Sociedad Deportiva Amorebietak Ohiko Batzar Orokorra burutu du gaur, abuztuak 23, Zelaieta Zentroko ekitaldi-aretoan. Berrogeita hamar bazkide baino gehiago bertaratu dira eta klubaren 2022-2023 denboraldirako aurrekontua onartu dute, 3,2 milioi eurokoa izango dena (1,1 milioiko superabitarekin amaitzea aurreikusten da). Gainera, erakunde zornotzarraren masa sozialak bere oniritzia eman die kanpaina honetan ordaindu beharreko kuotei eta Jon Larrea presidentea buru duen zuzendaritza-batzordeak kirol-proiektua aurkeztu du.

Batzarraren hasierako zatian bazkideen kuotak proposatu dira denboraldi berrirako, aldeko 52 botorekin eta kontrako boto bakarrarekin onartu direnak. Abonuen prezioa haur-txartelaren 49 eurotik (16 urtetik beherakoentzat) 227 eurora (helduak tribunan) bitartekoa izango da, eta deskontu garrantzitsuak izango dira erretiratuentzat eta 16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat. Hori aurreko denboraldian bazkide izan zirenei dagokienez. Berrien kasuan, kuotaren prezioa 10 euro gehiago izango da. Beraz, 59 eurotik 237 eurora bitartekoa izango da. Bazkide guztiek %10eko deskontuak izango dituzte klubeko denda ofizialean eta klubaren babesle teknikoa den Futbol Emotion dendan egiten dituzten erosketetan.

Gero, zuzendaritza-batzordeak denboraldi berriko kirol-proiektua azaldu du. Klub urdinak 15 talde izango ditu guztira. Zehazki, hiru talde senior, hiru jubenil, hiru kadete, hiru infantil eta hiru alebin izango dira. Neurri garrantzitsuak hartu ditu oinarrizko futbola indartzeko, besteak beste, Txolonen gimnasio bat jartzea, maiatzaren amaieran inauguratu zen azpiegitura, eta harrobiarentzako metodologiaren arduradun bat barneratzea.

Azken zatian, Batzarrak argi berdea eman dio 2022-2023 denboraldirako aurrekontuari. SDAk 3,2 milioi euroko diru-sarrerak izango ditu eta 2,1 milioi inguruko gastuak zenbatetsi ditu. Hori dela eta, klubak denboraldia 1,1 milioiko superabitarekin amaitzea aurreikusten du. Aurrekontua aldeko 52 botorekin eta kontrako boto batekin onartu da. Puntu honetan, gaur egun zorrik ez dagoela ere jakinarazi da, osorik likidatzea lortu baita.

Partekatu