SD Amorebieta 0-1 Utebo FC: Porrota Urritxen zorteak urdinei bizkarra eman dien partidan
SDAren porrota Urritxen zorteak urdinei bizkarra eman dien partidan. SDAk abagune onenak sortu ditu neurketaren hasieran, baina Uteboko atezainaren geldiketa onekin egin du topo. Lehiak berdinduta eta abagune argirik gabe jarraitu du, Aragoiko taldeak erreboteari esker arratsaldeko gol bakarra sartu duen arte bukatzeko 15 minuturen faltan.
Urdinek baja askorekin ekin diote partidari: Entrecanales, Fausto Tienza eta Hodei Rodriguez zigortuta, Ceballos lesionatuta eta Zango gaixorik. Hala ere, zornotzarrak ondo sartu dira norgehiagokara aurkariaren atea behin eta berriz bilatuz. Rekak eman du lehen abisua Chanzak gelditu duen jaurtiketa batekin. Segundo batzuk geroago, Zorrillari 1-0ekoa ukatu dio jaurtiketa gurutzatu baten ostean. Urritxek gola kantatzen zuen. 15. minutuan, atezain bisitariak beste geldiketa bikain bat egin du Zorrillaren saiakera berri batean. Aldaratzea Torrikok harrapatu du eta baloia sare barrura bidali du, baina jokoz kanpo adierazi diote.
Urdinen hasiera bortitzak ez du saririk lortu gol moduan eta indarrak orekatuz joan dira lehen zatia aurrera egin ahala, berdinduta eta arrisku handirik gabe jarraitu baitu. Horrela, 0-0ekoarekin iritsi da atsedenaldia. Bigarren zatia lehena amaitu den bezala abiatu da. Berdintasuna berdegunean eta aukera argirik gabe. Baina SDAri falta izan zaion zortea Utebok izan du amaieratik ordu laurdenera 0-1ekoa egiteko. Diego Suarezek area ertzetik egindako jaurtiketa bat jokalari urdin bat ukitzean desbideratu da eta baloiak ate barruan amaitu du. Hortik norgehiagokaren amaierara, urdinek ez diote borrokari utzi, baina ez dute aurkaria gainditzeko modurik aurkitu.
SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti (85’ Lulu), Odei, Castañeda, Elías, Arratibel, Ituarte, Reka (72’ Etxaniz), Arzalluz (85’ Asier Sánchez), Zorrilla eta Torrico.
UTEBO FC: Chanza, Meseguer, Jorge Adán, Alberca, Marín, Diego Suárez, Sanchís, Pedrosa (72’ Beitia), Álex Aguado (89’ Álex), Juan Delgado (89’ Rivera) eta Mendinueta.
Gola: 0-1: Min. 76; Diego Suárez.
Epailea: Roberto Carralero. Txartel horiak: Torrico, Arratibel eta Intxausti SDAren aldetik; eta Alberca bisitaria.