SD Amorebieta 0-2 CD Eldense: Porrota 2024ko Lezamako lehen partidan
Urdinek ezin izan dute punturik lortu gaur arratsaldean jokatu den LaLiga Hypermotioneko 23. jardunaldiko partidan, non Club Deportivo Eldensek 0-2 irabazi du Juanto Ortuñok hasierako minutuetan eta Mario Soberonek azken txanpan egindako golen bitartez.
Norgehiagoka ez da batere ondo hasi urdinentzat. Izan ere, Eldensek aurrea hartu du lehen txanpan Juanto Ortuñoren bitartez, zorigaitzez beteriko jokaldi azkar bat aprobetxatuz 0-1ekoa egiteko. Jokaldi polemikoa izan da, adierazi ez den jokoz kanpo batekin abiatu baita. Gureak erreakzionatzen saiatu dira, baina zulorik uzten ez zuen aurkari sendo eta ordenatu batekin topo egin dute. Erdiraketa bakoitza atzelari bisitari batek aldaratzen zuen. Erlojuak aurrera egiten zuen eta aukerak ez ziren ez alde batean ez bestean. Gauzak horrela, lehia 0-1eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia nobedade batekin hasi da, Jandrok Angel Troncho debutaria atera baitu. Hasieran, Mierrek eskuinkada ikaragarri batekin abisatu du eta gutxigatik joan da kanpora. Gureak baloiaren jabe ziren, baina ez zuten aukera garbirik sortzen. Korner batean iristear egon da berdinketa, baina atzelari batek atepean eragotzi du Etxeitaren gola. Soberonek area barruan egindako jaurtiketa batekin erantzun du, baina Pablok gelditu du.
66.ean neguko beste errefortzu bat sartu da berdegunera, Unzueta, erasoan gauza berrien bila. Bigarrenean, Soberonek ez du barkatu. 0-2ekoa lortu burukada on baten bitartez bukaerarako ordu laurden falta zenean. Hortik bukaerara arte, zornotzarrak partidari emozioa bueltatuko zion gola sartzen saiatu dira, baina ez ezin izan dute lortu eta puntu barik geratu dira.
SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Jorge Mier (81’ Quintero), Etxeita, Félix, Álvaro Núñez, Carbonell, Sibo (77’ Eraso), Dorrio (77’ Morci), Rayco (66’ Unzueta), Edwards (46’ Ángel Troncho) eta Jauregi.
CD ELDENSE: Aceves, Toni Abad, Dumic, Iñigo Piña, Sergio Ortuño, Juanto Ortuño (60’ Jorquera), Clemente (69’ Cris Montes), Chapela (60’ Soberón), Álex Bernal (81’ Doué), Marc Mateu eta Timor (69’ Pedro Capó).
Golak: 0-1: Min. 8; Juanto Ortuño. 0-2: Min. 75; Soberón.
Epailea: Moreno Aragón. Txartel horiak atera dizkie Sibo; eta Timor jokalariei.