Real Unión Club 3-3 SD Amorebieta: Berdinketa txapeldunaren zelaian partida bukaera on bati esker
Urdinek meritu handiko berdinketa lortu dute Real Unioni egindako bisitan, dagoeneko sailkapeneko lehen postua eta Lehen Federaziorako igoera ziurtatu dituen taldea. Abagune ugariko lehia batean, gureek puntu bat berreskuratu dute azken txanpan aulkitik atera diren Torrico eta Etxanizen golekin. Azken honen golak 88. eta 95. minutuetan heldu dira.
Real Unionek bi minutu baino gutxiago behar izan ditu multzoko talderik onena zergatik izan den erakusteko. Jokaldi on baten ondoren, Soroetak Zango gainditu du buruz burukoan 1-0ekoa ezarriz. SDAko atezainak handik gutxira saihestu du bigarrena oin salbatzaile batekin. Minutuak aurrera joan ahala, urdinek metroak aurreraratzea lortu dute eta, lehen zatiaren erdialdean, goletik gertu egon dira, batez ere Zorrillaren bitartez. 19ak errematea area txikian lotu du 27. minutuan Eliasen erdiraketa ona aprobetxatuz, baina baloia kanpora joan da gutxigatik. Aurrelariak beste aukera ona izan du aurkariaren area inguruan baloia berreskuratu ostean. Bere tiroak ez du aterik aurkitu. Irungo taldeak Soroetaren jaurtiketa indartsu batekin erantzun du, Zangoren eskularruarekin topo egin duena. Gureek ere geldikako ekintzekin arriskua sortu dute, atsedenaldiaren aurreko azkenjokaldian bezala, non Arratibelen burukada kanpora joan da Asier Sanchezen erdiraketaren ostean.
Aitor Zulaikak Torricori sarrera eman dio bigarren zatiaren hasieran eta aurrelari gernikarrak 1-1ekoa sinatu du 58an. Eliasen erdiraketa baten ostean 20ak egindako lehen errematea Tena urdin ohiak gelditu du, baina baloia solte geratu da area txikian eta Torrikok ez du barkatu. Zorrilla 1-2koa sartzear izan da bi minutu geroago area ertzetik egindako jaurtiketa baten bidez. Tena kornerrera bidali du. Zorrilla bera lurrera bota dute handik gutxira area barruan. Penaltia zirudien, baina epaileak ez du horrela ikusi.
Arratsaldeko beste protagonista nagusietako bat Soroeta izan da, etxekoen hiru golak sartu ditu eta. Bigarrena erremate on batekin sartu du 62an eta hat-tricka 77an sinatu du. Zangok geldiketa bikaina egin du une bat lehenago, baina ezin izan du 3-1ekoa saihestu. Bi taldeek izan dituzte aukerak azken txanpan. Urdinen aldetik, Lulu eta Reka goletik gertu egon dira, baina euren jaurtiketak kanpora joan dira. Etxanizek bai asmatu du eta Tena gainditu du buruz burukoan, Rekak pasea eman ostean. 88. minutua zen. Urdinek buru-belarri jarraitu dute berdinketaren bila eta saria ia azken jokaldian lortu dute. Luluk eskuinetik erdiratu du, Ituartek pasatzen utzi du eta Etxanizek 3-3koa egin du 95.ean.
REAL UNIÓN: Tena, Louakima (64’ Fontán), Fernández, Carrillo, Labaka (64’ Mateo), Sangalli, Arruti (68’ Miguelez), Gaubeka (80’ Señorans), Tellechea, Soroeta eta Iradi (64’ Unai García).
SD AMOREBIETA: Zango, Ceballos, Odei, Mendibe (68’ Castañeda), Elías, Arratibel, Ituarte, Hodei Rodríguez (46’ Torrico), Asier Sánchez (68’ Lulu), Mikel Arzalluz (84’ Reka) eta Zorrilla (74’ Etxaniz).
Golak: 1-0: Min. 2; Soroeta. 1-1: Min. 58; Torrico. 2-1: Min. 62; Soroeta. 3-1: Min. 77; Soroeta. 3-2: Min. 88; Etxaniz. 3-3: Min. 95; Etxaniz.
Epailea: Luis Fernando Alonso. Txartel horiak Fernández eta Tellechea etxeko jokalariei.