foto historia

1925eko urtarrilaren 4an Sociedad Deportiva Amorebieta (SDA) ofizialki eratu zenean, Amorebietak 4.500 biztanle baino ez zituen (gaur egungo 19.000 pertsona inguruko biztanleriaren laurdena). Hasiera batean, Kluba futbolaz gain, beste hainbat kirol-jardueraz arduratzen zen (pilota, atletismoa, txirrindularitza, alpinismoa…), baina azken 80 urteetan nagusiki herriko eta eskualdeko futbolaren erreferentea izan da. Jaio zenean, SDA aurretik egon ziren bi kluben ondorengoa izan zen, “la Sociedad Deportiva Beti-Arin” eta “la Sociedad Olímpica Zornoza”, hain zuzen ere; hala ere, bi urtetan klub berak hartu zituen hiru izenak  baino ez zirela izenok ere esan daiteke. Edozelan ere, SDA 1925ean sortu zen, Antonio de Gorostiaga izan zen lehenengo presidentea eta hasieratik aukeratu zen urdina kamisetarako, denborak aurrera egin ahala, SDAren nortasun-ikur bihurtu zen kolorea, eta horrela, «A-zu-les !» izan da bere jarraitzaileen animo-oihuen artean ezagunena eta bereizgarriena. Ziurtasunez ez dago jakiterik zergatik aukeratu zen kolore hori. Diotenez, udalerriko hasierako futbolari haiek Ibaizabal ibaiaren bi ertzetan ugaritzen hasiak ziren fabriketako langileen monoak egiteko erabiltzen ziren oihal soberakinekin egin zituztelako euren kirol-ekipamenduak. Nolanahi ere, ez dago horren dokumenturik. SDAren 75. urteurrenean argitaratutako “Los doce de Urritxe” liburuan aipatzen da klubaren ibilbidearen lehen urteetan galtzak beltzak izan zirela eta kamisola eta galtza urdinak zireneko lehen dokumentu grafikoak 1952-53 denboraldikoak dira. Ziur dakiguna da, baina, sorrera-sorreratik Urritxeko landa izan dela SDAren etxea. Zornotzako hirigunetik ipar-ekialdean dagoen gainalde batean kokatutako jokalekua dugu Urritxe. SDAren aurretik egondako bi klubetako kideek beraien izerdiz belarrak, sasiak, zuhaixkak eta era guztietako landarediak kenduta, eurek irabazitako eta egokitutako zelaigunea zen, gainera. Urteetan, Urritxek ez zuen dutxarik izan. Ohikoa zen, beraz, Urritxe igoeraren hasieran, jokalari talde bat lokatzez beteta, lokatza kendu nahian,  herria zeharkatzen zuen errekan (gaur egun lurrazpikoa da gehienbat)  sartuta garbitzen eta apaintzen ikustea. Edonola ere, badaudenak klubaren lehen aurrekontu-balantzearen froga dokumentalak dira: 1925ean, SDAk 1.329,65 pezeta ingresatu zituen (8 euro inguru) eta 1.182,70 euro gastatu zituen (7,10 euro); horrek 146,95 pezetako superabita eman zuen (guztira euro bat baino gutxiago).

Bere lehen denboraldia, 25-26koa, SDAk Bizkaiko futbolaren C Serie Arrunta Mailan jokatu zuen, “Comité de Durango” delakoan, Durango, Elorrio, Usansolo eta Montorretas taldeak aurkari zituela. Multzo horretako txapelduna izan ondoren, Iturrigorri eta Chavarriren aurka jokatu zuen igoera fasea, baina ez zuen igoerarik lortu. Izan ere, historiako lehen igoera hurrengo denboraldian izan zen, 26-27 denboraldian, hain zuzen; horrela, taldea  Preferente C mailara igo zen. Hasierako urte haietan, baina, txirrindularitza zen SDAri arrakasta gehien eman zion kirol-jarduna; klubaren lehen mitoa eman zuena, baina, mendizaletasuna izan zen,  eta hori Andrés Espinosa alpinistari esker izan zen, bere arrakasten artean ditugu Naranjo de Bulneseko eskalada hegoaldetik, sokarik gabe eta oinutsik, edo Kilimanjaroko euskal “premier” -a, Afrikako sabaia, 1930ean.

20ko hamarkadaren amaieran eta 30eko hamarkadaren erdialdera arte, Bizkaiko futbolak jasan zituen berregituraketen ondorioz, SDAren lehen taldeak Hirugarren eta Bigarren mailak txandakatu zituen. Berregituraketa horietako baten ondorioz, eta lege-trikimailu bati esker, SDAk Sondikako Amaika Bat taldearekin elkartu zen, talde berriak Club Deportivo Amorebieta hartu zuen izena. Eta izen horrekin lehiatu zen harik eta 1936ko uztailean Franco jeneralaren indar faxistek II Errepublika bertan behera utzita, ehunka mila giza-heriotza eragingo zituen Espainiako Gerra Zibila ekarriko zuen kolpe militarra eman zuen arte. Klubaren jarduna gatazkak iraun zuen bitartean eten egin zen, 1939ean berriro ekin arte; Franco ordurako boterean zegoen,  zorigaiztoko oroitzapenak utziko zituen eta lau hamarkada iraungo zuen diktadura hasita.

Gerra amaituta, SDA Bizkaiko futbolaren Bigarren mailara itzuli zen,  1940ko urtarrilaren 28an, 15:15ean, Diaz Rolland epaileak bere txilibitua jo zuenean Durangon, urdinek ia bost urteko parentesi triste eta dramatikoa itxi zuten. Geroago, 41-42 denboraldian, kategoriako txapelduna geratu ostean, bere bigarren igoera lortu zuen (kasu honetan, Lehenengo B Mailara). Baina, erakundea eta herria taldeaz harro zeuden bitartean, ezin zen gauza bera esan “Urriche”-z (orduan “ch”-z idatzita), garai hartako estandarretako ere ez baitzituen gutxieneko baldintzak betetzen-eta. Beraz, 1942an bertan, kirol-arrakastak bultzatuta, Zuzendaritza Batzordeak Urritxek jasan dituen erreforma ugarietako lehenari ekitea erabaki zuen. Garai hartan jokalekua ez zen oraindik udalarena, partikular batena baizik; eta hilero 25 pezetako alokairua ordaintzen zitzaion. 9.000 pezeta (54 euro) izan zen lehen erreforma haren kostua. Funtsean, lanak erdiko zanga bat egiteko izan ziren, “sortzen ari zen lokatza saihesteko”; lan hori egiteko, “harriz betetako hirurogei gurdi” behar izan ziren. 43-44an erakundearen historiako denboraldi onenetako bat iritsi zen: Ligan kanpaina bikaina osatzeaz gain, SDAk San Mamesen Bizkaiko Afizionatuen Txapelketako finala jokatu zuen, nahiz eta Erandioren aurka galdu. Hala ere, ihes egin ez zitzaiona Bizkaia Kopako finala izan zen, klubaren historiako lehen titulua. Paduraren aurka joan-etorriko partidak jokatuta, urdinek Santo Criston gauzak bideratuta utzi zituzten 0-3 irabazita, eta gol-kopurua aste bat beranduago Urritxen errepikatu zen. Honako hamaikako hau izan zen txapelduna: Torre; Ugalde, Leon; Luzuriaga, Uriarte, Fructuoso; Serrano, Gumucio, Álvarez, Josechu eta Orcasitas.

