Real Valladolid 5-1 SD Amorebieta: Porrot gogorra Valladoliden
Urdinek bigarren porrota jarraian jaso dute LaLiga SmartBanken, Real Valladoliden José Zorrilla zelaira egindako bisitan txapelketako 29. jardunaldiko partidan. Neurketa oso goiz jarri zaie maldan gora Iñigo Vélez de Mendizabalen mutilei, bi gol jaso baitituzte lehen 20 minutuetan. Hala eta guztiz ere, erreakzionatzeko eta norgehiagokari emozioa itzultzeko gai izan dira Guruzetaren gol ikusgarri batekin bigarren zatiaren hasieran, baina Valladolideko taldeak punteria itzela erakutsi du eta garaipena lotu du.
Valladolid, igotzeko lehian dagoen taldea, hobeto sartu da norgehiagokara eta berehala zulatu du zornotzarren atea. Nachok lortu du 10. minutuan, baina gola ez da markagailura igo jokoz kanpo zegoelako. Bai egin du lehen ordu laurdena bete baino lehen Weissmanen golak. Aurrelari israeldarrak 1-0ekoa ezarri du etxekoen jokaldi on bat bukatu ostean. Pachetarenak gehiagoren bila joan dira eta Sergio Leonek 2-0ekoa sartu du burukada indartsu batekin 20. minutuan. Iker Bilbao berehala saiatu da erantzuten, area ertzetik egindako jaurtiketa batekin, baina baloia kanpora joan da eskuadratik gertu. Urdinak hirugarrena jasotzeko zorian egon dira ordu erdira iritsi aurretik, zutoinak Oscar Planoren saiakera urrundu duenean. Zornotzarrak aldea murriztetik hurbil egon dira atsedenaldira heldu baino lehen, baina Olaetxearen jaurtiketak ez du atea aurkitu eta El Yamiq atzelariaren erremate batek, Larraren erdiraketa bat aldaratzen saiatzean, Masipek gelditu du.
Zornotzarrak gogotsu itzuli dira aldagelatik. Horren erakusgarri, bigarren zatiko lehen hiru minutuetan Larrak, Óscar Gilek eta Obik burutu dituzten hiru erremateak. Saria 54. minutuan iritsi da, Guruzetak area ertzetik sartutako gol izugarri bati esker. 2-1ekoaren ostean, urdinek nagusi izaten jarraitu dute, aurkariaren area inguruan biziz. Hala ere, Segio Leonen zartako batek bi goleko errenta eman dio berriro Valladolidi norgehiagokaren lehen ordua gainditu ondoren. Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek ez dute amore eman eta partidan berriz sartzen saiatu dira. Pucelak, berriz, kontraerasoan arriskua sortzeko aprobetxatu ditu espazioak. Etxeko taldearen trantsizio azkar horietako batean, Santamariak Weissmanen gola saihestu du, baina ezin izan du ezer egin Sergio Leonen hat-tricka zapuzteko 71. minutuan. Neurketa epaituta zegoela, Anuarrek behin betiko 5-1ekoa ezarri du azken txanpan. Partidako albisterik onena Irazabalen eta Mikel San Joseren itzulera izan da, lesioengatik aste ugari zeramatzaten eta jokatu barik.
VALLADOLID: Masip, Luis Pérez, Javi Sánchez, El Yamiq, Nacho, Aguado (65’ Monchu), Roque Mesa (76’ Anuar), Óscar Plano (65’ Morci), Toni Villa (52’ Plata), Sergio León (76’ Cristo) eta Weissman.
AMOREBIETA: Santamaría, Larra, Óscar Gil, Nolaskoain, Irazabal, Andoni López, Markel Lozano (60’ Javi Ros), Iker Bilbao (74’ San José), Olaetxea (74’ Etxaburu), Obi (65’ Unzueta) eta Guruzeta (74’ Moreno).
Golak: 1-0: Min. 14; Weissman. 2-0: Min. 20; Sergio León. 2-1: Min. 54; Guruzeta. 3-1: Min. 61; Sergio León. 4-1: Min. 71; Sergio León. 5-1: Min. 87; Anuar.
Árbitro: Iosu Galech Apeztegia (Nafarroa). Txartel horiak atera dizkie Valladolideko Óscar Plano, Roque Mesa eta Javi Sánchez jokalariei; eta SDA-ko Markel Lozanori.