Gimnàstic de Tarragona 1-1 SD Amorebieta: Urdinek puntu bat eskuratu dute Nou Estadi Costa Daurada zelai zailean

Urdinek puntu bat lortu dute Nastic de Tarragonari egindako bisita zailean, 1-1 berdinduta gaur arratsaldean jokatutako 21. jardunaldiko partidan. Saria handiagoa izan zitekeen, izan ere, gureak bigarren zatiaren hasieran aurreratu dira Dani Selmaren bitartez eta etxekoen berdinketaren gola jokoz kanpo baten ostean heldu da neurketaren azken txanpan.
Norgehiagoka bizi abiatu da. Lehen minutuan, Pablo Fernandezek buruz bidali du baloia Marinoren eskuetara, eta gureek kanpora joan den Selmaren erremate batekin erantzun dute. Kataluniako taldea berehala jabetu da baloiaz eta urdinei, ondo ordenatuta, defendatzea egokitu zaie aukerarik ez emateko. 15ean zornotzarrak min egiteko zorian izan dira baloia aurkariaren area inguruan lapurtu ostean, baina Varo atezaina azkar ibili da erdiraketa harrapatu eta Vicandiren errematea saihesteko. 18an etxeko taldea izan da abagune ona izan duena. Marinok esku ona sartu du Migueren zartakoari aurre egiteko.
Erlojuak aurrera jarraitu du ia aukerarik gabe. Nasticek ez zuen zulorik aurkitzen urdinen sendotasuna apurtzeko eta gureek ez zuten asmatzen azken metroetan jokaldi azkarrak sortzen zituztenean. Atsedenaldira iritsi orduko, Ben Hamedek buruz errematatu du langa gainetik Ericek ateratako korner bat. Horrela, 0-0eko markagailuarekin bukatu da lehen zatia.
Gureek ondo kokatuta jarraitu dute aldagelatik igaro eta gero, defentsan serio eta espazioak aprobetxatuz erasoak egiteko. Horrela, 56an 0-1ekoa heldu da. Iñigo Muñozek eskuin hegaletik erdiratu du eta baloia pozoitu egin da defentsa bat ukitu ondoren. Horri esker, Selmak burukada sartu du markagailua irekitzeko.
Nastic berdinketaren bila abiatu da, urdinak defentsan ahalegin handia egitera behartuz. 64an, Juncàk probatu du areaz kanpotik zutoinetik gerut joan den zartako batekin. 1-1ekoa 77an iritsi da, geldikako ekintza batean. Lehen errematearen saiakera jokoz kanpo zegoen Gorka Perezek egin du, baina ez dute adierazi. Jokaldiak aurrera jarraitu du eta egurrean bi aldiz jo ondoren, Gorka Perezek berak berdinketa sinatu du. Etxekoek, igoera lortzeko borrokan murgilduta, estutzen jarraitu dute hiru puntuen bila, baina gureak serio agertu dira eta puntu bat lortu dute zelai zail batean.
NÀSTIC DE TARRAGONA: Varo, Juncà, Montalvo (62’ Marc Fernández), Antoñín, Jardí (79’ Jiménez), Granero (62’ Gorka Pérez), Óscar Sanz, Leal (46’ Gorostidi), Pablo Fernández, Migue eta Concha (62’ Álex López).
SD AMOREBIETA: Marino, Enol Coto, Yuste, Kortazar, Carbonell, Ben Hamed, Coulibaly (76’ Masllorens), Eric (76’ Hervías), Iñigo Muñoz (88’ Berto), Vicandi eta Selma (84’ Álvaro Marín).
Golak: 0-1: Min. 56; Selma. 1-1: Min. 77; Gorka Pérez.
Epailea: Alejandro Clemente Ortuño. Txarel horia atera die Leal, Gorostidi; Kortazar, Carbonell, Eric eta Enol Coto jokalariei.