SD Amorebieta 0-0 FC Barcelona Atlètic: Amorebieta sendo eta ausart batek berdinketa sinatu du Barçaren filialaren aurka
Urdinek golik gabe berdindu dute gaur Urritxen FC Bartzelonaren filialaren aurka jokatu duten Lehen Federazioko 4. jardunaldiko partidan. Haritz Mujikaren mutilak sendo eta ausart egon dira, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute porteria hutsean uztea lortu duten lehen norgehiagokan. Hurrengo neurketa datorren igandean izango da, Nàstic de Tarragonaren zelaian.
Talde katalana nagusi izan da hasierako minutuetan eta abagune ona izan du 5ean, baina Marinok Robertoren gola eragotzi du gelditu bikaina eginda. Gureek aurkariaren hasiera bortitzari aurre egin diote eta apurka-apurka tarteak aurkitu dituzte erasora joateko. Bisitarien akats bat aprobetxatzeko zorian egon da Jauregi ordu erdia gaindituta, baina aurrelari urdinak ez du jaurtiketa konektatzea lortu defentsaren presioaren aurrean. Haritz Mujikaren taldeak beste aukera argi bat izan du atsedenaldia baino lehen. Dorrio azkar sartu da eskuineko hegaletik eta bigarren zutoinera erdiraketa bat atera du Jauregiren errematerako, baina baloia kanpora joan da gutxigatik.
Atsedenaldiaren ostean, urdinek lehen zatiko azken txanpako maila onari eutsi diote. Aurkariaren zelaian jokatu dute golaren bila, hasieratik bukaerara arte taldea babestu duten zaleen laguntzarekin. Gureek Xikerri egindako penaltia eskatu dute 60an, baina epaileak ez du horrela ulertu. Iturraspe gertu egon da duela bi aste gertatutakoa errepikatzeko. Izan ere, aulkitik sartu bezain laster aukera bat izan du Raycok botatako korner batean, baina burukada Arnau Tenasen eskuetara joan da.
Zornotzarrek ez dituzte besoak jaitsi eta Urritxe gola kantatzeko zorian egon da 85. minutuan, Seguinek botatako korner batean. Etxeitak buruz errematatu du eta zalaparta sortu da area barruan. Yriartek baloia aterantz desbideratzea lortu du, baina atezainaren eta atzelari baten artean marra zeharkatzea saihestu dute. Bisitariek Akhomachen jaurtiketa batekin erantzun dute eta Marinok hegan egin behar izan du azken 0-0ekoa lotzeko.
SD AMOREBIETA: Marino, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Xiker (85’ Etxeita), Toni Herrero, Sibo, Cantón (60’ Iturraspe), Dorrio, Rayco (76’ Seguin), Izeta (76’ Yriarte) eta Jauregi (85’ Pradera).
FC BARCELONA ATLÈTIC: Arnau Tenas, Cadi Riad, Casadó (65’ Álvaro Sanz), Roberto (83’ Demir), Núñez, Juanda (65’ Barberá), Txus Alba (83’ Fabio), Carbonell, Pelayo, Álex Valle eta Akhomach.
Epailea: Miguel González Díaz. Txartel horiak atera dizkie SDAko Cantón eta Izetari; eta Juanda eta Akhomach bisitariei.