SD Amorebieta

Urdinek berdinketa sinatu dute Real Oviedoren aurka Lezaman jokatu duten SmartBank Ligako 26. jardunaldiko partidan. Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek neurketa oso serioa jokatu dute eta ez diote arriskua sortzen utzi sailkapeneko goiko postuetan dagoen talde asturiarrari. Hala ere, puntu batekin konformatu behar izan dute. Norgehiagokako bi golak hasieran iritsi dira, maila izugarria erakusten ari diren bi aurrelariren bidez. Borja Bastonek 3. minutuan jo du lehenengo eta Gorka Guruzetak 8.ean erantzun du 1-1ekoarekin.

Partida maldan gora jarri da hasi eta berehala. Izan ere, Borja Bastonek, txapelketako golegile nagusietako batek, aurretik jarri ditu bisitariak 3. minutuan. Dena den, talde urdinak sasoi betean dagoen aurrelari bat ere badu: Guruzeta. 24ak berdinketa ezarri du berriro markagailuan 8. minutuan, Larraren heriotzaren pasea sarera bultzatu ostean. Lehiak berdinduta jarraitu du, aukera handirik gabe, Olaetxea ordu erdira zornotzarrak aurretik jartzeko zorian egon den arte. Morenoren erdiraketa on baten ondoren area barruan egin duen burukada langaren gainetik joan da. Gure mutilek gogotsu bilatu dute 2-1ekoa lehen zatiaren azken txanpan, baina euren saiakerek ez dute saririk lortu.

Atsedenaldiaren ondoren, gidoia ez da gehiegi aldatu. Urdinek serio eta gogor jarraitu dute, eta tarte luzeetan nagusi izan dira. Bigarren zatiaren erdialdean, Iñigo Velez de Mendizabalek hanka freskoak bilatu ditu, Obi, Andoni López eta Javi Ros debutaria sartuta. Zornotzarrek Oviedoren area ertzean mantendu dute baloia hurrengo minutuetan, baina Femenias atezaina probatu barik. 78. minutuan, Larrak botatako falta batek ez du atea aurkitu oso gutxigatik. Asturiarren aldetik, Pombo saiatu da Santamaria ezustean harrapatu ez duten urruneko bi jaurtiketekin. Azkena urdinek izan dute Andoni Lopezen bitartez, Larraren erdiraketa baten ostean, baina baloia kanpora atera da. Gauzak horrela, puntu banaketarekin amaitu da norgehiagoka.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Nolaskoain, Luengo, Seguín (67’ Andoni López), Markel Lozano (67’ Javi Ros; 88’ Larru), Olaetxea, Iker Bilbao, Moreno (67’ Obi) eta Guruzeta (84’ Unzueta).

REAL OVIEDO: Femenías, Isaac, David Costas, Dani Calvo, Pierre, Luismi, Brugman (82’ Javi Mier), Viti (89’ Matheus), Borja Sánchez (82’ Hugo Rama), Obeng (62’ Pombo) eta Borja Bastón.

Golak: 0-1: Min. 3; Borja Bastón. 1-1: Min. 8; Guruzeta.

Epailea Iván Caparrós Hernández (Valentzia). Txartel horiak atera dizkie Guruzeta, Markel Lozano eta Javi Rosi; eta Real Oviedoko Pierre jokalariari.

Compártelo