuak aurrera joan ahala neurketa berdinduz joan da. Urdinek, defentsa lanetan sendo, ez zioten tarterik aurkitzen uzten Zaragozari. Dorrio gol polit bat sinatzeko zorian egon da lehen zatiaren erdialdean, Nuñezen erdiraketa bat takoiz errematatu duenean, baina baloia Rebollok gelditu du. Zaragozak berdinketa lortu du lehen zatiko azken txanpan, Siboren penalti eztabaidagarri bati esker. Maikelek ez du barkatu eta lehia 1-1ekoarekin joan da atsedenaldira.

Aldageletatik igaro ostean, bigarrenaren bila joan dira Jandroren mutilak. Jauregik bilatu du bigarren zatia hasi bezain laster aterik aurkitu ez duen erremate batekin Lasureren erdiraketa baten ondoren. Handik gutxira, Sibo izan da Rebolloren eskuetara tiro egin duena. Zaragozak aukera argi batekin erantzun du eta Felixek atepetik atera du Toni Moyaren saiakera. Jarraian, Dorrio azkarra arearea heldu da eta bere tiroa Rebollok gelditu du. Atezainak berriz egin behar izan du lan Morciren zartakoa urruntzeko. Partida azken txanpan barneratu da eta bi taldeak ez ziren aukera argiak sortzeko gai. Atzelariak nagusi. Gauzak horrela, neurketa puntu banaketarkin bukatu da.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Félix, Lasure, Carbonell, Sibo, Dorrio (90’ Rayco), Morci (81’ Quintero), Eraso (81’ Edwards) eta Jauregi (64’ Avilés).

REAL ZARAGOZA: Rebollo, Jair, Francés, Germán (81’ Manu Vallejo), Aguado (76’ Jaume), Maikel (61’ Sergi Enrich), Francho, Mouriño, Fran Gámez, Mollejo eta Toni Moya (76’ Bermejo).

Golak: 1-0: Min. 10; Félix. 1-1: Min. 42; Maikel, penaltiz.

Epailea: López Toca. Txartel horiak atera dizkie Morci, Sibo, Manu Hernando eta Carbonell jokalariei; eta Rebollo eta Mollejo bisitariei.

Compártelo