Gimnàstic de Tarragona 1-0 SD Amorebieta: Ez merezitako porrota
Urdinek ez merezitako porrota sufritu dute Gimnàstic de Tarragonari egindako bisitan. Zornotzarrek aurkariak baino aukera hobeak izan dituzte, baina etxeko taldea izan da garaipena lortu duena. Guillermok atsedenaldia baino lehen sartutako gol bakartiari esker egin du. Jokoz kanpo zegoela dirudi, baina epaileek ez dute ikusi.
Norgehiagoka bedinduta hasi da, aukera argiegirik gabe. Jonmik, ligako estreinaldian, arazorik gabe gelditu ditu etxeko taldeak area ertzetik egindako hainbat saiakera. Gureek geldikako hainbat jokaldi sortu dituzte 0-1ekoaren bila, baina ez dute saririk lortu. Ordu erdi geroago, Rayco atetik metro gutxitara burukada bat ehizatzeko zorian izan da, baina errematea konektatzeko zentimetro batzuk falta izan zaizkio. Neurketa atsedenaldira hasierako markagailuarekin iritsi behar zela zirudienean, Nasticek aurrea hartu du Guillermok buruz sartutako golari esker. Jokoz kanpo zegoen, baina epaileek ez dute adierazi.
Bigarren zatia hasi eta berehala, urdinek aukera argia izan dute markagailua berdintzeko, baina Jauregiren bolea gurutzatua kanpora joan da gutxigatik. Handik gutxira, Yriarte izan da gola sartzetik gertu egon dena. Hala ere, jaurtiketa kanpora joan zaio.
Etengabe saiatu dira Haritz Mujikarenak, taldearen indarrari eusteko aldaketak egiten joan dena. Gureek beste aukera on bat izan dute 79.ean, Izetak Bujanen defentsaren atzeko pasea harrapatu duenean, baina Manu Garcia atezainaren irteera azkarrak berdinketa zapuztu du. Are argiagoa izan da Praderarena 83. minutuan. Bere burukadak langaren kontra jo du. Gaurkoan ez dute zorterik izan urdinek. Hurrengo hitzordua, datorren igandean Urritxen Numanciaren kontra.
GIMNÀSTIC DE TARRAGONA: Manu García, Robert Simón (67’ Bonilla), Pedro, Aarón Rey (78’ Montalvo), Quintanilla, Josema, Pablo Fernández (67’ Marc Álvarez), Guillermo, Tirlea, Joan Oriol eta Montes Arce.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Xiker, Toni Herrero, Sibo, Yriarte (78’ Cantón), Dorrio (60’ Izeta), Rayco (71’ Pradera), Iturraspe (78’ Seguín) eta Jauregi (71’ Buján).
Gola: 1-0: Min. 43; Guillermo.
Epailea: Antonio Monter Solans. Txartel horia atera dio Juan Rodríguez jokalariari.