SD Amorebieta 1-1 CD Tenerife: Urdinek berdinketa batekin estreinatu dute 2022. urtea
Urdinek berdinketa batekin estreinatu dute 2022. urtea Club Deportivo Teneriferen aurka, gaur gauean Lezaman jokatu den LaLiga SmartBankeko 23. jardunaldiko partidan. Guruzetak SDA aurreratu du markagailuan neurketaren hasieran, baina bisitariek behin betiko 1-1ekoa izan dena sartu dute lehen zatia amaitu baino lehen zalantzazko penalti bati esker. Gaurkoarekin, Iñigo Vélez de Mendizabalen taldeak bere laugarren berdinketa jarraian lortu du eta sei partida kateatu ditu porrotik jaso gabe.
Zornotzarrak indartsu atera dira, Lezamara taldea laguntzera joateko hotzari desafio egin dioten bazkideei poztasun bat emateko helburuarekin. Aurkariaren area inguruan ibili dira norgehiagokaren hasieran eta markagailua ireki dute lehen ordu laurdena bete aurretik. Gola aurkariaren zelaian hegaleko sake batean egindako presio onari esker iritsi da. Teneriferen akatsa eragin dute eta Guruzetak bere bosgarren gola sinatzeko aprobetxatu du. Berdinketa lehen zatiaren erdialdean iritsi da, polemikarekin. Izan ere, García Verdura epaileak, VAR sistemak eskatuta, Teneriferen aldeko penalti eztabaidagarria adierazi du. Gallegok ez du barkatu 11 metroetatik, 1-1ekoa lortuz. Jokoak nahiko berdinduta jarraitu du, abagune argirik gabe, baina Mollejo bisitaria bere taldea aurreratzeko zorian egon da falta jaurtiketa azkar bat aprobetxatuz. Marinok 1-2koa saihestu du geldiketa polit batekin.
Aldageletatik igaro ondoren, Tenerifek aukera onak sortu ditu bigarren atalaren hasieran. 55. minutuan Marinok gelditketa ikusgarria egin dio Bermejori eta 60an berriro agertu da Gallegoren gola ekiditzeko. Defentsa lanetan burututako sakrifizio itzelari esker, Iñigo Vélez de Mendizabalen taldeak aurkariaren hasiera bortitzari eusten jakin du eta norgehiagokak jabe argirik gabe jarraitu du. Urdinei aurreko partidetan baino gehiago kostatu zaie arrisku jokaldiak sortzea. Dena den, azken txanpan, aukera bikoitza izan dute, baina Larraren falta jaurtiketa Sorianok atera du eta, aldaratzean, Luengok langa gainetik bidali du baloia.
AMOREBIETA: Marino, Larra, Luengo, Markel Lozano, Óscar Gil, Zarra (78’ Aldalur), Iker Bilbao, Olaetxea (78’ Larru), Mikel Álvaro, Guruzeta (78’ Unzueta) eta Obi (62’ Orozko).
TENERIFE: Soriano, Mellot (76’ Moore), Sipcic, León, Pomares, Alexandre (76’ Michel), Aitor Sanz, Bermejo (62’ Elady), Mollejo, Shashoua (76’ Rubén) eta Gallego.
Golak: 1-0: Min. 14; Guruzeta. 1-1: Min. 26; Gallego, penaltiz.
Epailea: García Verdura (Katalunia). Txartel horiak atera dizkie Iker Bilbao, Larra eta Iñigo Vélez de Mendizabal entrenatzaileari Amorebietaren aldetik; eta Aitor Sanz bisitariari.