SD Amorebieta

Urdinek laugarren garaipena jarraian lortu dute. Honek eskaintza berezia izan du. Aitor Larruzearentzako garaipena. Unio Esportiva Cornellak garesti saldu du porrota, partida hasierako 0-0ekoarekin iritsi baita azken txanpara. Hala ere, Iker Seguinek 83.ean eta Eneko Jauregik 86.ean egindako golek merezitako saria eman diote Haritz Mujikaren taldeari.

Neurketaren atarian, Aitor Larruzearen omenezko ekitaldi txiki bat egin da. Jon Larrea presidenteak eta Iker Seguin kapitainak lore-sortak eman dizkiete Aitorren senidei. Futbolariak kamiseta bereziekin atera dira, Aitorren izenarekin eta 10 zenbakiarekin, eta minutu bateko isilunea egin da, non Jou Gonzalez musikari zornotzarrak SDAren ereserkia jo du saxofoiarekin.

Partida oso parekatuta hasi da, ia berririk gabe bi areatan. Bi taldeak oso sendo agertu dira, atzean arrakalarik gabe. Aukerak ordu erditik aurrera hasi dira iristen. Dorriok eta Raycok bi abisu eman dituzte area ertzetik. Indartsu erantzun du Cornellak. Izan ere, Fullanak baloia langara bidali du 36.ean. Lehen zatiko azken saiakera Julen Jonek egin du, atezainak gelditu duen burukada baten bitartez.

Gureak gogotsu itzuli dira aldagelatik, bisitarien area inguratuz. Hala ere, aurkariak ondo defendatzen zuen eta ez zuen aukera argirik sortzen uzten. Haritz Mujikak energia berritu du aulkiko jokalariak sartuz. Horien artean, Pradera, aste batzuk kanpoan egon ondoren eskuan ebakuntza bat egiteagatik itzuli dena, eta Ryan Edwards debutaria. Seguin ere aulkitik atera da eta 1-0ekoa sartu du, area ertzean Praderari egindako falta bat aprobetxatuz. Kapitainaren jaurtiketak Anacker gainditu du 83. minutuan markagailua irekitzeko. Berehala iritsi da epaia. Jauregik Praderaren pasea aprobetxatu du atezainaren aurrean jarri eta 86.ean 2-0ekoa sinatzeko.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Antxon, Toni Herrero (74’ Seguín), Sibo, Yriarte, Dorrio (58’ Buján), Rayco (74’ Edwards), Julen Jon (58’ Pradera) eta Jauregi (87’ Iturraspe).

UE CORNELLÀ: Lucas Anacker, Gerard Martín, Andreu Hernández, Eliseo, Gil Muntadas (84’ Nahuel), Nana, Kike López (84’ Tavares), Carlos Blanco (61’ Folch), Redru, Fullana (84’ Alfred) eta Álex López (74’ Mamor). 

Golak: 1-0: Min. 83; Seguín. 2-0: Min. 86; Jauregi.

Epailea: Pozueta Rodríguez. Txartel horia atera dio Carlos Blanco bisitariari.

Compártelo