SD Amorebieta

Urdinek aurredenboraldiko hirugarren neurketa jokatu dute gaur arratsaldean Urritxen. Lehen Federazioko liga txapelketako multzo berean egongo den Club Deportivo Numancia talde historikoaren aurka neurtu dituzte indarrak. Lagunartekoa banako berdinketarekin bukatu da. Bi golak atsedenaldiaren ostean iritsi dira. Bisitariek aurrea hartu dute bigarren zatiaren hasieran eta Youssef Issakhik behin betiko 1-1ekoa sartu du amaiera baino 10 minutu lehenago.

Norgehiagoka polita hasi da, bi taldeak aurkariaren atearen bila atera baitira. Lehen zatiko abagunerik argiena gureek izan dute 12. minutuan Antonio Cantonen bidez. Ayesak gola eragotzi du geldiketa on batekin. Victor Lopezek, Bujanek eta Izetak ere 1-0ekoa lortu nahi izan dute lehen ordu erdian, baina euren saiakerek ez dute aterik aurkitu. Mahicas eta Gorka Perez bisitarien erremateak ere ez dira hiru zutoinen artean atera Numantziak lehen zatian egindako bi eraso arriskutsuenetan.

Soriako taldeak hobeto ekin dio bigarren zatiari eta saria aurkitu du 51. minutuan, Mahicasek 0-1ekoa lortu baitu errebote bat aprobetxatuz. Segituan, Marinok bigarren ekidin du geldiketa on batekin. Haritz Mujikaren mutilek erreakzionatu egin dute berdinketaren bila. Lortzear izan da Dorrio, baina bere jaurtiketak jokaldi azkar baten ostean Gorka Perezen gorputzarekin topo egin du.

Partidaren lehen ordua gaindituta, entrenatzaileak sei jokalari sartu ditu aulkitik. Horietako batek, Youssef harrobiko futbolariak, 1-1ekoa lortu du taldeko jokaldi polit bati amaiera bikaina emanda, area ertzetik egindako zartako bati esker. Marinok, geldiketa itzel batekin, Numanciaren garaipena saihestu du azken uneetan.

SD AMOREBIETA: Jonmi, Víctor López, Murua, Agustín, Toni Herrero, Albisua, Antonio, Dorrio, Seguín, Buján eta Izeta. Aulkitik Marino, Intxausti, Garro, Xiker, Leiza, Youssef eta Aiarza irten dira.

CD NUMANCIA: Ayesa, San Emeterio, Jaume Pol, Simic, Bonaldo, Amorrortu, Cotán, Mahicas, Gorka Pérez, Mancebo eta Mario Barco. Aulkitik Rubén Mesa, Carrillo, Moha, Vicario, Valín, David, Sánchez, Toni Arranz, Axel eta Óscar irten dira.

Golak: 0-1: Min. 51; Mahicas. 1-1: Min. 80; Youssef. 

Epailea: Gorka Etayo. Txartel horiak atera dizkie Agustín eta Víctor SDAko jokalariei; eta Cotán futbolariari Numanciaren aldetik.

Partekatu