Urdinek bigarren porrota jarraian jaso dute Urritxen, nahiz eta lehen zatian aurrea hartu markagailuan Guillermok sartutako gol polit bati esker. Gureek bigarren zatiaren hasieran neurketa erabakita uzteko aukerak izan dituzte, baina ez dute asmatu eta Portugaletek markagailua iraultzeko aprobetxatu du Jon Lopezen bi golen bitartez.

Partida jaberik gabe hasi da, baina urdinek arratsaldeko lehen aukeran asmatu dute 14. minutuan. Guillermok bolea bikain batekin bidali du baloia ate barrura, eskuadratik gertu. Gol ederra SDAko jokalari gisa egun duen lehena. Jarraian, gureek arriskua sortu dute berriro, Muguruza eskuin hegaletik ondo iritsi baita. Bere erdiraketa, Guillermo eta Reka erremate posizioan zituela, atzelari batek moztu du salbatzaile. Portuk, ordu erdia igarota, Jorge Garcíaren falta jaurtiketa on batekin abisua eman du. Langa gainetik joan da. Guillermok atea ikusi du berriro 41.ean, baina jokaldia baliorik gabe geratu da Rekari jokoz kanpo adierazi diotelako. Atsedenaldiaren atarian arriskua sortu du berriro talde bisitariak korner batean Recioren burukada batekin, kanpora joan dena. Beraz 1-0ekoarekin iritsi da derbia atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi ondoren, urdinek aukera argia izan dute Rekaren bitartez. Lapurreta egin du aurkariaren zelaian eta buruz buru geratu da Ibonekin, baina ezin izan du atezaina gainditu. Handik gutxira, gureek beste aukera bikain bat sortu dute, Intxaustiren korrikaldi baten ondoren. Rekak Guillermorekin bat egin du area barruan eta aurrelariaren jaurtiketa atezainaren eskuetara joan da. Hurrengo jokaldian, Portugaletek 1-1ekoa sartu du Jon Lopezen bitartez 55.ean. Bisitariak gora joan dira golarekin eta zornotzarren area inguratu dute hurrengo minutuetan. Amaierarako hamar minuturen faltan, Jon Lopezek Murgoitio gainditu du berriro, markagailuari buelta emanez. Urdinek azken unera arte borrokatu dute, baina puntuak Urritxetik ihes egin dute.

SD AMOREBIETA: Murgoitio, Intxausti (76’ Diaz de Alda), Entrecanales, Iker Torre, Hernaiz, Eder, Agirre, Muguruza (76’ Ignacio), Reka (61’ Etxaniz), Larralde (69’ Josep Díaz) eta Guillermo (69’ Peru).

CLUB PORTUGALETE: Ibon González, Iñaki Recio, Unai Lechosa, Oier Erdozia (25’ Iker Llamazares), Imanol Aranburu (46’ Aimar Barrera), Jorge García, Diego Lamadrid (46’ Jon López), Gorka Tapiador (56’ Ander Honrado), Gorka Crespo, Iván del Campo (69’ Ander González) eta Markel Mayo.

Golak: 1-0: Min. 14; Guillermo. 1-1: Min. 55; Jon López. 1-2: Min. 80; Jon López.

Epailea: Sergio Salazar. Txartel horiak: Hernaiz, Entrecanales eta Josep Díaz SDAren aldetik; eta Jorge García bisitaria.

Compártelo