SD Amorebieta

Urdinek sari handiagoa merezi izan dute gaur gauean Lezaman Albacete Balompieren aurka jokatutako LALIGA Hypermotioneko 28. jardunaldiko neurketan. Bisitariek aurrea hartu dute lehen zatian, Bustinzak gure atean sartutako zoritxarreko gol baten bitartez. Zornotzarren erreakzioa bikaina izan da eta aukera asko sortu dituzte, baina horietako bakarra sartu da, Iker Unzuetak egindakoa. Zutoinak Morciren eta Dorrioren dianak saihestu ditu, zortea zornotzarren aldean egon ez den egun batean.

Neurketa parekatuta eta intentsitate handiarekin hasi da. Bi taldeak saiatu arren, hasierako tartean ez da aukera aipagarririk izan. Gureak nagusi zirenean, 0-1ekoa iritsi da, akats kate baten ondorioz. Hala ere, urdinak berdinketaren bila joan dira. Lortzeko aukerarik argiena lehen zatiko azken uneetan sortu dute, geldikako ekintza batean. Dorriok Morcirentzat ukitu du eta zornotzarraren zartakoak zutoinaren kontra jo du.

Jandrok aulkia mugitu du atsedenaldian eta Jauregi zelairatu du erasoa indartzeko. Gureak gogor atera dira eta 50.ean berdinketa sinatzetik gertu egon dira, baina egurrak berriro zapuztu du. Oraingoan Morcik erdiratu du eta Dorriok langara bidali du errematea. Zoriak urdinei bizkarra ematen jarraitu du. Izan ere, Jauregi ordezkatu behar izan dute 58.ean, Kaikyren takoek hankan eragindako zauri garrantzitsu batekin.

Urdinek estutzen jarraitu dute eta berdinketaren saria lortu dute 66.ean. Nuñezek erdiraketa ikusgarria atera du eskuinetik eta eskuadratik sartu den Unzuetaren burukada itzelak 1-1ekoa sinatu du. Abadiñarraren lehen gola bere bigarren etapan SDAko jokalari gisa. Zornotzarrak ez dira konformatu, 74.ean bigarrena sartzetik gertu egon baitira Morciren barnekaldi on baten ondoren. Sibo eta Etxeitaren erremateek bisitarien zango-baso baten kontra jo dute. 82an, Morciren falta jaurtiketa gogorra Bernabek urrundu du. Azken unera arte garaipenaren golaren bila aritu dira urdinak, baina ezinezkoa izan da eta puntu batekin konformatu behar izan dute. Hurrengo hitzordua, datorren igandean La Romaredan Real Zaragozaren aurka.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Bustinza, Etxeita, Félix, Seguín (46’ Jauregi; 58’ Eraso), Sibo, Erik Morán (85’ Yriarte), Dorrio (89’ Edwards), Morci eta Unzueta.

ALBACETE BP: Bernabé, Djetei, Jonathan Silva, Agus Medina, Juanma (78’ Rai Marchan), Riki, Higinio (78’ Sashoua), Manu Fuster (58’ Quiles), Kaiky, Olaetxea eta Álvaro (33’ Carlos Isaac).

Golak: 0-1: Min. 31; Bustinza, bere atean. 1-1: Min. 66; Unzueta.

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horiak atera dizkie Seguín, Félix eta Etxeitari; eta Albaceteko Álvaro, Carlos Isaac, Olaetxea, Djetei eta Rai Marchan jokalariei.

Partekatu