Jabi Luacesek eta Mikel Zamakonak SDAko kirol sailaren buru izaten jarraituko dute
SD Amorebietak jakinarazi nahi du Jabi Luacesek eta Mikel Zamakonak 2026-27 denboraldian kirol zuzendari eta harrobiko zuzendari postuetan jarraituko dutela hurrenez hurren. Gainera, Edu Abadek idazkari tekinko bezala jarraituko du. Kontratu luzapen hauekin, klubak kirol proiektuari jarraipena ematearen aldeko apustua egiten du.
“Eskerrak eman nahi dizkiot Zuzendaritza Batzorde berriari konfiantzagatik. Erronka polita da klubeko jokalariek hazten jarraitzen dutela ikustea eta lehen taldearekin denboraldi ona egiten saiatzea”, esan du Jabi Luacesek. 2021-22an iritsi zen SDAren egiturara oinarrizko futbolarekin lan egiteko, Gernika Club, Club Portugalete, Deportivo Alavés, Arenas Club, Unionistas de Salamanca edo Barakaldo CF taldeetan ibilbide luzea egin ondoren. 2024-25ean kirol-zuzendari izatera pasa zen. “Txolon eta Urritxe hurbiltzen jarraitzeko helburua dugu. Azken urte hauetan harrobiko jokalariak lehen taldean sartzen ari dira eta oinarrizko futbolean lorpen garrantzitsuak lortzen ari dira, baina oraindik lan handia dago aurretik hazten jarraitzeko”, azpimarratu du Luacesek.
Mikel Zamakonak bizitza osoa darama SDAri lotuta. Lehenik jokalari bezala, zornotzarra klubeko maila guztietatik pasa baitzen. Gero entrenatzaile bezala, azken bi hamarkadetan harrobiko talde ezberdinak zuzendu baititu. 2021-22an urdinen oinarrizko futbolaren zuzendari kargua hartu zuen. “Niretzako oso pozgarria da. Erronka honekin jarraitzeko aukera eman didate eta herrikoa izanda eta Amorebietako zalea izanda ezin diot ezetz esan. Lanean jarraituko dugu”, azaldu du Zamakonak. “Uste dut urte politak egiten ari garela, emaitza onak lortzen eta lehen talderako jokalariak ateratzen. Atzetik jende askoren lana dago, euren artean Iñaki Kortazar, Aitor Baraia, Iker Núñez, Endika Alonso… Azken urte hauetan Txolonetik pasa diren entrentzaile, prestatzaile fisiko eta fisio guztiei eskerrak eman nahi dizkiet”, nabarmendu du zornotzarrak.
Haiekin batera Edu Abadek jarraituko du. Eskarmentu handia du Sestao River, Club Portugalete eta Gernika Club klubetako kirol zuzendaritzetatik igaro ondoren. 2024ko udan heldu zen SD Amorebietara idazkari teknikoa izateko.