40ko hamarkada oraindik ere mugarri garrantzitsuak ekarri zizkion talde zornotzarrari. Negatiboen artean, kategoria-jaitsiera eta kirol-bolada txarrak ekarri zituen zailtasun ekonomikoak ditugu. Futboleko estutasun horien ondorioz, Amorebietako Udalak SDAri laguntza eman behar izan zion, eta Urritxeko lurrak erosi zituen. Erabilera eta gozamena erakunde urdinari utzi zizkion, eta aurrerantzean alokairurik ez zuen ordaindu behar izan. Berri onen artean, 1948an, atepean jokatzen zuen Orobios auzoko morroi baten iritsiera dugu , morroiak Carmelo Cedrun zuen izena eta gaur egun, oraindik, SDAren 97 urteko historian kamiseta urdina jantzi duen jokalaririk onena izan dela esan daiteke, edo onena ez bada, bai, behintzat, urrutien iritsi dena. Karmelok denboraldi bakarra jokatu zuen Urritxen, Athleticek berehala bereganatu baitzuen, San Mameseko atearen ardura eman eta nazioartera laster iritsi zen. Bere jatorriaz harro,  Cedrun Urritxera berriro itzuli zen historia egitera. Horrela, 1954ko azaroaren 1ean, Carmelok SDAk helburu bikoitzarekin antolatu zuen partidan hartu zuen parte: batetik, bere nazioartekotasun estreinatu berriagatik omenaldia egiteko eta, bestetik, lau urte luzez egokitze lanei ekin ondoren, Urricheko zelai berritua inauguratzeko. Lan horietan zelaiaren kanpoaldea itxi zen, etxolak berreraiki ziren eta iparraldeko atearen atzean egindako lur-erauzketan hainbat ikusle-ilara prestatu ziren eta, denboraren poderioz, Bizkaiko futbolaren zelai ikonikoenetako bat bihurtuko zen. Cedrunen omenezko partida hartan Amorebieta Athleticen kontra aritu zen, Atlhelticek bere historian izan duen hamaikako onenetarikoarekin, Telmo Zarra ospetsuaren gidaritzapean, eta Carmelo Amorebietarekin lerrokatuta.

50eko hamarkadan gertatu zena ez zen erraza izan SDArentzat, ez hainbeste kirol arloan gertatu zena (arazo handirik gabe eutsi zion Bigarren Kategoriari), baina bai, ordea, arlo ekonomikoan gertatu zena. 1955. urte inguruan etxeko tresnen tonbola izan zen klubari diru sarrera gehigarria eman ziona, bere ekonomia prekarioa arintzeko; baina 1958ko irailean egoerak kutsu dramatikoagoa hartu zuen eta klubak bere historiako unerik kritikoenetako bat bizi izan zuen orduan. Izan ere, desagertutako Zornotzako Zineman egindako batzar batean zenbait zuzendarik eta bazkidek bizpahiru urtez SDAren behin-behineko eta prebentziozko desegitea proposatu zuten, Amorebietako herria sentsibilizatzeko estrategia gisa. Beraien ustez, Amorebietak ez zuelako balioesten Urritxeko klubetik egiten ari zen ahalegina. Desagertzeko zorian egon bazen ere, disoluzioa ez zen gauzatu, eta Batzar hartatik Sixto Montoya atera zen lehendakari eta bere agintaldi luzean, bederatzi denboraldikoa, Urritxeko tribuna mitikoa eraiki zen, instalazioaren historian estalitako lehen harmaila. Urte erdi eskasean eraiki zen tribuna hura, dozenaka bazkideren, zuzendariren, jokalariren eta teknikariren izerdiz eraiki zen… eta Cementos Lemona enpresako zuzendaritzaren oniritziarekin, ibilbidetik “desbideratu” eta zornotzarren zelaian “agertu” ziren zementuz beteriko kamioi batzuen laguntzaz eraiki, gainera. Elementu metalikoak Barakaldoko Labe Garaietako obra batzuk desegite lanetatik etorri ziren. Beraz, 300 lagunentzako lekua zuen tribuna 1959ko martxoaren 19an inauguratu zen Lemoaren aurkako partidan. Ia beste hamarkada bat behar izan zen horren behealdean bi taldeentzako eta epaile-hirukotearentzako aldagelak, biltegi txiki bat, klubaren bulegoa eta ia 40 urtez zabalik egon zen taberna egiteko.

Hamarkada aldaketa ondo etorri zitzaion SDAren lehen taldeari, 59-60 denboraldian Bigarren Erregional ligan txapeldun izan baitzen, Zallari 3-0 irabazita, San Mamesen jokatutako finalean, Mieza Athleticeko jokalari ohi baten gidaritzapean. Hainbat autobusek ehunka zale zornotzar hurbildu zituzten Bizkaiko hiriburura, eta 3.500 ikusle inguru izan ziren Katedralean, atsedenaldian urdinek 2-0 irabazten zuten partidan. Partida goizeko 11:00etan jokatu zen ekaineko ostegun bero batean. Zornotzarrek Ibaizabal Elkartean ospatu zuten titulua, eta arratsaldean udaletxeko balkoian agertu ziren auzokideen txalo zaparrada eta errekonozimendua jasotzeko.

Hurrengo denboraldian, klubaren beste elementu ikoniko bat agertuko zen: Urritxeko Preferentzia. Iparraldeko atezainaren atzean egin zen eta obra erraza izan zen: zementuzko zazpi eserleku-ilara prestatu ziren, banderatxo batetik bestera. Ia bat-batean, “golen atea” bihurtu zen hura, SDAren kapitainak hasierako zozketa irabazten zuen bakoitzean, bigarren denborarako uzten zuen alde hura. Lesioak lesio, lehen talde urdinak ez zuen arazorik izan Lehenengo Erregional Mailan egoteko. 61-62an hirugarren amaitu zuten mailan, Peña eta Balmasedaren ondoren, eta horri esker Hirugarren Mailara igotzeko promozioa lehiatu ahal izan zuten, Barreda, Deustu eta Guarnizo aurkari izan zituela. Barreda erraz kanporatu ondoren, azken kanporaketan urdinak Deusturekin lehiatu ziren. Joanekoa Urritxen 2-0 irabazi eta itzulikoan emaitza berdinagatik galdu ondoren, SDAk berdinketa hausteko partida jokatu behar izan zuen Basozelain (Basauri). Hor 3-2 irabazi zuen, bere historiako maila “nazional” baterako lehen igoera lortu zuen eta oroimenerako anekdota bat utzi zuen: garaipenaren gola  sartu zuen José Luis Magunacelayak Donostiarako eztei-bidaia bertan behera utzi behar izan zuen, inoren kirol edota sentimendu aurreikuspenetan ez zegoen berdinketa hausteko partidan parte hartzeko. Garaipen jai ahaztezina Las Hermanas jatetxean ospatu zen. Eta ez zen gutxiagorako: urdinek Estatuko Hirugarren futbol mailan egotea lortu zuten, aurretik Lehen eta Bigarren Maila baino ez baitzeuden (Iparraldeko eta Hegoaldeko multzoetan banatuta).

Baina 61-62ko kanpaina historikoa izan bazen, 62-63koa ez zen atzean geratu. Euskal eta kantabriar taldeekin lehiatu beharreko multzoan sartuta, SDAk hirugarren postuan amaitu zuen denboraldia, Barakaldo eta Arenasen ondoren. Talde golegileena izan zen eta Bigarren Mailara igotzeko puntu bakarrera geratu zen. Ligarekin batera, urdinek Bizkaiko Afizionatu Mailako Txapelketa jokatu zuten. Gernica, Lemoa, Somorrostro eta Santurtzi kanporatu ondoren, San Mameseko final handian sartu zen berriro Arenasen aurka, eta talde hori Bigarren Mailara igotzeko asmoz diru-inbertsio handiak eginak zituen. Hala eta guztiz ere, urdinek 2-0 irabazi zuten Bilbao eta Abaden golekin, euren historiako hirugarren titulua katedralean berriro altxatzeko. Baina urte hartako onena iritsi gabe zegoen oraindik, garaipenak SDAri Espainiako Afizionatu Mailako Txapelketa jokatzeko aukera eman baitzion. Chantrea nafarra eta Guarnizo kantabriarra kanporatuta, finalerdietan parte hartzeko aukera izan zuen. Zozketak Real Madrilen bigarren taldearekin parekatu zituen zornotzarrak, Velázquez, Grosso, De Felipe… Joanekoa Vallecasen jokatu zen, talde merengearen ohiko zelaian. Zuriek 2-0 irabazi zuten, emaitza ez oso ona… baina ia okerragoa izan zen SDAren jokalariek autobusa bultzatu behar izan zutela Euskadira itzultzeko bidaian. Porrotak ez zuen eragotzi Urritxek itzulerako norgehiagokan bere historiako sarrerarik onenetakoa erregistratzea. Izan ere, Real Madrilek Amorebietara egindako bisita gertakizun handia izan zen eskualde osoan. Madrildarrak Grossoren golarekin aurreratu ziren (bere taldeak finalerdian sartutako lau golen egilea), baina urdinek markagailuari buelta eman zioten eta 2-1ekoarekin luzapena behartzeko gol bakarrera jarri ziren… baina aipatutako Grossok azken 2-2koa egin zuen. SDA kanporatuta zegoen… baina Real Madrilek ezin zuen Urritxen irabazi. Eta hori bada zerbait.

