SD Amorebieta

Ilusioz gainezka, Sociedad Deportiva Amorebietako lehen taldeak gaur, uztailak 8, burutu du 2023-2024 denboraldiko lehen entrenamendua. Urdinak Bigarren Mailara bueltatu dira, orain LaLiga Hypermotion deritzona, joan den kanpainian lortutako igoera ikusgarriaren ondoren, Lehen Federazioko txapeldun bukatu ostean.

Futbol profesionalean klubak izango duen historian bigarren esperientzia honetan, 2021-2022an bizi izandakoaren ondoren, taldeak Haritz Mujika izango du buru aulkitik. Bere talde teknikoan jarraitzen dute Igor Arteagak prestatzaile fisiko bezala, Rufino Lekuek atezainen entrenatzaile bezala, Gorka Lupiañezek berregokitzaile eta nutrizionista bezala, Sergio Quilezek mediku bezala, Juan Sebastián Condek eta Danel Etxebarriak fisioterapeuta bezala, Ioritz Madariagak material arduradun bezala eta Iban Markitzek scouting arduradun bezala. Bigarren entrenatzailea Iñaki Goikoetxea izango da, 2012-13an aurrelari urdina izandakoa. Joan den kanpainian Real Unioneko talde teknikoko kide izan zen, non txapelketaren azken txanpan lehen entrenatzaile bezala aritu zen, Lehen Federazioan salbazioa lortuz. Unai Zubiaur, pasa den denboraldiko bigarren teknikaria, idazkari teknikoa izango da.

Plantilari dagokionez, une honetan 13 futbolari daude. Horien artean, aurpegi berri batzuk: Daniel Lasure ezker hegaleko atzelaria, Erik Moran eta Luis Quintero erdilariak, eta Félix Garreta atzelaria. Azken hau 19 urtez azpiko Europako Txapelketan dago, Espainiako selekzioarekin. Horiez gain, aurreko denboraldian kolore urdinak defendatu zituzten jokalari hauek: Unai Marino eta Jon Mikel Magunagoitia atezainak, Xabier Etxeita eta Jorge Mier atzelariak eta Iker Seguin, Kwasi Sibo, Rayco Rodriguez, Josue Dorrio eta Ryan Edwards erdilariak. Grant Mateer estatubatuarrak hasi du denboraldiaurrea probetan dagoen jokalari bezala.

Liga txapelketa abuztuko bigarren asteburuan hasiko da. Gureek Levante UD hartuko dute lehen partidan, aurreko denboraldian hirugarren sailkatu zen taldea. Norgehiagoka abuztuaren 11n izango da, 19: 00etan, Lezaman. Ordura arte, lagunarteko hainbat norgehiagoka lehiatu beharko dituzte. Oraingoz, honako hauek baieztatu dira:

– SD Amorebieta-CD Mirandes uztailaren 15ean 12:00etan Urritxen.

– SD Amorebieta-Osasuna Promesas uztailaren 19an, 19:00etan, Urritxen.

– Burgos CF-SD Amorebieta uztailaren 22an 19:00etan Medina de Pomarren.

– SD Amorebieta-SD Eibar uztailaren 26an 19:00etan Urritxen.

– Real Racing Club-SD Amorebieta abuztuaren 5ean 19:00etan Laredon.

Partekatu