SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute garaipena lortu gaur Lezaman jokatu den SmartBank Ligako 32. jardunaldiko partidan, AD Alcorconen aurka. Bi taldeak puntu premiarekin iritsi dira neurketara jaitsiera postuetatik irteteko lehian, baina golik gabe bukatu da eta biek puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute.

Partida bizia abiatu da eta bi aldeetan egon dira abisuak hasierako minutuetan. Lehenengoa Madrilgo taldearen izan da falta jaurtiketa batekin, baina Santamariak geldiketa ederra egin du. Gureak goletik gertu izan dira 7an. Javi Rosek Guruzetari pase ona eman dio eta aurrelariaren tiroa Jesus atezainak harrapatu du. Bisitariak zorrotzago aritu dira lehen 20 minutuetan, ate zornotzarraren inguruan, baina aukera argiegirik gabe. Urdinak hobetzen joan dira eta 32an markagailua estreinatzeko zorian egon dira. Javi Rosek maisuki jaurti du falta bat eta Irazabalek atezaina lan egitera behartu du burukada on batekin. Bi minutu geroago, Moreno izan da gola bilatu duena, baina bere erremateak atzelari baten gorputzean jo du. Jesusen eskuetan amaitu duen Larraren erdiraketa bat lehen ataleko azken abagunea izan da.

Bigarren zatia bi areatan albiste nabarmenik gabe hasi da bere lehen ordu laurdenean. 60. minutuan, talde bisitariak baloia ate barrura bidali du Zarfinoren bitartez, baina gola baliorik gabe geratu da jokoz kanpo zegoelako. Zornotzarrek Guruzetaren aukera bikain batekin erantzun dute, baina Calerok 1-0ekoa eragotzi du atepean. Gure jokalariek penaltia eskatu dute Larraren zartako baten ondoren baloiak aurkari baten eskuan jo duela ulertuta, baina epaileak jokoa jarraitzeko agindu du. Norgehiagokak erritmoa galdu du. Urdinek baloia mugitzen zuten min egiteko zuloen bila, baina ez zituzten aurkitzen. Alcorcon kontraerasoan jotzen saiatzen zen, arrakasta barik. Mujikaren mutilak gora joan dira golaren bila azken txanpan. Álvaro Peña eta Irazabalen saiakerak langetaren gainetik joan dira. Luzapenean, Amorek partidako abagune onenetako bat izan du, baina Orozkoren jaurtiketa gora joan da.

AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Markel Lozano, Nolaskoain, Irazabal, Andoni López (46’ Seguín), San José, Javi Ros (60’ Olaetxea), Iker Bilbao (82’ Álvaro Peña), Guruzeta (77’ Orozko) eta Moreno (60’ Unzueta).

ALCORCÓN: Jesús, V. García, O. Rivas, David Fernández, Fornies (54’ Valencia), Olabe, Zarfino (86’ Gorosito), Calero, Mula (68’ Arribas), Emmanuel (68’ Xisco) eta Borja Valle.

Epailea: Rafael Sánchez López (Murtzia). Txartel gorria atera dio Alcorconeko Hugo Fraile jokalariari, ordezkoen aulkian zegoenean, 41. minutuan. Txartel horiak atera dizkie SDAko Larrari; eta Fornies eta Borja Valle bisitariei.

Compártelo