Amorebietak Hirugarren Mailan jarraitu zuen beste hainbat denboraldiz, 67-68 denboraldian Liga berregituratu eta urdinak Erregional Preferentera itzuli ziren arte. 68-69 denboraldian beste egoera ekonomiko zail bat gainditu ondoren (denboraldi hartan fitxatu zuten jokalarientzako prima Antzar Eguneko Lekeitiora bidaia eta afaria izan zen), 71-72 denboraldian klubak bere historiako egoera berezi eta dramatikoenetako bat bizi izan zuen. Zuzendaritza Batzordeak bere osotasunean dimititu ondoren, herrian ez zegoen kluba zuzentzeko ardura bere gain hartu nahi zuen inor… beraz, lehen taldeko jokalariak izan ziren Zuzendaritza Batzordea eratu zutenak. Zuzendaritza kooperatiboa izan zen eta denek kobratu zuten sari bera urte amaieran. Lehen taldea Lehenengo Erregionalera jaitsi zen, baina herriak klubari ikaragarrizko babesa eman zion, Urritxeko zelaian igandero 1.100 bazkideren kopurua gaindituz. Horrela, 72-73 kanpainan SDA Preferente Kategoriara itzuli zen, eta kategoria horretan zegoela Urrezko Ezteiak ospatzeko prestatzen hasi zen erakunde urdina. 1974-75 denboraldia zen hori.

SDAren 50. urteurreneko ospakizunak 1975eko martxoaren 18ko 19:00etan hasi ziren, erakundeko presidentea Juan Etxebarria “Makatza”  zen eta 650 bazkide zituen. Hasteko, meza Larreako parrokian; ondoren, afaria El Cojon, eta amaitzeko, sari banaketa eta pertsona eta erakundeei opariak. Hurrengo egunean, San Jose egunean, 17:00etan eta Urritxe zelaian, menuko plater nagusia: Athletic-Reala. Ohorezko sakea Jose Angel Iribar “El Txopo” ospetsuak egin zuen, eta Urritxeko harmailak lehertzear egon ziren. Lehoiek irabazi zuten 4-1.

SDAren lehen taldea Erregional Preferente ligan finkatu zen 70eko hamarkadaren bigarren erdian, garaia nahiko lasaia izan zen kirol arloan, baina diktadorea 1975eko azaroan hil ondoren, nahasiagoa izan zen arlo sozialean eta politikoan. 1977ko urtarrila Urritxen ikurrina lehen aldiz astindu zenekoa mugarri bat izan zen. Hilabete batzuk lehenago ere, klubak beste egoera berezi bat bizi izan zuen. 75-76 kanpaina amaituta, inork ez zuen erakundearen buru izateko erantzukizuna bere gain hartu nahi eta, giro horretan, herrian erregimenari lotutako eragin handiko pertsona batzuek SDAren kontrola hartu nahi zutelako zurrumurrua zabaldu zen. Erreakzioa ia berehalakoa izan zen eta izaera herrikoia zuen hautagaitza Luis Birizuela,  24 denboraldiz klubaren presidente izango zena, buru zuena osatu zen. Eta 76ko uda hartan, pilota-, atletismo- eta mendi-atalak klubaren estatutuetatik kanpo utzi ziren. Harrezkero, klubaren kirol-jardun bakarra futbola izan da. Bere lehen kanpainan mailari eusteko arazoak izan ondoren, Birizuelaren Zuzendaritza Batzordeak Pedro Antonio Etxebarria “El Zambo” eskola zaharreko entrenatzaileari, futbolean arrakasta nor bere atean golik sartzen ez uztetik datorrela uste duten horietakoari, lehen taldearen ardura ematea erabaki zuen. 77-78 denboraldian hasi zen Urritxeko ibilbidea eta SDAren historiako entrenatzaile karismatikoenetako bat izan zen. 78-79an, taldeak Erregional Preferente txapelketako bosgarren postuan amaitu zuen, eta 79-80koan gainditu eta hirugarren postuan amaitu zuen, lehen bi sailkatuekin (Santutxu eta Zorrotza) 57 puntura berdinduta, baina “goal average” txarragoarekin. Horrela, promoziorako kanporaketa jokatu behar izan zuen, nahiz eta irabazteak ez zion Hirugarren Mailara igotzea bermatzen. Urdinek Aretxabaleta kanporatu zuten, baina bigarren kanporaketa jokatu behar izan zuten Lemoaren aurka, joaneko partidan Arlonagusian 2-0 galdu eta gero,  zoritxarrez, Urritxen 1-0 baino ezin izan zuten irabazi. Hurrengo urtean, ordea, kontuak amaiera zoriontsuagoa izango zuen.

1981eko ekainaren 7a SDAren bazkide askoren buru eta bihotzetan grabatutako data da. Egun horretan, Urritxek gaur egun baimendutako gehienezko edukiera erraz bikoiztu zuen, eta Amorebietak 2-0 irabazi zion Arrasateri, Hirugarren Mailara igotzea lortuz. Maila horretan hogeita hamar denboralditan etenik gabe jarraitu zuen. Ligako 38 partidatatik 30 irabazi, bost berdindu eta hiru bakarrik galdu ondoren, “goal average” k eragotzi zion Amorebietari Preferente Mailako txapeldun izan eta Hirugarren Mailarako txartel automatikoa lortzea. Pribilegio hori bere garai hartako etsai handiarentzat izan zen, Basauriko Basconiarentzat, hain zuzen ere. Urdinek igoera irabazi behar zuten Arrasateren aurkako itzuli bikoitzeko kanporaketan. Iturripen jokatutako joaneko partidaren atsedenaldian, ehunka zale zornotzarrek xanpaina hozten jarri zuten, euren taldea 0-2 irabazten ari zelako Gabiolaren eta Rekagorriren, atezain titularra eta penalti-jaurtitzailearen, golei esker. Hala ere, bigarren denbora zoro batean  Arrasatek buelta eman zion partidari, 4-3ko emaitza lortuz, eta SDAk Urritxeko itzuleran luzapena behartzeko gol baten aldeaz irabaztera behartuta zegoen (besteen zelaian sartutako golek ez zuten balio bikoitzik-eta) edo igoera lortzeko bi goleko aldeaz. Partida hasi baino ordu erdi lehenago, Urritxek bere historiako sarrerarik handiena erregistratu zuen, eta horrek milioi eta erdi pezeta inguruko (9.000 euro inguru) diru-bilketaren  errekorra ekarri zuen. Cántabro Brezoren arbitrajearekin, Etxebarriak hurrengo hamaikakoa zelairatu zuen: Rekagorri, Arias, Sabin, Vicente, Vicandi, Toño, Gabiola, Gisasola, Aitor, Aiesta eta Gurtubai eta bigarren zatian, Valentin Bilbao eta Belasko. Amorebieta nagusi izan zen lehenengo zatian, baina atsedenaldira iritsi aurretik ez zuen golik lortu. Gero, 52. minutuan, Valentin Bilbaok Gurtubaik jaurtitako kornerra sareetara bidali zuen. Eta 70. minutuan, kontraeraso batean Gabiolak area kanpotik gola lortu zuenean,  Urritxeko harmaila eromenera eraman zuen. Horrela, Brezo, partidaren amaiera adierazteko, txistuka hasi zenean, ehunka zale urdinek Zornotzako zelaira salto egin zuten igoera futbolariekin batera ospatzeko. Jai-egitarau luze-luze baten lehen ekitaldia izango zen ospakizun hori.

