SD Amorebieta

Urdinek txapelketako bigarren porrota jaso dute Lezaman, non Sociedad Deportiva Huescak garaipena lortu du LALIGA Hypermotioneko 14. jardunaldiko lehian. Etengabeko euripean jokatutako partida honetan, xehetasunek berriro ere min egin diote Haritz Mujikaren taldeari. Partidako gol bakarra penaltiz heldu da eta, gainera, gureak bat gutxiagorekin geratu dira une honetan, bukatzeko ordu erdi geratzen zenean. 

Gureak ondo sartu dira neurketara, kontzentratuta eta gogotsu, aurkariaren atearen bila. Hala ere, defentsa lanetan sendo aritu den Huesca batekin topo egin dute. Horrela, erlojuak aurrera egin du aipatzeko moduko aukerarik gabe. Avilesek probatu du areaz kanpotik, baina bere saiakerak ez du aterik aurkitu. Urdinak nagusi ziren, baina atsedenaldia baino lehen, zorigaitzez betetako jokaldi batean, Huescak gola sartu du. Hala ere, ez da markagailura igo, De La Fuente Ramos epaileak VAR sistemaren abisua jaso ostean Obengek Erik Morani egindako falta argi bat adierazi duelako. Gauzak horrela, lehia hasierako 0-0eko markagailuarekin heldu da atsedenaldira. 

Aldageletatik igarotzeak ez du gidoia gehiegi aldatu. Zornotzarrek aurkariaren ingurura hurbiltzen jarraitu dute, baina ez dute aukera argirik izan. Edwards eta Aviles saiatu dira, asmatu ezinik. Huesca luzatu egin da pixkanaka pixkanaka. Obengen burukada kanpora joan da gutxigatik eta Javi Martinezen jaurtiketa indartsua kornerrean amaitu da. Sakean, Pulidok buruz errematatu du baloia eta Seguinek atepean gola eragotzi du eskuarekin. Penaltia eta txartel gorria. Obengek ez du barkatu hamaika metroetatik. 

Segituan, Aragoiko taldeak abanataila handitzeko abagunea izan du Javi Mierren bitartez, baina Pablok ondo sartu du eskularrua ekiditzeko. 72an, atezainak berriro lan egin behar izan du Gerard Valentinen jaurtiketa gelditzeko. Urdinek amaierara arte borrokatu dute. Manu Hernando aurrelari gisa jarri da eta gureek erdiraketa ugari bidali dituzte areara, baina ezin izan dute aurkariaren horma bota.

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Félix, Seguín, Sibo, Erik Morán, Dorrio (88’ Carbonell), Avilés (74’ Da Graca), Edwards (64’ Morci) eta Eraso (64’ Gayà).

SD HUESCA: Álvaro Fernández, Rubén Pulido (16’ Blasco), Loureiro, Javi Mier (74’ Vilarrasa), Gerard Valentín (74’ Hugo Vallejo), Javi Martínez, Kento, Joaquín (81’ Kortajarena), Juanjo Nieto (81’ Iván Martos), Jorge Pulido eta Obeng.

Gola: 0-1: Min. 59; Obeng, penaltiz.

Epailea: De La Fuente Ramos. Seguín kaleratu du 58. minutuan. Txartel horiak atera dizkie SDAko Avilés, Dorrio eta Gayà jokalariei eta Obeng eta Nieto bisitariei. 

Partekatu