SD Amorebieta 0-1 UD Mutilvera: Aukera ugari sortu arren, urdinek porrotarekin agurtu dute urtea
Urdinek ezin izan dute punturik lortu 2025eko azken partidan. Union Deportiva Mutilverak 0-1 irabazi du, nahiz eta ia partida osoa bat gutxiagorekin jokatu duen. Gureek aukera argi ugari sortu dituzte, baina ezin izan dute golik sartu ondo defendatu den aurkari baten kontra eta geldiketa bikainak egin dituen atezain baten aurka.
Talde bisitaria bat gutxiagorekin geratu da 7. minutuan, Mikel Ojer atezaina berandu iritsi denean Zorrillarekin banatutako baloi batera eta area ertzean lurrera bota duenean. Epaileak txartel gorri zuzena erakutsi dio. Eliasek gurutzatuta atera den jaurtiketa batekin eta Zorrillak Angel Fragak desbideratu duen jaurtiketa gogor batekin gola bilatu dute, baina ez dute lortu. Hodei Rodriguezek izan du argiago 26. minutuan, baina errematea langa gainetik joan zaio. Mutilverak bai asmatu du 28. minutuan lehen zatian izan duen abagune bakarrean. Goikoetxeak egindako jaurtiketa Entrecanalesen gorputzean ukitu du eta 0-1ekoa heldu da. Gola jaso ondoren, gureek aukerak sortzen jarraitu dute. Urritxek 34.ean berdinketa ospatzeko zorian egon da Mendiberen burukada baten ostean, baina atezainak geldiketa ikusgarria egin du. Zorrillak eta Eliasek ere arriskuz egin dute tiro, baina ez zegoen modurik sarea aurkitzeko. Fausto Tienzaren jaurtiketa zutoinetik gertu atera da. Luzapenean, Etxanizen bi burukada kanpora joan dira gutxigatik.
Aldageletatik igaro ostean, urdinek aurkariaren area inguruan ekin diote bigarren zatiari, baina orain Mutilverak zulo gutxiago uzten zituen. 56.ean luzatu egin da talde nafarra, Altamira geldiketa ona egitera behartuz. Aurkarien talde osoa area barruan sartuta, zaila zen harresia gainditzea. Saiakera urdin ugariek aurkarien gorputzetan jotzen zuten. Lulu, Odei, Arzalluz eta beste hainbat jokalarik jaurtiketa gogorrak egin dituzte eta aurkarien hankekin topo egin dute. Gauza bera gertatu zaio Fausto Tienzaren tiro indartsuari. 83. minutuan, Fragak geldiketa izugarria egin du Rekaren burukada bat gelditzeko Castañedaren erdiraketaren ondoren. 85.ean beste geldiketa ona egin du Intxaustiren gola saihesteko. Urdinek Mutilveraren area barruan bukatu dute partida, baina ez da gola aurkitzeko modurik egon.
SD AMOREBIETA: Altamira, Mendibe (78’ Intxausti), Odei, Entrecanales, Elías (68’ Castañeda), Arratibel (54’ Torrico), Fausto Tienza, Hodei Rodríguez (54’ Lulu), Arzalluz, Zorrilla (68’ Reka) eta Etxaniz.
UD MUTILVERA: Mikel Ojer, Pablo Grande, Iñigo Morte, Hugo Terés, Sergio Banzo (9’ Ángel Fraga), Iñaki Telletxea (78’ Asier Arocena), Xabier Goikoetxea (65’ Xabier Roldán), Daniel Bujanda (46’ Tiago Galhardo), Adrián Roncal, Urko Ardanaz (78’ Xabier Goñi) eta Javier Lizarraga.
Gola: 0-1: Min. 28; Goikoetxea.
Epailea: Diego Sarabia. Txartel gorria atera dio Mikel Ojer atezain bisitariari 7. minutuan. Txartel horiak: Arratibel eta Arocena.