SDA kategoria “nazionalera” itzultzeak bi mugarrirekin egin zuen bat: alde batetik, klubak 1.000 bazkideren muga gainditu zuen berriro; bestetik, 80ko hamarkadan, inguruko herri eta klubetan belarrezko joko zelaiak ugaritzen hasi ziren unean, Urritxe zelaian hobekuntzak egiteko premia agerikoa zen. Hirugarren Mailako lehen denboraldia oso ona izan zen, eta SDA hirugarren zen txapelketa amaitzeko bi partidara soilik zeudenean eta, beraz, Bigarren B Mailara igotzeko aukerak zituen, nahiz eta azkenean bosgarren amaitu. 82-83 denboraldian, urdinek azken aurreko jardunaldia jokatu zuten, mailaz igotzeko aukerak zituztela. Hala ere, hirugarren postuan amaitu zuten, Durangoko Kulturalaren eta Eibarren ostean. Kanpaina hura historiara pasatu zen bi gertakariren ondorioz: batetik, aulki urdinean Etxebarriaren azken denboraldia izan zen eta, bestetik, lehena preferentzia estali ondoren, preferentziaren estaldura nahiko oinarrizkoa izan zen, baina oso eraginkorra arratsalde euritsuetarako. Hobekuntza hura, hala ere, ez zen Urritxe zaharkituaren hutsune ugariei aurre egiteko behar bestekoa izan.

83-84 kanpainak bi gertaera utzi zituen oroitzapenerako. Alde batetik, Urritxeko berdegunean belarra erein zen, nahiz eta bi partida baino ez zuen iraun; bestetik, José Mari Gisasola, klubaren ikonoetako bat, erretiratu egin zen. Hurrengo denboraldian, Alfonso Barasoainek zuzentzen zuen lehen taldeak hirugarren amaitu zuen eta, igotzeko aukerarik izan ez zuen arren, Koparako sailkatu zen, eta Kopako zozketan sari “potoloetako” bat lortu zuen: Reala aurkari. Jose Mari Amorrortu urdinen aulkian eta John Benjamin Toshack txuri-urdinenean, 1985eko irailaren 19an Urritxek bere jantzirik onenak jantzi eta talde gipuzkoarrari harrera egin zion: Gorriz, Bakero, Zamora, Uralde… 0-3 irabazi zuten donostiarrek; hala ere, Gipuzkoako prentsa-kazetariek denbora eta leku gehiago eskaini zioten jokalekuaren egoera tamalgarriari euren taldearen jokoa goraipatzeari baino. Arratsalde hartan Amorebietan aurrelari aritu zen Jose Luis Astiazaran urte batzuk geroago aurkariaren taldeko presidente izango zen. Itzulerako partida Atotxa mitikoan jokatu zen, 10.000 ikusleren aurrean, hura ere Realak irabazi zuen (2-0). Kronikek diotenez, nahiz eta emaitza ona izan, urdinek partida bikaina egin zuten, eta etxekoen txalo zaparrada jaso zuten partidaren amaieran. Amorrortuk Urritxeren aulkian eman zituen bi urteetan, Amorebietak erasoko futbola zabaldu zuen, eta merezitako ospea lortu zuen mailan. 85-86koa Amorebietak seigarren bukatu zuen eta, denboraldi hartan, Rekagorrik eskularruak zintzilikatu zituen. 86-87an, urdinak golak egiteko makina bihurtu ziren – Astiazaran “pichichi” mailara igo zen – eta igotzeko aukerak bizirik mantendu zituzten azken-aurreko jardunaldira arte. 80ko hamarkada SDAk Hirugarren Mailan sendo instalatuta amaitu zuen, nahiz eta 88-89 denboraldian jaisteko arriskutsuan egon, jaitsi ez jaitsi, azken partidara arte.

Bi jokalari ohi, Jesus Mari Barrenetxea, “Txuku”, eta Jose Mari Gisasola, SDA kategoriaz igotzeko puntuan egon ziren 90eko hamarkadako lehen urteetan. 90-91koan, Ligan laugarren bukatu ondoren, talde urdina Kantabriako Laredo, Aragoiko Fraga eta Nafarroako Sport taldeen multzo berean gelditu zen. Denek denen aurka partida bikoitzera jokatu ondoren, ligaxkako txapelduna Bigarren B Mailara igoko zen. Azken jardunaldian Amorebietak Fraga bisitatu zuen eta dena bere emaitzaren araberakoa izango zen: irabaziz gero, igo egingo zen. Bero itogarrian, urdinak 1-1 emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira; horrela, gol batek eta 45 minutuk banatzen zituzten Bigarren B Mailatik… baina alferrik izan zen, ezin izan zen izan. Hurrengo urtean, aulkian “Gisa” zegoela, Amorebietak laugarren amaitu zuen Ligan eta “play-off”erako sailkatu zen, Aragoiko Endesa Andorra, Kantabriako Marina eta Nafarroako Artajones aurkari izan zituela. Urdinak, berriz ere, azken jardunaldira heldu ziren igotzeko aukerak zituztela, baina orduko hartan igotzeko irabaztearekin ez zen nahikoa. Horrela, Gisakoek Urritxen Artajoneskoei 4-1 irabazi bazieten ere, Endesa Andorrak Marinaren aurka irabazi zuen eta lortutako garaipen horrek igotzeko eskubidea eman zion Aragoiko taldeari.

93-94 denboraldiak, Birizuelak klubean 18 urte betetzen zituen denboraldiak, datu estatistiko historiko bat eman zuen: entrenatzailea, Gisa, eta lehen taldeko 20 jokalarietatik 18 Amorebietan jaiotakoak ziren. Baina Liga hasiera txarra izan zen, garaipenik ez zen lortu lehen hamar partidatan, eta azken jardunalditik haratago ere denboraldia lazgarria izan zen. Urdinek azken partidan jaitsiera zuzena saihestu bazuten ere, hirugarren Mailari eusteko, multzo euskalduneko beste talde batzuek Bigarren B Mailari eutsi behar zioten. Multzoko talde batek lortu zuen, Gernikak, Huescaren aurkako kanporaketa gogorra jokatu ostean. SDAk 13 denboraldi jarraian eginak zituen kategoria berean.

Hurrengo bi denboraldietako gertaera aipagarrienak bi hauek izan ziren: 94-95ean Jose Angel Estevez “Txipi” k erretiroa hartu zuen eta 95-96an Victor aurrelari urdinak partida bateko hasierako lau minutuetan hiru gol sartu zituen. 96-97an denon gogoan geratu zena izan zen epaileak bertan behera utzi zuela Ondarroako Aurrera taldearen aurkako partida Urritxeren egoera txarragatik. Klubaren eta Udalaren arteko liskar eta adiskidetze urteak izan ziren, eta Urritxeko birmoldaketa integrala edota Zubipunten zelai berri bat eraikitzeko bezalako proiektuak iragarri ziren. Birizuela Udaletxean itxialdia egitera iritsi zen,  gose-greba egiteko, udal-zelaiaren egoera salatzeko. 1997. urtearen amaieran, Txolonen, Urritxetik 300 metro eskasera, belar artifizialeko zelai bat eraikiko zutela iragarri zuten eta klubeko beheko taldeek erabiliko zutela.

