SD Amorebieta

Urdinek ezin izan dute punturik lortu Real Unionen zelaian. Gure taldea abantailarekin joan da atsedenaldira (2-3) Jauregiren hat-trickari esker, baina etxeko taldeak markagailua irauli du bigarren zatian penaltiz sartutako beste bi golei esker.

Haritz Mujikarenak oso indartsu atera dira. Izan ere, lehen ordu laurdenean dozena erdi aukera garbi sortu dituzte. Bi sartu dira. Lehenengoa, lehen minutua bete baino lehen. Izetak baloia hartu du eta pase sakon bat sartu du Jauregiren lasterketarako. Honek ez du barkatu buruz burukoan. Bigarrenak ere Jauregiren zigilua eraman du. Oraingoan, zartako gogor batekin lortu du, area kanpotik.

Izetak bere botetan izan du 0-3koa Dorrioren pase on baten ondoren, baina errematea kanpora joan zaio gutxigatik. Une hartan, Stadium Galeko inork ezin zuen imajinatu zer gertatuko zen handik gutxira. 19.ean, Nachoren jaurtiketa batek Magunagoitia ezustean harrapatu du, baloiak bere ibilbidea Iturrasperen hankan urratuta desbideratu ostean. Hiru minutu geroago, Aramburuk korner batean egindako burukada 2-2koa izan da. Ordu erdian, hirugarrena egiteko zorian izan da Real Union, baina Magunagoitiak geldiketa ikusgarria burutu du.

Urdinak golaren bila abiatu dira berriro lehen zatiaren azken txanpan. Gertu egon da Iturraspe 41.ean Raycok erdiratu eta gero, baina bere burukadak Irazustaren geldiketarekin egin du topo. Atsedenaldia baino lehenagoko azken jokaldian, 2-3koa heldu da. Kornerra Seguinek atera du, Juan Rodriguezek bigarren zutoinean jo du eta Jauregi toki zehatzean agertu da hat-tricka sinatzeko.

Bigarren zatia abagune aipagarririk gabe hasi da, baina epaileak Real Unionen aldeko penaltia adierazi du 60ean eta Nachok berdinketa ezarri du berriro 11 metroetatik. Urdinak berriz markagailuan aurretik jartzeko zorian izan dira Raycoren bitartez, baina area ertzetik egindako jaurtiketak langaren aurka jo du. Jarraian, epaileak Irungo taldearen aldeko beste penalti bat adierazi du. Nachok, berriz ere, 4-3koa egiteko ardura hartu du. Bukaerara arte, zornotzarrek zerbait positibo ateratzen saiatu dira, baina ez da posible izan. 

REAL UNIÓN: Irazusta, Montoro, Iván Pérez, Beobide, Aitor Seguín (87’ Antxon Jaso), Jon Ander Pérez (87’ Gagua), Oyarzun (59’ Carlos Bravo), Parada, Aramburu, Nacho eta Agirre (77’ Luque).

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Etxeita, Seguín, Sibo (72’ Buján), Iturraspe (61’ Cantón), Dorrio (83’ Víctor López), Izeta (72’ Albisua), Rayco eta Jauregi (83’ Pradera).

Golak: 0-1: Min. 1; Jauregi. 0-2: Min. 15; Jauregi. 1-2: Min. 19; Nacho. 2-2: Min. 22; Aramburu. 2-3: Min. 45; Jauregi. 3-3: Min. 62; Nacho, penaltiz. 4-3: Min. 75; Nacho, penaltiz. 

Epailea: Alberto Fuente Martín. Txartel horiak atera dizkie Real Unioneko Agirre, Nacho, Iván Pérez eta Aramburu jokalariei; eta SDAko Sibo eta Magunagoitiari.

Partekatu