Urdinek euren hirugarren garaipena jarraian bisitari gisa lortu dute Gernikari 1-2 irabazita azken minutuetan markagailua irauli ondoren. Etxekoak hobeak izan dira lehen zatian eta atsedenaldira abantailarekin joan dira. Hala ere, Jon Castrilloren taldea hobeto atera da atsedenaldiaren ostean eta emaitza irauli du Muguruzak 87.ean eta Intxaustik 92.ean sartutako golei esker.

Norgehiagoka abisu trukaketarekin abiatu da. Lehenengoa SDAk eman du 3. minutuan, Iker Torreren burukada indartsu batekin. Jarraian erantzun du Gernikak Vieitesen zartako batekin. Hortik aurrera, norgehiagoka trabatu egin da eta ez da ezer gertatu lehen zatiaren erdialdera arte, 1-0ekoa heldu denean.  Golaren ostean, etxekoek kontrola hartu dute eta arrisku sentsazio handiagoa eman dute, baina ez dute aukera argirik sortu. Atsedenaldira iritsi aurretik, Ortizek baloia sarera bidali du buruz, baina gola ez da markagailura igo jokoz kanpo adierazi dutelako.

Aldagelatik pasatzeak on egin die gureei, askoz hobeto itzuli baitira. Josep Diaz berdinketa lortzeko zorian izan da, baina jaurtiketa kanpora joan da. Etxekoek zornotzarren hasiera onari eusten jakin dute eta derbiak berdinduta jarraitu du, arrisku gutxirekin. Amaieratik ordu laurdenera Guillermok izan du abagunea Larralderen barnekaldi on baten ondoren, baina bere errematea atzelari batek desbideratu du. 82.ean Ajuriagoikoa izan da 1-1ekoa sinatzetik gertu egon dena. Bere tiroak zutoinaren kontra jo du.

85.ean etxekoak bat gutxiagorekin geratu dira, Ortizek bigarren txartel horia ikusi baitu Agirreri area ertzean falta egin ostean. Muguruzak ederto jaurti du eta berdinketa egin. Urdinak ez dira konformatu eta 90. minutua igarota lortu dute markagailua iraultzea. Larraldek erdiraketa jarri du bigarren zutoinera eta hor agertu da Intxausti, zornotzarra eta harrobiko jokalaria, baloia ate barrura bidali eta lehen taldearekin bere lehen gola une aproposean sartzeko.

SD GERNIKA: Gelbentzu, Etxeandia, Pérez, Barrón (18’ Rementeria), Fruniz (88′ Iñigo López), Aristi, Vieites (88′ Arberas), Barandiaran, Ortiz, Leiza eta Baqué (59’ Izan).

SD AMOREBIETA: Altamira, Presa, Entrecanales (63’ Intxausti), Iker Torre, Hernaiz, Eder (81’ Azkuna), Agirre, Muguruza, Josep Díaz (72’ Larralde), Reka (63’ Guillermo) eta Etxaniz (72’ Ajuriagoikoa).

Golak: 1-0: Min. 23; Vieites. 1-1: Min. 87; Muguruza. 1-2: Min. 92; Intxausti.

Epailea: Álvaro Sahelices. Ortiz kaleratu du 85ean bi txartel horirekin. Gainera, Baqué, Vieites, Barandiaran eta Arberas; eta Reka, Ajuriagoikoa, Agirre eta Intxausti jokalariek horia ikusi dute.

Compártelo