97-98an, Juan Felipe Mintegi bigarren urtez urdinen aulkian zegoela, 16. jardunalditik 38. era partidarik galdu gabe egin ondoren, SDAk Bigarren B Mailara igotzeko hirugarren promozioa jokatu zuen. 23 partida bat ere galdu gabe! Orduko hartan, promoziorako aurkariak Kantabriako Tropezon, Aragoiko Fraga eta Errioxako Logroñes B izan ziren. Eta ligaxkako laugarren jardunaldian aukera guztiak galdu zituzten. 98-99 denboraldia zailagoa izan zen, urdinak azken aurreko jardunaldian salbatu ziren, José Luis Belasko “Belas” taldeko beste historiko batek 15 partida falta zirela taldeko agintea hartu zuenean taldeak izan zuen erreakzioari esker. 18 denboraldi jarraian ziren Hirugarren Mailan!

1999-2000 kanpaina garai bateko amaiera izan zen SDArentzat. Birizuelak, 24 urteren ostean, presidente izateari utzi zion. 2000ko otsailaren 2an egin zen iragarpena, baina, kargua utzi aurretik, “presiak” bere helburu nagusietako bat lortu zuen: Urritxeren birmoldaketa. Birizuelak martxoan aurkeztu zion Begoña Azarloza Amorebieta-Etxanoko alkateari futbol-zelaia osorik eraberritzeko proiektua: belar naturala, 700 ikuslerentzako tribuna, aldagelak, bulegoak, biltegiak, argiztapena, sarbide berriak… Udalak apirilean onartu zuen 1,1 milioi euroko kostuko proiektua; Birizuela lasai “jubilatu” zitekeen, beraz. Bere lekukoa Josean Barreirok hartu zuen, eta 2000-2001 denboraldi hartan lehen taldeak, udan Urritxeko egitura zaharrak eraitsi ondoren, Txolonen jokatu zituen etxeko partida guztiak, zelaia obretan zegoelako. Txoloneko lehen garaipena ez zen berehalakoan etorri, baina ahaztezina izan zen Durangoko Culturalaren aurka jokatutako partida, Asier Goiria aurrelari zornotzarrak baselinaz egindako bi goli esker irabazitako partida. Lehen taldeak 13. postuan amaitu zuen Liga, Hirugarren Mailan 20 denboraldi!!!

Urritxe oraindik berritze lanetan zegoela, 2001-2002 kanpainan, SDAk berriro aldatu zuen futbol-zelaia, oraingoan Larreako jokalekura, azken belaunaldiko belar artifiziala eta argiztapen-sistema berria zuen jokalekura. Ondo joan zitzaien aldaketa, Jon Pujanaren aginduetara urdinek laugarren bukatu baitzuten liga eta igoerako promoziorako sailkatu ziren. Orduko hartan, Fraga, Riojako Recreacion eta Kantabriako Racing B izan ziren bere aurkariak, baina 2002ko maiatzaren 24an, azken errondako lehen partidaren bezperan, krisia lehertu zen. Udalarekin izandako liskar garratzaren ostean eta elkarren kontrako salaketa larriak egin ostean,  Barreiroren batzordeak dimisioa ematea erabaki zuen. Dimisioa ekainaren 24an gauzatu zen, baina aurretik lehen taldeak play-offa jokatu zuen eta igotzeko inolako aukera barik gelditu zen, Santanderren laugarren jardunaldiko partida galdu zuenean. Zuzendaritza Batzordeak dimisioa eman ondoren, klubaren historiako lehen hauteskundeak izan ziren, Karmelo Pujana, Barreiroren presidenteordea, eta Joseba Barrenetxea hautagai zirela. Hauteskundeak uztailaren 20an izan ziren, larunbata, Karmengo jaietan, eta parte-hartzea oso handia izan zen, % 64,4koa hain zuzen ere, boto-eskubidea zuten 930 bazkideetatik 599k eman baitzuten botoa. Barrenetxeak irabazi zuen 401 babes jasota, eta 196 Pujanak; horrela, 38 urte zituela hauteskunde batzuetatik aukeratutako SDAren lehen presidentea izan zen bera. Presidente gisa eman zituen lehen egunetan, Barrenetxeak erregional mailako filial bat sortuko zuela iragarri zuen, Ikas-Txiki futbol eskola bere oinarri-futboleko egituran sartu zuen eta, bukatzeko, José Antonio Goikoetxea izendatu zuen entrenatzaile eta José Félix Guerrero kirol-zuzendari. Baina denboraldi hura taldeko historiara pasatu da “Urritxe berriaren” inaugurazioagatik. Instalazio berriak ez zuen apenas gogorarazten bizi guztiko Urritxe zaharra.

2002ko urriaren 12an izan zen. Egun horretan, bi hamarkada baino gehiagoko aurreproiektu, eztabaida, polemika, liskar eta desadostasunen ondoren, Amorebietak herriaren neurriko futbol-zelaia estreinatu zuen. Athleticeko eta Santanderko Racingeko jokalariak izan ziren lehen partidaren protagonistak, eta partidaren prolegomenoak, gainera, emozioz beteta egon ziren. Carmelo Cedrun ere ez zen falta izan, 1954ko partida historiko hartatik ia 50 urtera berriro omendua. José Ángel Iribar ere ez zen falta izan, Athleticeko enbaxadorea eta 27 urte lehenago SDAren Urrezko Ezteiak ospatzeko jokatutako partidaren protagonista nagusia. Bizirik zeuden presidente ohiei omenaldi bat egin zitzaien. Bedeinkapena, ohorezko aurreskua eta SDAren  urte hartako zortzi taldeen -zaharrena, bi gazte, bi kadete eta hiru infantil- hamaikakoen familia-argazkia egon zen futbol-zelaian. Aitor Larrazabalek, “lehoien” kapitainak, buruz egin zuen lehen gola “Urritxe berrian”, partidako bakarra. Egun hartako prentsako lerroburuetako batzuk hauek izan ziren: “Amorebietak zauri bat ixten du”; “Urritxeko zelaia patatala izateari utzi zion eguna”; “Urritxe, lehen mailako zelaia”. 2.900 ikusle inguruk bete zuten Urritxe. Eraberritzeko aurrekontua 1,32 milioi eurokoa izan zen, tribunak 504 lagunentzako edukiera izan zuen, iparraldeko atearen atzean hiru ilarako estali preferentzia txiki bat gaitu zen, eta jokalekuak 102 X 64 metroko neurriak zituen. Tribunaren azpian hiru aldagela (herriko taldea, talde bisitaria eta epaile hirukotea), bulegoa, bilera-gela, garbitegia, biltegia, botikina eta taberna jarri ziren. Jose Javier Lacalle “Laka”-k diseinatutako eta Iker Albizurik egindako eskultura bat da 2002ko urriaren 12 historiko haren oroigarri.

Urritxe Berriko lehen partida ofiziala, Amorebieta-Alaves C.,  azaroaren 9an, larunbatarekin, euria goian behean jokatu zen, SDAren alde egindako urteak eta urteak aitortzeko Luis María García Iparraguirre “Bisi”-k egin zuen ohorezko sakea, baina ez zen golik izan arratsalde hartan. Beno, bat egon egon zen. Etxeko Ibaik area kanpotik sartu zuen baloia, 90. minutua gaindituta, baina gola baliogabetu zioten jokoz kanpo egoteagatik eta Urritxeko tribuna berrian euritik eta haizetik babesa hartuta zuten 500 zaleek biziki protestatu zuten erabakia.

