Haritz Mujikak lau partidako zigorra bete beharko du eta ez da aulkian eseriko Atletico Saguntinoren aurka
Sociedad Deportiva Amorebietako lehen taldeko entrenatzaileak, Haritz Mujikak, lau partidako zigorra bete beharko du asteburu honetatik aurrera. Beraz, ezin izango du aulkian egon datorren larunbatean talde urdinak Atletico Saguntinoren aurka jokatuko duen Kopako kanporaketan. Unai Zubiaur izango da taldea hegaletik zuzenduko duena.
Joan den apirilean LaLiga SmartBankeko Las Palmas-Amorebieta partidaren ostean egindako adierazpen batzuengatik urrian ezarri zioten zigorra da Mujikari jarritako zehapenaren jatorria. Euskal teknikariari lau partidako inhabilitazioa ezarri zioten orduan, eta klub zornotzarrak orain jakin duenez, urdinek urriaren 9an Real Unionen zelaira egindako bisitan hasi behar zen betetzen. Hala ere, RFEF-en eta SDAren arteko komunikazio akats baten ondorioz, Amorebietako entrenatzailea Stadium Galen aulkian eseri zen egun hartan.
Akatsa talde bizkaitarraren borondatetik kanpokoa izan zen, izan ere, lehen zigor horren aurka alegazioak aurkezteko aukerari uko egin zion. Hala ere, Mujikak egun hartan hegaletik taldea zuzendu izanak eragin du teknikari pasaitarrak lau norgehiagokako zigor berri hau jasotzea, eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri.
Mujikak lehen zigorraren laugarren eta azken partida bete zuen joan den igandean Cornellan. Beraz, bigarren zigorra betetzen hasiko da larunbat honetan Sagunton eta Lehen Federazioko hurrengo hiru jardunaldietan ezin izango da aulkian eseri.