SD Amorebieta

Sociedad Deportiva Amorebietak Jürgen Locadia (Emmen, Herbehereak, 1993-11-07) fitxatu duela iragarri nahi du, Herbehereetako -PSV Eindhovenekin bi liga irabazi zituen-, Ingalaterrako, Alemaniako, AEBetako, Irango eta Txinako maila gorenetan jokatu eta golak egin dituen aurrelaria. Baita Champions League eta Europa League txapelketa garrantzitsuetan ere. Eskarmentu handiko jokalaria talderik gabe zegoen une honetan, Txinako Superligako Cangzhou Mighty Lions taldean bere etapa amaitu ostean. Aurreko denboraldian 7 gol sartu eta 7 asistentzia eman zituen 24 partidatan.

Locadia internazionala da Herbehereetako eta Curazaoko selekzioekin. 17 urterekin egin zuen debuta PSVko lehen taldearekin, Europako klub garrantzitsuenen artean dagoen klub batekin, 2011-12 denboraldian. Eindhoveneko taldean 2018ko urtarrilera arte egon zen eta bi aldiz izan zen Eredivise ligako txapeldun. Aurrelariak Premier Leaguen jarraitu zuen, Brighton & Hove Albionen, eta gero Bundesligan, non Hoffenheim eta Bochum taldeen koloreak defendatu zituen. Europako kontinentetik urrun, jokalari urdin berriak Ameriketako Estatu Batuetako Cincinnati, Iraneko Persepolis eta Txinako Cangzhou Mighty Lions taldeetan aritu da.

Ehun gol baino gehiago sartu eta esperientzia izugarria duen Jürgen Locadia SDAra helduko da denboraldiko azken txanpan urdinen erasoa indartzeko.

Ongi etorri, Jürgen!

Partekatu