2002. urtea Unai Larrea kazetariak idatzi zuen Sociedad Deportiva Amorebieta erakundearen 75. urteurrenaren liburuaren aurkezpen ofizialarekin amaitu zen. Liburua Amorebieta-Etxanoko Udalak finantzatu zuen eta 2000. urtearen amaieran enkargatu zen, efemeridearen urtea zelako. Liburuak SDAko bazkideen zerrenda eguneratua jasotzen zuen, eta horietako azkena Julen Guerrero López zen, Athletic Clubeko legenda eta Mendeurrenaren urteko lehen taldeko entrenatzailea.

2002-2003 denboraldiaren hasiera ez zen batere erraza izan, Batzordeak osorik dimisioa eman zuen eta, eman orduko, askatasun-gutuna eman zien jokalari guztiei, eta hauteskundeak egin arte, kluba Kudeaketa Batzorde baten esku geratu zen. Egoera horretan, batzordea saiatu zen taldeko jokalariak konbentzitzen gelditzeko, beste inorekin ez fitxatzeko, harik eta SDAk presidente berria izan arte, baina salbuespen gutxi batzuk kenduta, gehien-gehienek alde egin zuten; horrela, igoerarako play-offa jokatu zuten jokalari haietatik gutxi batzuk baino ez ziren taldean geratu. Hala ere, nahiz eta fase zail batzuk bizi, futbol-zelai berrian jokatutako lehen denboraldi hura lasaia izan zen lehen taldearentzat, eta 2002-2003 denboraldian, lau jardunaldi falta zirela, mailari eutsiko ziola ziurtatu ondoren, Goikoetxeak zuzentzen zuen taldeak taularen erdian amaitu zuen. Taldeko berri ona Aitor Zalloetxebarria aurrelari zornotzarraren eskutik etorri zen, 15 golekin taldeko “pitxitxi”-a izan zelako. Edonola ere, Urritxe berriko lehen garaipena ez zen berehalakoan etorri, izan ere, 2003ko urtarrilaren 11ra arte ez zen iritsi, Eibar Bren aurka, Luis Martinek penaltiz sartutako golari esker.

2003-2004 denboraldiak hasiera harrigarria izan zuen SDArentzat: Goikoetxea kargugabetu zuten lehen taldeak denboraldiaurrea hasi zuen egun berean, eta, bere ordez, klubak bertako entrenatzaile baten aldeko apustua egin zuen: Lutxi Real. Hasiera gorabeheratsua izan ostean, taldeak bolada ona izan zuen eta play-offeko postuei begira jartzeraino heldu bazen ere, dena ezerezean geratu zen. 25. jardunaldiaren osteko gertaera bitxi batean, Lutxi Realek talde teknikoarekin izandako desadostasun batzuengatik aulkia utzi zuen. Amorebieta taulako 12. postuan zegoen eta Lutxi Realen lekua Fernando Valsegak hartu zuen. Taldeak 13. amaitu zuen, sailkapenerako arazorik gabe eta albiste txarra egondako lesioa izan zen: Aitor Zallok lotailu gurutzatua hautsi zuen eta baja izan zen kanpainaren azken zatian.

2004-2005 kanpainan, Txefe Guerrerok eta Valsegak osatutako bikotearen esku egon zen lehen taldearen zuzendaritza, eta astero herriko dozena erdi jokalari (Lekue, Gurtubai, Andoitz, Artabe, Amorrortu…) lerrokatu zituzten. Jokalari horien artean gazte kementsu bat hasi zen nabarmentzen: Xabier Etxeita. Baina gauzak okertzen hasi ziren zelaiaren barruan zein kanpoan. Izan ere, jokalari urdin batek, Pablo Zuloagak, bihotzekoa izan zuen partida jokatu bitartean eta, ospitaleratze azkarrari esker, bizirik atera bazen ere, Zuloagak futbola utzi behar izan zuen, eta 2005eko urtarrilaren 5ean, SDAk eta Athletic Clubeko lehen taldeak lagunarteko partidan omenaldi hunkigarria egin zioten, Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentea ere bertan izan zela. Partida Athleticek irabazi zuen (1-2), etxeko gola Carrascok sartu zuen eta bisitarien biak De Paulak eta Fernando Llorentek. Ligako azken txanpan, taldeak oso bolada txarrean sei porrot izan zituen, eta Barrenetxeko Batzarrak Valsega-Guerrero bikotea kargutik kendu eta taldea urdinen aulkiko beste legenda bat zen Jesus Mari Barrenetxearen, “Txuku”-ren, esku utzi zuen. Hiru jardunaldi besterik ez ziren falta liga amaitzeko eta taldea Ohorezko Mailara jaistetik hiru puntura baino ez zegoen. Egoera larria zen. Hirugarren Mailan 24 denboraldi jarraian eman ahal izatea arriskuan zegoen. Azkenaurreko jardunaldian, urdinek aurkari zuzenetako bat hartu zuten Urritxen: Eibar B. Zorionez “entrenatzaile berria, garaipen segurua” esaera zaharra bete egin zen, Agustinek jaurtitako zuzeneko libre bati esker; hala, Txukuk kargua estreinatu egin zuen garaipen batekin eta Amorebietak birtualki mailari eustea lortu zuen, harik eta beste garaipen batek, Aurrera B-ren aurkakoa, (1-3), hain zuen, matematikoki salbazioa ziurtatu zion arte. Txukuk bere egitekoa bete zuen, taldeak 12. postuan amaitu zuen Liga eta Fernando Perez izan zen hurrengo denboraldirako lehen teknikaria.

2005-2006 kanpainak inflexio-puntu argia eta positiboa markatu zuen lehen taldearen ibilbidean, eta taldea Hirugarren Mailan sendotzeaz gain, kategoriako “liderren” artean kokatu zen eta igotzeko “play-off”-etan ohiko taldea bihurtu zen. Perez aulkian eta herriko jokalarien presentzia nabarmena zela, denboraldia Urritxen Aurrera Vitoriaren aurkako garaipenarekin hasi zen eta denboraldiko lehen golaren egilea Iturraran izan zen. Taldeak ez zituen aurreko denboraldiko bi golegile nagusien, Pastrainen eta Zalloren, hutsunerik nabari. Sestaon berdindu ondoren, Zamudiori irabazi zion Urritxen eta, horrela, IV. multzoko lider jarri zen hirugarren jardunaldian. Beherakada txiki baten ondoren, Iker Bilbaok golak egiteko lana hartu zuen bere gain, eta taldea 12. jardunaldian play-offerako postuetan zegoen jada eta denboraldi osoan ez zuen postu hori galdu. Liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta zirenean, urdinek aurrerapauso handia eman zuten igoerako play-offerako sailkapena lortzeko, etxetik kanpora Laudio Salleko taldeari irabazi zionean, Urkok 89. minutuan sartutako golari esker. Golegileen artean aipagarriak ziren Xabier Etxeitak eta Jagoba Arrasatek sartutako goleekin lortu zituzten beste bi garaipeni esker, urdinek gora egin zuten sailkapenean. Play-offa ezin zion ihes egin azken txapan… eta ez zion ihes egin. Hiru jardunaldi falta zirenean, Perezen taldeak Arenasen zelaian 0-2 irabazi zuen, Jagobaren eta Iker Bilbaoren golekin. Urdinek hirugarren postuan bukatu zuten Liga, Sestao River eta Gernika aurretik zituela, eta play-offaren zozketak Union Deportiva Barbastro taldearekin, zornotzarren aspaldiko talde ezagunarekin, parekatu zituen. Lehen partida Urritxen jokatuko zen eta itzulerakoa, Huescan. Joanekoan, ekainaren 3an, larunbatean, talde zornotzarraren saiakera guztiek defentsa-horma batekin egin zuen topo. Hala, 90 minutuetan golik egon ez zenez, astebete geroago erabakiko zen dena Huescan. Igandean, ekainaren 11n, Euskaditik etorritako dozenaka zaleren laguntzarekin, SDAk Barbastroko Udal Kirol zelaira egin zuen salto. Eta gauzak ezin hobeto hasi ziren, Kortinaren gol batek aurreratu baitzuen Perezen taldea. Hala ere, Aragoiko taldeak penaltiz berdindu zuen atsedenaldia baino lehen. 1-1ekoak igoerarako bigarren kanporaketarako aukera ematen zien urdinei, aurkako zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker. Sorianok, baina, bi gol sartu ziten, 60. eta 90. minutuan eta, horrela, Ipiñak 94.ean lortutako azken golak ezer gutxirako balio izan zuen. Gauzak horrela, SDA Kantabriarraren Noja taldearen aurka mailaz igotzeko partida jokatzeko aukeratik gol bakar batera geratu zen. Hala ere, denboraldia bikaina izan zen, eta onena izan zen Urritxen garai berri baten hasiera izan zela. Apirilaren 30ean, igandean, klubaren 80. urteurrenaren ospakizunetan SDAko eta Athletic Clubeko beteranoek lagunarteko partida jokatu zuten Urritxen.

