Urdinek Kopako bigarren kanporaketarako sailkapena lortu dute, Urritxen UD Logroñesi gailenduta. Errioxako taldea denboraldi bikaina egiten ari da Lehen Federazioan, bigarren postuan kokatuta eta maila hori osatzen duten 40 taldeen artean bisitari onena da. Kategoria ezberdintasuna ez da nabaritu berdegunean. Izan ere, Jon Castrilloren taldeak partida oso ona jokatu du hasieratik amaierara arte. Lan bikain horren saria 77. minutuan iritsi da, Xalbat Larraldek 30 metrotik zartako batekin neurketako gol bakarra sinatu duenean.

Gureak indartsuago sartu dira eta abagune hirukoitza izan dute partidaren hasieran. Talibyk Rekaren gola saihestu du geldiketa on batekin. Hala ere, jokaldiak bizirik jarraitu du eta Etxaniz aldaratzea ehizatzeko zorian egon da, baina atzelari bat pixka bat lehenago iritsi da arriskua mozteko. Ez erabat, Ederrek baloia jaso eta area kanpotik jaurti baitu, baina kanpora joan da gutxigatik. Logroñesek zornotzarren hasiera ona eustea lortu du, eta aukera paregabea izan du lehen zatiaren erdialdean, Amigoren jaurtiketa gurutzatua oso gutxigatik kanpora joan denean. Cabetas ere saiatu da Altamirak gelditu duen burukada batekin. Urdinen aldetik, Josep Diaz gola sartzeko zorian izan da atsedenalditik hamar minutura. Bere saiakerak Talibyren eskularruarekin topo egin du. Josep Diaz bera ere 42.ean saiatu da sarearen albo batera joan den jaurtiketa batekin. Kevinsen erremate altu batekin erantzun du talde errioxarrak lehen zati entretenigarri baten azken aukera aipagarrian.

Bigarren zatia lehenengoa amaitu zen bezala abiatu da. Bi ateetan abaguneak izan dira. Logroñesek baloia egurrera bidali du korner batean eta Muguruzak gola sartzetik gertu egon da oso urrunetik. Jon Castrillok aulkia mugitu du taldeak hasieratik erakutsi duen energiari eusteko eta eragina izan du. Diaz de Aldak eta Guillermok partidako gol bakarra egin aurretik abisatu dute. Korner baten aldaratzean, Larraldek baloia jipoitu du, distantzia luzetik eta arimarekin, eta sarera bidali du, zutoinera itsatsita. 77. minutua zen. Hortik aurrera, SDAk talde izaten jarraitu du. Sendo eta ahalegin handiak eginez, urdinek garaipena eskuratu dute eta, ondorioz, Kopako bigarren kanporaketarako txartela.

SD AMOREBIETA: Altamira, Diaz de Alda, Entrecanales, Presa, Hernaiz, Eder, Ajuriagoikoa (61’ Agirre), Intxausti (46’ Muguruza), Josep Díaz (82’ Unax Benito), Reka (61’ Larralde) eta Etxaniz (73’ Guillermo).

UD LOGROÑÉS: Taliby, Val, Cabetas, Adrián, Amigo (61’ Asenjo), Baselga, Barandalla (75’ Navarro), Zabala (61’ Rivero), Issam, Papa (46’ Santana) eta Kevins (61’ Anai).

Gola: 1-0: 77’ Larralde.

Epailea: Pablo Monterrubio. Txartel horiak: Muguruza; eta Papa, Navarro eta Adrián.

Compártelo