SD Amorebieta

Urdinek golik gabeko meritu handiko berdinketa batekin estreinatu dute 2023a Real Murciaren aurka, 18. jardunaldia sailkapeneko hirugarren postuan hasi duen taldea. Honekin, bederatzi liga partida jarraian pilatu dituzte gureek porrotik jaso barik. Beste behin, atzean sendo egon dira eta atea hutsean uztea lortu dute berriro. Neurketako lehen orduan, aukera onenak zornotzarrek izan dituzte. Azken txanpan, ordea, etxeko taldea izan da gola egitetik gertuen egon dena, baina Magunagoitia inspiratu batekin egin du topo.

Haritz Mujikaren mutilak ondo sartu dira norgehiagokara, konplexurik gabe Enrique Roca zelai ikaragarrian. Bi hegaletatik egindako erasoen ondorioz, korner ugari sortu dituzte neurketaren hasieran. Horietako batean, Raycoren burukada indartsua erdiratuegia atera da. Real Murciak segituan erantzun du Pedro Leonen jokaldi on baten bidez, baina zornotzarrak sendo egon dira aukera aipagarririk ez emateko. Izan ere, lehen zatiko abagunerik argiena urdinek izan dute 23. minutuan. Seguinek erdiraketa zehatza egin du arearen bihotzera eta Jauregiren errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Atsedenaldira arte, jokoak ez du jaberik izan eta arean egon diren abisuak ez dira nahikoak izan hasierako 0-0ekoa aldatzeko.

Bigarren zatia hasi bezain laster 0-1ekoa iristear egon da Dorrioren bitartez, taldeko jokaldi bikain baten ostean, baina aurkari batek baloia atepetik atera du. Etxekoak ere markagailua inauguratzetik gertu egon dira partidaren ordua gainditu bezain laster, Loren Buronen jaurtiketa batek zutoina jo baitu. Haritz Mujika aulkia mugitzen hasi da 65. minutuan, Ewanen debuta gertatu denean. Murtziak beste bi aukera on izan ditu 70.ean eta 73.ean, baina ezin izan du Magunagoitia gainditu. Bukaerara arte, bi taldeak sendo egon dira defentsa lanetan eta norgehiagoka hasi den bezala amaitu da, 0-0eko markagailuarekin. 

REAL MURCIA: Joao Costa, A. González, Santi Jara (60’ Loren Burón), Pablo Ganet (75’ Armando), Arnau Solá, Pedro León (75’ Carrasco), Julio Gracia, Dani Vega (85’ Zeidane), Iñigo Piña, Javi Rueda eta Galindo.

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Víctor López (79’ Juan Rodríguez), Murua, Etxeita, Seguín, Yriarte (65’ Iturraspe), Sibo, Dorrio (65’ Ewan), Rayco, Izeta (79’ Buján) eta Jauregi (85’ Cantón).

Epailea: Pablo Morales Moreno. Txartel horiak atera dizkie Loren; Víctor López eta Murua jokalariei. 

Partekatu