2006-2007 Ligako zazpigarren jardunaldirako, SDA Hirugarren Mailako IV. Multzoko liderra zen. Fernando Pérezen taldeak aurreko denboraldiko blokeari eusteaz gain, errefortzu interesgarriak ekarri zituen. Iker Bilbao, Alex Quindós, Gaizka Iturraran eta beste taldekide batzuen golei esker, urdinek hasiera bikaina izan zuten, eta laster igoerako play-offa izan zuten helburu. Beasainen izandako berdinketak lehen itzulia lider bukatzea eragotzi zien urdinei: laugarren postuan bukatu zuten, lehen sailkatuarengandik bi puntura. Alex, 11 golekin, eta Iker Bilbao, 10ekin, golegileen taularen buru ziren. Dena primeran zihoan, baina berdinketa ugariko bolada baten ondorioz, jardunaldi batzuetan urdinek galduta izan zuten play-offerako aukera. Hala ere, Artabek Tolosan sartutako golari esker, bizkaitarrek azken bost jardunaldiak laugarren postuan egin zituzten. Tabiran Alex, Andoitz eta Iturraranen golei esker lortutako garaipenari esker, Perezen mutilek hirugarren postuan zeudela ekin zioten azken jardunaldiari, bosgarren sailkatuarekin bi puntura zeudela. Urritxe bisitatu zuen Beasain taldeak, bigarren sailkatuak. Eta SDAk garaipena lortu zuen, Ipiñak egindako golari esker, eta mailako azpitxapelduna izan zen, mailan emandako 26 urteko topea zena eta, jakina, Bigarren B. Mailara igotzeko play-offa jokatu zuen. Aurkaria Negreira Kirol Elkartea izan zen. Joanekoa Xesus García Calvo zelaian izan zen eta, azken ordu erdia jokalari bat gutxiagorekin jokatuta, urdinek (1-0) galduta, porrota jaso zuten. Horrela, dena erabaki gabe zuten ekainaren 9an, larunbatean, Urritxen jokatu zen itzulera partidarako. Zornotzarren zelaian giro bikaina izan bazen ere, urdinak ez ziren gai izan Pabloren atea zeharkatzeko. Gurtubai oso gertu egon zen, baina bere jaurtiketak zutoinean jo zuen. Epaileak ere ez zuen lagundu, ez baitzuen penaltirik ikusi galiziarren arean azken minutuetako jokaldian, kanporaketa luzapenera eraman zezakeena. Hortaz, ezin izan zen izan. Amorebieta eztia ezpainetan geratu zen berriro, baina duda barik lehen taldea Hirugarren Mailako IV. multzoko “handienetako” bat zen. Eta aurrerantzean etsi ez zuen etsiko.

2007-2008 eta 2008-2009 denboraldiak ez ziren izan aurrekoak bezain distiratsuak. Lehenengo taldea taularen erdian sailkatu zen bietan, eta bigarrena lehenengoa baino dezente zalapartatsuagoa izan zen. Bi denboraldi hauetako berritasun nagusia taldeak 2008-2009ko lehen erdian sailkapenerako izan zituen ezohiko arazoak izan ziren. Ondorioz, Fernando Pérezek dimisioa aurkeztu zuen Ordizian, azken sailkatuaren etxean, galdu eta 17. jardunaldiaren amaieran jaitsiera postuetara erori ondoren. Bere behin-behineko erreleboa ordura arte jubeniletako teknikaria izan zen Aitor Garmendia zornotzarrak hartu zuen, berari egokitu zitzaion Gernika Urritxen hartzea eta garaipen epikoa lortu zuen partida dramatikoan: 3-2, ia ordubete gizon bat gutxiagorekin jokatu arren. Bi egun geroago, Barrenetxeak SDAren “ezagun zahar” baten kontratazioa iragarri zuen, Alfonso Barasoain estimatua, bi hamarkada lehenago urdinak zuzendu zituen gizonaren kontratazioa. Barasoain futbol eskola bat zuzentzen ari zen Brasilen, baina ez zuen zalantzarik izan: Amorebieta-Etxanora itzuli zen, aulkia eskaintzeko konfiantza erakutsi zion lehen kluba entrenatzera. Erreakzioa berehalakoa izan zen eta Barasoainekin taldeak 12 puntu posibletik 10 lortu zituen, horiei Garmendiarekin lortutako 3 puntuak gehituta, SDA jaitsiera-eremutik irten eta taularen erdialdean sailkatu zen, eta postu horietan amaitu zuen Liga. Taldearen irregulartasuna gorabehera, Iker Bilbaok IV. multzoko pitxitxi izatea lortu zuen sartutako 24 golei esker.

