SD Amorebieta

Urdinek porrot mingarria jaso dute RCD Espanyolen zelaian, denboraldiko lehena, nahiz eta atsedenaldira 0-2 irabazten iritsi. Hala ere, bigarren zatian, etxeko taldeak Erasoren eta Alvaro Nuñezen golak irauli ditu eta markagailua 3-2an utzi du.

Gureak nortasun handiarekin atera dira Stage Front Stadium ikusgarrira, konplexurik gabe aurreko denboraldian Lehen Mailan aritu ziren futbolariz beteriko aurkari baten kontra. Lehia parekatuta hasi da, aukerarik gabe hasierako minutuetan. Espanyolek eman du lehen abisua. 20an gola sartzea lortu du, baina baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako. Urdinek -gaur bigarren ekipazio horia estreinatu dute- 0-1ekoa bilatu dute 30ean. Dorriok erdiraketa bat egin du eta Erasoren buruda kanpora joan da gutxigatik. Etxekoek erantzuna eman diote Melamedek egindako erremate batekin, baina Camposek geldiketa bikaina egin du.

Kataluniako taldea gora joan da lehen zatiko azken txanpan, baina Mujikaren taldea izan da markagailua irekitzea lortu duena. Raycok berreskuratu egin du baloia aurkariaren zelaian, area barrura heldu da eta Erasori eman dio 0-1ekoa sinatzeko. Ez dira horrekin konformatu eta abantaila handitu dute atsedenaldira iritsi aurretik. Alvaro Nuñez eskuinetik barneratu da eta Pacheco ezustean harrapatu du lehen zutoinetik sartu den tiro bortitz batekin.

Aldageletatik igaro ostean, Espanyol indartsu itzuli da eta gola sartzeko zorian egon da bigarren zatia hasi bezain laster, baina Camposek eragotzi egin du, Puadoren erremateari sekulako geldiketa eginda. Carbonellek izugarrizko jaurtiketa batekin erantzun du, kanpora joan dena oso gutxigatik. 51n 1-2ekoa heldu da. Calerok sartu du korner baten ostean. Luis Garciaren taldeak berdinketaren bila estutu dute, gureek defendatzera behartuz. Eta 78an aurkitu dute, Salvik baloia buruz sareratu duenean. Jarraian 3-2koa iritsi da, geldikako jokaldi batean. Calero izan da golegilea berriro. Kolpe gogor horien ostean, urdinek ez dute amore eman eta borrokatzen jarraitu dute, baina ezin izan dute berdinketa egin. 

RCD ESPANYOL: Pacheco, Calero, Cabrera, Puado (56’ Braithwaite), Keidi Bare (76’ Edu Expósito), Pol Lozano, Pere Milla, Brian Oliván (22’ Ramon), Jofre (56’ Salvi Sánchez), Nico Melamed (76’ Keita Balde) eta Omar.

SD AMOREBIETA: Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Etxeita, Félix (79’ Seguín), Sibo, Carbonell (86’ Avilés), Dorrio (86’ Quintero), Rayco (62’ Morci), Eraso (79’ Edwards) eta Jauregi.

Golak: 0-1: Min. 44; Eraso. 0-2: Min. 45+4: Núñez. 1-2: Min. 51; Calero. 2-2: Min. 78; Salvi. 3-2: Min. 81; Calero.

Epailea: Orellana Cid. Txartel horiak atera dizkie Espanyoleko Melamed, Ramon eta Keita Balderi; eta SDA-ko Carbonell jokalariari.

Compártelo