Jon Larreak eta bere batzordeak SDA zuzentzen jarraituko dute
Jon Larrea González buru duen zuzendaritza-batzordeak beste lau urtez jarraituko du Sociedad Deportiva Amorebieta zuzentzen. Behin hautagaitzak aurkezteko epea beteta eta inpugnazioak egiteko epea gaindituta, berea izan da klubak abian jarritako hauteskunde-prozesuan parte hartu duen hautagaitza bakarra.
Larreak, 46 urteko abokatu eta irakasle zornotzarrak, beti eraman du SDA bere bihotzean. Izan ere, bere aitona jokalari, entrenatzaile eta presidente izan zen. Jon txikitan egin zen bazkide, gazte garaian urdinen kamiseta defendatu zuen eta bi denboraldiz aritu zen lehen taldean. 2018an hartu zuen presidente kargua, kluba une zail batean murgilduta zegoenean, zor handi baten ondorioz desagertzeko zorian baitzegoen. Azken lau urte hauetan, SDAk bere egoera ekonomikoa onbideratzeaz gain, kirol arloan bere ia ehun urteko historiako etaparik arrakastatsuena ere bizi izan du, 2021eko maiatzean taldeak Bigarren Mailara igotzea lortu baitzuen, esperientzia ahaztezina.
Klubaren zuzendaritza-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute: Jon Larrea, Luis Javier Laucirica, Zorione Etxebarria, Mikel Berdugo, Jose Angel Estevez, Asier Galarza, Jose Mari Gisasola, Unai Larrea eta Aitor Larruzea. Ordezko bezala Gonzalo Bereciartua eta Jose Felix Gordo egongo dira.
Sociedad Deportiva Amorebieta zuzentzen jarraitzeak “erantzukizun handia suposatzen du, baina ilusio handiz egiten diogu aurre eta egunero lan egingo dugu SDArentzat onena lortzeko asmoz”, adierazi du Larreak, zeinek “klubaren egoera egonkortu eta etorkizun on bat bermatu” nahi du. “Azken denboraldi honetan, kirol-helburua lortu ez dugun arren, esperientziak gauza asko ikasteko balio izan digu eta praktikan jarri nahi ditugu”, gaineratu du presidenteak. Zaleek zuzendaritza-batzorde honetan jarri duten konfiantzagatik eskerrak eman du. “Bazkideak datozen lau urteetan egingo dugun lanarekin pozik egotea espero dugu”, azpimarratu du Larreak.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Mikel Berdugo, Jose Mari Gisasola, Luis Javier Laucirica, Jon Larrea, Asier Galarza, Jose Angel Estevez eta Unai Larrea. Zorione Etxebarria, Aitor Larruzea, Gonzalo Bereciartua eta Jose Félix Gordo falta dira.