Sociedad Deportiva Amorebietak Ohiko Batzar Orokorra egin du gaur arratsaldean, uztailak 6, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroko ekitaldi-aretoan. Bertan egon dira 75 bazkide, 2023-2024 denboraldirako aurrekontua onartu dutenak. Aurrekontua 6,8 milioi eurokoa izango da. Bazkideek ontzat eman ditu ere denboraldi honetan ordaindu beharreko kuotak eta Jon Larrea buru duen zuzendaritza batzordeak denboraldi honetarako kirol proiektua aurkeztu du.

Aurreko batzarreko akta eta joan den denboraldiko memoria aho batez onartu ondoren, bazkideen kuotak proposatu dira kanpaina berrirako. 74 aldeko botorekin eta kontrako boto batekin onartu dira. Aurreko denboraldian bazkide izan zirenentzat abonuen prezioa 70 eurotik (16 urtetik beherako umeentzat) 320 eurora (helduentzat) bitartekoa izango da. Gazteentzako txartelak, 16 eta 26 urte bitartekoentzat, 110 euroko prezioa izango du eta erretiratuentzako txartelak, berriz, 220 eurokoa. Bazkide berrien kasuan, aipatutako kuoten prezioa 10 euro igotzen da. Beraz, 80 eurotik 330 eurora bitartekoa izango da. Gazteei zuzendutakoak 120 euro balioko du eta erretiratuei zuzendutakoak 230 euro. Bazkide guztiek %10eko deskontuak izango dituzte klubeko denda ofizialean egiten dituzten erosketetan.

Gero, zuzendaritza-batzordeak denboraldi berriko kirol-proiektua azaldu du. Klubak 19 talde izango ditu guztira, aurreko denboraldian baino lau gehiago. Zehazki, hiru senior, hiru jubenil, lau kadete, lau infantil, hiru alebin eta bi benjaminek osatuko dute egitura. Azken kategoria honetan pasa den ikasturtean ez ez talderik egongo. Klubak oinarrizko futbolari bultzada emateko neurriak hartzen jarraitzen du. Ildo horretan, harrobirako prestatzaile fisiko baten irudia gehituko zaio egiturari.

Batzarraren azken txanpan, bazkideek 2023-2024 denboraldiko aurrekontua onartu dute. SDAk 6,8 milioi euroko aurrekontua izango du, aurrera atera dena 74 aldeko botoekin eta abstentzio batekin. Gogoratu behar da lehen taldeak futbol profesionalean izandako aurreko esperientzian, 2021-2022an, aurrekontua 6,5 milioi ingurukoa izan zela.

Zelaieta Zentroko ekitaldi-aretoan gonbidatu berezi bat egon da: Lehen Federazioko txapeldunen garaikurra. Bertaratutako bazkide guztiek trofeoarekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute batzarra amaitu ondoren.

Compártelo