SD Amorebieta

Urdinek garaipen berri bat lortu dute gaur, hirugarrena jarraian, Sanseri egindako bisita zailean. Lehen Federazioko 32. jardunaldiko derbi parekatu batean, Haritz Mujikaren mutilak 0-1 gailendu dira Julen Jon Guerrerok 75. minutuan sartutako gol bikainari esker. Ahalegin ikusgarria egin dute gureek 3 puntu lortzeko eta lidergoa eskuratzeko lehian jarraitzeko.

Norgehiagoka aukera nabarmenik gabe hasi da. Sansek presarik gabe mugitzen zuen baloia. Gureak ordenatua eta sendoak zeuden. Gauzak horrela, hasierako tarteko gauzarik aipagarriena lesioak izan dira. Izan ere, Iker Seguin kapitainak zelaia utzi behar izan du partida hasi eta ordu laurdenera, Toni Herrerori lekua utziz berdegunean. Etxekoen aldetik ere aldaketa bat egon da 22an: Azkune Magunazelaiaren ordez.

Sanseren hainbat hurbilketaren ostean, urdinak aurrea hartzear izan dira 36. minutuan, derbiko lehen aukera argian. Dorriok pasea sartu dio Edwardsi eta erdilari australiarrak Marrero atezainaren geldiketa onarekin topo egin du. Donostiako taldeak ere aukera itzela izan du atsedenaldia baino lehen, baina Magunagoitiak erantzun bikaina eman dio Martonen erremateari 0-0ekoa eusteko.

Haritz Mujikaren taldea indartsu itzuli da aldagelatik eta 0-1ekoa bilatu du Jauregi eta Edwardsen bi jaurtiketa gogorrekin, baina ez dute atea aurkitu. Sansek erantzun du, baina Magunagoitiaren eskularruekin topo egin du berriro. Gureek aukera argia izan dute 71. minutuan Praderaren bitartez. Bere tiroa Marrerok oinarekin desbideratu du. Handik gutxira errepikatu da. Oraingoan atezainak hegan egin du Praderaren burukada gelditzeko.

Merezitako saria 75.ean iritsi da, Julen Jonek area kanpotik ezkerkada ikusgarria atera duenean 0-1ekoa lortzeko. Hortik aurrera, Sanse gora joan da berdinketaren bila, baina urdinek sendotasunaren eta talde-lanaren erakustaldi berri bat eman dute beste garaipen bat lotzeko.

REAL SOCIEDAD B: Marrero, Gabilondo (79’ Dadie), Gómez (79’ Kortajarena), Arambarri, González de Zarate, Magunazelaia (22’ Azkune; 79’ Teijeira), Olasagasti, Martón, Cantero, Gorrotxategi eta Marín (68’ Ander Martín). 

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Etxeita, Juan Rodríguez, Seguín (18’ Toni Herrero), Yriarte, Sibo, Edwards (68’ Pradera), Dorrio (68’ Julen Jon), Rayco (82’ Iturraspe) eta Jauregi (82’ Buján). 

Gola: 0-1: Min. 75; Julen Jon.

Epailea: Imanol Irurtzun.

Compártelo