SD Amorebieta

Urdinek garaipen ikusgarri batekin agurtu dute 2022a. Izan ere, gureak CF Intercity taldeari irabazi dio Jorge Mierrek 89. minutuan sartutako golari esker. Gaurkoarekin, zortzi jardunaldi jarraian dira Haritz Mujikaren taldeak porrota ezagutu gabe pilatu dituenak. Horri Urritxen erakusten ari diren indarra gehitu behar zaio, zelai zornotzarrean ez baitute gol bakar bat ere jaso bertan jokatutako azken sei norgehiagoketan.

Lehen zatia benetan entretenigarria izan da ikuslearentzat, arrisku jokaldiak egon baitira zelaiaren bi aldeetan. Lehenengoa urdinek izan dute, gaur gorriz, hasi bezain laster. Izetaren jaurtiketak ez du atea aurkitu gutxigatik. Ondoren, Rayco izan da Manu Herrera atezainaren eskularruak burukada indartsu batekin berotu dituena. Intercityk ere lan egitera behartu du Magunagoitia, Etxanizen errematea eta Aaron Piñanen zartakoa erreflexuz aldaratuta. 20. minutuan, aukera hirukoitza gureentzat, baina Raycoren eta Jauregiren saiakerek aurkarien gorputzetan jo dute. Haritz Mujikaren taldeak golaren bila jarraitu du aldageletara joan den unera arte eta saria lortzear izan da Yriarte, baina Manu Herrerak hasierako markagailuari eutsi dio geldiketa on batekin atsdenaldira ailegatu aurretik.

Bigarren zatian biak atera dira berriro aurkariaren area bilatzen jarraitzeko asmoz, baina norgehiagokaren hasierako abagune bezain argiak sortzea lortu gabe. Zornotzarrak indartsuago aritu dira eta jokoa kontrako areatik gertuago egon da. Dena den, Intercity sendo egon da defentsa lanetan. Sibok golatzarra bilatu du area ertzetik eta Manu Herrera hegan egitera behartu du. Partida 0-0ekoarekin bukatuko zela zirudienean, Jorge Mierrek baloia jaso du area inguruan eta gol izugarria sartu du Urritxen eromena pizteko. Gauza ez da hor amaitu. Izan ere, bisitariek aukera on bat izan dute luzapenean. Zale zornotzarren lasaitasunerako, Xemiren jaurtiketak zutoinaren kontra jo du.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Murua, Etxeita, Seguín, Sibo, Yriarte, Izeta (79’ Víctor López), Rayco (72’ Dorrio), Jauregi eta Pradera (55’ Buján).

INTERCITY: Manu Herrera, Guillem (85’ Kecojevic), Undabarrena, Belloti (85’ Angong), Nsue, Pol Roige (46’ Soldevilla), Vadik, Álvaro, Cristo Romero (90’ Koffi), Etxaniz (72’ Xemi) eta Aarón Piñán.

Gola: 1-0: Min. 89; Jorge Mier. 

Epailea: Víctor Pérez Peraza. Txartel horiak atera dizkio SDAko Jorge Mier jokalariari; eta Pol Roige, Cristo Romero eta Undabarrena bisitariei. 

Compártelo