Porrota ligako lehen irteeran bigarren minutuan jasotako gol baten ondorioz
Urdinek ezin izan dute punturik lortu liga txapelketako lehen irteeran, Bergantiños FCren zelaian galdu baitute hasi eta berehala jasotako gol batekin. SDAk baloia gehiago izan du, baina ez da aukera gehiegi sortzeko gai izan. Argiena, zutoinean jo duen Etxanizen burukada bigarren zatiaren hasieran.
Partida ez da batere ondo abiatu. Izan ere, etxekoak 2 minutuan aurreratu dira Kokek area kanpotik egindako gol ederrari esker. Hortik aurrera, baloiaz jabetu dira gureak, As Eiroas belar artifizialaren gainean alderik alde mugituz zuloen bila, baina ezin izan dute asmatu azken metroetan. SDAk lehen 45 minutuetan 1-1ekoa sartzeko izan duen aukerarik onena Muguruzaren falta jaurtiketa batekin izan dan. Sanchez atezainak hegan egin behar izan du berdinketa saihesteko. Horrela, partida galiziarren aldeko 1-0ekoarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia hasteko, Jon Castrillok sistema aldatu du, Reka bezalako jokalari erasokor bat zelairatu baitu Diaz de Alda atzelariaren ordez. Bigarren Berdinketa iristear izan da, Etxanizek, Erik Moranen erdiraketa zehatz baten ondoren, baloia zutoinera bidali duenean burukada on baten bitartez. Gureek baloiaren jabetza zuten, baina aurkariak kontraerasoan mehatxatzen zuen eta bere abantaila bi aldiz handitu ahal izan du. Murgoitiok saihestu du. Urdinek ez dute amore eman, baina ez dute gola egiteko formularik aurkitu eta oraingoan ezin izan dute punturik erreskatatu. Hurrengo hitzordua Urritxetik kanpo izango da berriro, astebete barru, Real Racing Clubaren bigarren taldearen zelaian.
BERGANTIÑOS FC: Sánchez, Joseda (81’ Isra), Jódar (30’ Berrocal), Sánchez (75′ Iglesias), Gandoy, Pachón, Iago Novo (75′ Adrián), Koke (46’ Villaverde), Nacho Pastor, René eta Ale (75′ Iglesias).
SD AMOREBIETA: Murgoitio, Presa, Diaz de Alda (46’ Reka), Iker Torre, Muguruza (79’ Larralde), Erik Morán (59’ Agirre), Eder, Hernaiz, Josep Díaz (79’ Azkuna), Cabo eta Etxaniz (63’ Guillermo).
Gola: 1-0: Min. 2; Koke.
Epailea: David García. Txartel horiak: Berrocal, Joseda, Pachón eta Gandoy.