SD Amorebieta 0-0 Real Oviedo: Defentsak erasoei gailendu zaizkie
Urdinek golik gabe berdindu dute Lezamara une gozoan heldu den Real Oviedoren aurka, LaLiga Hypermotioneko 12. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren mutilek bat gutxiagorekin aurre egin diote azken 20 minutuei Carbonellek bi txartel hori ikusi dituelako, baina gaurkoan bertsio ona erakutsi dute atzealdean atea hutsean mantentzeko eta puntu berri bat lortzeko.
Neurketa parekatua hasi da, ia berririk gabe bi areatan. Lehen abisua talde bisitariak eman du, lehen ordu laurdena gaindituta. Campos luzatu egin da Moyanoren jaurtiketa gelditzeko eta aldaratzea Borja Bastonek harrapatu du, baina gehiegi gurutzatu du. Gureek berehala erantzun dute Raycoren falta jaurtiketa batekin, oso gutxigatik kanpora joan dena. Bi taldeak aurkariari min egiten saiatu dira, baina defentsak nagusitu dira. Intentsitatea protagonista zen berdegunean, baina azken metroetan argitasuna falta zen eta aukerak urriak ziren. Horrela, atsedenaldia hasierako markagailuarekin iritsi da.
Zornotzarrak indartsu bueltatu dira aldagelatik eta Dorrio gola egitetik gertu egon da bigarren zatia hasi bezain laster sareraren albo batera joan den zartako baten bidez. 53an beste aukera ona sortu dute gureek. Raycok bukatu du langa gainetik atera den jaurtiketa batekin. Etxeita ere gola sartzetik gertu egon da korner baten ostean, baina oraingoan ere ez da zorterik izan.
73. minutuan, Carbonellek bigarren txartel horia ikusi du aurkariaren zelaian egindako falta baten ondorioz, eta urdinek bat gutxiagorekin jokatu behar izan dute norgehiagokaren azken txanpa. Hala ere, gureek abaguneak sortzen jarraitu dute. Adibidez, Quinterok 83an izan duena ekintza polit baten ostean, baina jaurtiketa ez du aterik aurkitu. Bat gehiagorekin, Oviedok garaipena bilatu du azkenengo minutuetan. Dena den, urdinak sendo aritu dira defentsa lanetan eta atea hutsean mantentzea lortu dute.
SD AMOREBIETA: P. Campos, Álvaro Núñez, Gayà (61’ Manu Hernando), Etxeita, Lasure, Sibo, Carbonell, Dorrio (77’ Erik Morán), Rayco (72’ Quintero), Da Graca (77’ Avilés) eta Jauregi (72’ Edwards).
REAL OVIEDO: Leo Román, David Costas, Luismi (46’ Jimmy), Viti, Borja Bastón, Colombatto (71’ Sesé), Dani Calvo, Luengo (60’ Camarasa), Seoane (71’ Cazorla), Sebas Moyano eta Abel Bretones.
Epailea: Guzmán Mansilla. Carbonell kaleratu du 73. minutuan. Gainera, SDAko Jauregi; eta Oviedoko Abel Bretones, Luengo, Camarasa eta Cazorla jokalariek txartel horia ikusi dute.