Potugaleteri 5 gol sartuta eta Salvatierrari 3-0 irabazita, Barasoainen taldearen asmo-adierazpen garbia izango ziren emaitzekin hasi zen 2009-2010 denboraldia eta Iker Bilbao “pitxitxi”-a alde ez egitea lortu zuen. Horrela, Iker Bilbaoren eta Orbegozoren golekin lehen taldeak lider amaitu zuen lehen itzulia. Estutasun txiki baten ondoren, urdinak gol-zaparradari esker suspertu ziren (Iker Bilbaoren lau golekin Retuertori 6-0 irabazita, adibidez), eta 27. Jardunaldian, Zubietan liderrari, Real Sociedad B taldeari, (1-3) irabazita, taularen lehenengo postuetara igo ziren berriro. Helburua argia zen: igoerako play-offa eta, zergatik ez, Hirugarren Multzoko lehen titulua lortzea klubaren historian. Barasoainen taldeak lidergoari eutsi zion 33. jardunaldira arte. Eta Gurtubai eta Orbegozoren golekin aurrea hartu bazuten ere, Gernikan galdu egin zuten. Bi jardunaldiren faltan, SDAk 3-0 irabazi zion Basconiari eta matematikoki “play-off”-erako sailkatu zen, azken jardunaldira iritsi zen bigarren, “Portu” taldetik puntu batera. Azken jardunaldian Elgoibarri Urritxen irabazten bazion, bigarren amaituko zuen Realaren ondoren eta Kopa jokatuko zuen… baina golik gabeko berdinketan amaitu zen partida eta Portugaletek Retuerton irabaztea lortu zuenez, azkenean hirugarrenak izan ziren, eta play-offerako sailkatu ziren. Zozketak Malagako auzo bateko El Palo klubarekin parekatu zuen, lehenengo partida Urritxen eta bigarrena hareazko eta hartxintxarreko zelaian jokatuko zen. Beraz, kontsigna “Hobe Urritxen irabaztea” izan zen. Joaneko partidaren bezperan Barasoainen kontratua beste urtebetez luzatu zela iragarri zen eta eragin ezin positiboagoa izan zuen: 3-0 irabazi zuten, Orbegozoren bi goli eta Lilloren gol bati esker. Abantaila izan arren, urdinak ez ziren fio. Horrela, aste horretan Txolonen belar artifizialean entrenatu zuten, Andaluziako jokaleku zailera egokitzeko… eta, aldi berean, RFEF-ren aurrean inpugnatu zuten jokalekua. Erakunde horrek arrazoia ematen zien urdinei eta El Palo behartu zuen beste zelai bat bilatzera. Azkenean, itzulikoa Malagatik gertu dagoen Rincon de la Victoria taldearen Julián Torralba belar artifizialeko zelaian jokatu zen. Baina, zoritxarrez, tranpa ez zen zelaian egon, bidaian baizik, odisea ikaragarria bihurtuta. Nahiz eta partidaren egunean bertan talde zornotzarrak bidaia hegazkinez egin behar, hegazkinak matxura izan zuenez, urdinak sei orduko atzerapenarekin atera ziren Loiutik. Arratsaldeko bostak aldera iritsi ziren Andaluziako lurretara… eta neurketa bost eta erdietan hasi behar zen. Azkenean, partida ordu erdi atzeratu zen eta seietan hasi zen. Eta ezin okerrago hasi zen, 8. minutuan Amorebietako jokalariak bere atean sartutako gol batek Malagako taldearen eta Malagako ikusleen iraulketa-ilusioak elikatu baitzituen, zelaia aldatu behar izateagatik oso “motibatuta” zeudenak, gainera. Zorionez, lasaitasuna 40. minutuan etorri zen Orbegozoren golarekin, berdintzeko El Palo beste lau gol sartzera behartzen zuelako. Etxeko taldeak beste gol bat baino ez zuen sartu (2-1), hori ere urdinek beren atean sartuta. Malagako aireporturako bidea pozik hartu zuen espedizio zornotzarra eta han jakin zuten itzultzeko hegaldia ere bertan behera geratu zela. Horrela, autobusez itzuli ziren, 22:30ean irten ziren Malagatik eta goizeko 10:30ean iritsi ziren Zornotzara. Ez da harritzekoa, beraz, bigarren txandan Barasoainek La Roda (Albacete) taldearekin parekatu zituela jakin zuenean eta, garraioaz galdetu ziotenean, zalantzarik gabe honela adieraztea: “Argi dago, autobusez”. Igotzeko azken-aurrekoko bigarren kanporaketa hau ere Urdinek joanekoa etxean jokatu behar zuten. Iker Bilbaok 1-0ekoa egin zuen lehen zatian, baina Hectorrek 61.ean sartutako golak markagailuan berdinketa utzi zuen eta urdinak Mantxako lurretan gola sartzera behartzen zituen. Eta gauzak are okerragoak izan zitezkeen bigarren zatian Cardiel atezainak bi penalti geldiarazi ez balitu. Itzulerako norgehiagokan luzapenean erabaki beharko zela ematen zuenean, Jesusek La Roda aurreratu zuen, geroxeago Orbegozok hamaika metrotik berdinketako gola lortzeko. 90. minutua zen, luzapena jokatu beharko zutela zirudien… baina Carlos Alfarok, alboko falta bat errematatuz, Cardiel gainditu zuen eta SDA berriro geratu zen zapuztuta, eztia ezpainetan. Igoera desiratuak itxaron beharko zuen… baina ez zuen askoz gehiago itxaron beharko.

2010-2011 denboraldia historikoa ez den beste modu batean ezin daiteke kalifikatu, zeren eta Joseba Barrenetxea buru zuen erakundeak eta Alfonso Barasoainek zuzentzen zuen taldeak Bigarren B Mailara igotzea lortu baitzuten lehenengo aldiz klubaren historian. Ezin hobeto hasi zen Kanpaina bikain baten ondoren lortu zuten. Izan ere, urdinak izan ziren Ligako lehen sei partidak irabazi zituzten bakarrak denboraldi hartan “maila nazionala” deiturikoan aritzen ziren 482 taldeen artean. Gainera, lehen partida horietan ez zuten gol bakar bat ere jaso. Hala ere, urte ikusgarri baten preludioa baino ez zen izan dena, urdinek Hirugarren Mailako IV. Multzoko txapeldun amaituko zuten urtearena, hain zuzen ere; 1981eko igoeraz geroztik lortu barik zuten sailkapena (topea 2006-2007ko azpitxapeldun postuan zen). Bere zenbakiak ikusgarriak izan ziren: 25 garaipen eta 81 puntu 38 partidatan, non 71 gol sartu eta 26 bakarrik jaso zituen, errekorra urte hartan Hirugarren Maila osoan. Iñaki Zarandona IV. taldeko pitxitxia izan zen, 17 gol sartuta. Talde urdinak 2011ko maiatzaren 7an, Ligako azken-aurreko jardunaldian, Tabiran abestu zuen Txapeldunen “alirón”-a, Cultural de Durango taldeari 0-3 irabazita. Hamaikako historiko hura Oierrek, Larreategik, Gurtubaik, Peredak, Elorriagak, Sanchezek, Ibaik, Lillok, Zarandonak, Gusik eta Txutxik osatu zuten, baina Olondok, Larreak eta Butroek ere minutu batzuk jokatu zituzten. Azken jardunaldian, Amorebietak Laudio hartu zuen etxean. Emaitza gutxienekoa izan zen, (2-2) kasu hartan, garrantzitsuena atarikoetan gertatu baitzen, Santiago Arostegi Euskadiko Federazioko presidenteak Xabier Gurtubairi, kapitaina eta taldeko zornotzar bakarrari, eman zionean txapeldunen kopa gertatu ere. Trofeoa altxatuta, hurrengoa igoera gauzatzea zen. Barasoainek eta Barrenetxeak, joan-etorriei begira, aurretiko partida gertuko talde baten kontra jartzea eskatu bazuten ere, zozketak Balearretako Manacorrekin parekatu zuen Amorebieta, biak multzoetako txapeldunak; beraz, txapeldunen arteko lehia izanda, kanporaketa irabazten zuenak zuzenean lortuko zuen igoera Bigarren B Mailara; aitzitik, galtzen zuenak beste bi kanporaketa gainditu beharko zituen Brontzezko Mailara igo ahal izateko. Urritxek bere galarik onenak jantzi zituen 2011ko maiatzaren 21ean jokatu zen joaneko partida hartzeko. Barasoainen mutilek igoeraren zati handi bat bideratuta utzi zuten 3-0 irabazita. Partidak hasiera parekatua izan zuen, baina dena aldatu zen 21. minutuan, Diegok Zarandonari egindako penalti batek gizon bat gutxiagorekin utzi baitzituen balearrek, eta Armanek hamaika metroetatiko jaurtiketaz aurreratu zuen talde zornotzarra. Urdinak errenta horrekin konformatu beharrean, azeleragailua estutu eta beste bi gol -egileak Lilo eta Elorriaga- lortu zituzten atsedenaldira iritsi aurretik. Bigarren zatian ez zen beste golik egon; beraz, 2011ko maiatzaren 29an, igande historiko batean, Na Capellerako Udal Zelaian euskal taldeak errenta ona zuela, baina erlaxatu barik, ekin zion itzulerako partidari. Manacor, ezin bestela izan, garaipena lortzeko planteamendu oldarkorrarekin indartsu atera zen, eta Barasoainen mutilek erantzun ona izan zuten lehen zatian, etxekoen oldarraldiei eustea lortuta; hala, minutuak aurrera, minutu bakoitza harlauza baino pisutsuagoa zen Manacorreko jokalarientzat. Bigarren zatian, Manacorreko esperantzak zapuztu zituen Gusiren gola etorri zen, buruz 57. minutuan sartuta. Emaitza horri esker, urdinak Bigarren B Mailakoak ziren, sortu eta 86 urtera; beraz, ez da harritzekoa orduan Zornotzan bizi izan zen festa autobus deskapotagarri batean herriko kale nagusietan barrena gogoratuenetakoa izatea oraindik ere.