Alebin kategoriako nazioarteko txapelketak 350 futbolari inguru batuko ditu eta parte hartuko duten taldeen artean Athletic Club, FC Porto eta Girondins Bordeaux bezalako klubak egongo dira

Lointek Amorebieta-Etxano CUP nazioarteko futbol 7 torneoaren 20. edizioak alebin mailako 23 talde eta 350 jokalari inguru batuko ditu abenduaren 6an eta 7an Txolonen. Horren berri eman dute Jon Larreak, SD Amorebietako presidenteak; Ainhoa Saltearainek, Amorebieta-Etxanoko alkatek; eta  Lointek enpresako Serafin Loroñok gaur udaletxean egin den aurkezpenean.

Txapelketa ostiralean, hilak 6, hasiko da, 12 talde izango dituen lehenengo fasearekin. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Ikastxiki FE, CD Arratia, Club Bansander eta CD Aurrera de Vitoria egongo dira. B multzoan, Gernika Club, CD Ermua, Athletic Gipuzkoa Eskola eta EDF Promesas. Eta C multzoan, SD Deusto, Bermeo FT, Aretxabaleta KE eta Txantrea KKE. Fase hau, ligaxka moduan, 09:30ean hasiko da. Zortzi talde –multzo bakoitzeko lehen eta bigarrena eta bi hirugarren onenak– sailkatuko dira 16:00etatik aurrera jokatuko diren kanporaketetarako.

Ostiraleko txapeldunak larunbatean itzultzeko txartela lortuko du. Bigarren eguneko lehiaketak ordutegi eta formatu bera izango du. A multzoan Girondins Bordeaux, Real Valladolid, SD Eibar eta CA Osasuna egongo dira. B multzoan, SD Amorebieta, Athletic Club, Deportivo Alavés eta Real Racing Club. Eta C multzoan, FC Porto, RC Deportivo de La Coruña, Real Sociedad eta abenduaren 6ko atarikoaren irabazlea. 09:30ean hasiko da multzoen fasea eta zortzi talde sailkatuko dira final-laurdenetarako, 16:00etan hasiko direnak. Final handia 18:15ean jokatuko da. Bi zelai egongo dira (1. zelaia eta 2. zelaia). Hilaren 7an 1. zelaian jokatuko diren partidak zuzenean ikusi ahal izango dira klubaren YouTuben kanalean.

Sarrerak egun osorako balioko du eta hurrengo prezioak izango ditu. Hilaren 6a doakoa izango da bazkideentzat eta 3 euroko kostua izango dute gainerakoentzat. Hilaren 7an, berriz, bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro. Txapelketan zehar hainbat sari zozketatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak eta bi lagunentzako bazkaria Boroa Jatetxean. Arrazoi logistikoengatik, Txoloneko aparkalekua itxita egongo da bi egunetan eta udalerriko parkingetan aparkatzea gomendatzen da.

Hona hemen aurkezpenaren bideoa: https://youtu.be/WxbFRxmGDSg

Compártelo