SD Amorebieta

Urdinek Real Club Celta de Vigoren aurka neurtuko dituzte indarrak urtarrilaren 7an, igandean, 12:00etan, Kopako final-hamaseirenetako lehian. Kanporaketa partida bakarrera erabakiko da Urritxen. Hitzordu horretarako, SDAko bazkideek aldez aurretik erosi beharko dituzte sarrerak klubaren dendan. Azpimarratu behar da, bazkide kopurua Urritxeren gaitasun osoa baino txikiagoa denez, guztiek ziurtatuta dutela sarrera, baina bihartik (hilak 19) hurrengo asteartera arte (hilak 26) izango dute sarrera erosteko epea. Egun hauetan, dendaren ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da.

Bazkideei bakarrik zuzendutako sarrera hauek hiru motatakoak izango dira: 

– Haurrentzako “Umeak” eta gazteentzako “Amore Gaztea” karneta duten bazkideentzako sarrera. Gune orokorrean egongo dira eta 10 euroko prezioa izango dute. 

– Bazkide heldu eta erretiratuentzako sarrera gune orokorrean. Prezioa 20 euro. 

– Bazkide heldu eta erretiratuentzako sarrera tribunan. Prezioa 25 euro. 

Sarrera erostera joaterakoan, tribunakoa erosi nahi duten bazkide helduek eta erretiratuek horren berri eman beharko dute eta zenbaki bat emango zaie. Izan ere, tribunara sartu nahi duten bazkideek tribunaren edukiera gainditzen badute zozketa bat burutu beharko da. Izena ematen duten pertsona guztiek aukera berberak izango dituzte. Erosteko unean, 20 euroko sarrera orokorra jasoko dute, eta azkenean tribunan egokitzen bazaie, dendara itzuli beharko dira sarrera aldatu eta diferentzia ordaintzera (tribunakoak balio duen 5 euro gehiago). 

Bazkideek sarrerak eskuratzeko epea amaitu ondoren, eta libre geratzen den kopuruaren arabera, sarrera sorta berri bat jarriko da salgai publiko orokorrarentzat, 30 euroko prezioarekin. Klubak bazkideek erositako sarreren kopuru zehatza dakienean argitaratuko da sarrera orokorrei buruzko informazioa. 

Partekatu