SD Amorebieta

Joan den asteburuan, justizia emateaz arduratzen zen inor ez zen ohartu jokoz kanpo zegoela CD Eldensek Lezaman lortutako garaipena bideratzeko balio izan zuen gola. Bertan, erabakia gogo biziz eskatu zen, bertaratutako gehienek ikusi zutelako. Gaur Cartagonovan, aldiz, estadio osoan inork ikusi ez duen ekintza bat ikusi dute VARetik, partida bikaina osatzen ari ziren urdinen porrota eragin duen penalti bat adierazteko.

Gureak ondo sartu dira neurketara eta berehala sortu dute arriskua. Felixek ezkerretik egindako erdiraketa Angel Tronchok errematatu du bigarren zutoinean eta baloia kanpora joan da gutxigatik. Urdinek nagusi izaten jarraitu dute eta ordu laurdenera gola sartzeko zorian egon dira aukera bikoitz batean. Lizoainen oinak Angelen jaurtiketa gelditu du eta, jarraian, Dorrioren saiakerak zutoinaren kontra jo du. Dorriok berak beste aukera on bat izan du lehen zatiko azken txanpan, baina errematea kanpora joan zaio. Pabloren eskuei burukada bat emanez erantzun dio Ortuñok. Jandroren mutilek lehen zatian egindako lan onak ez du golaren saria jaso eta norgehiagoka atsedenaldira iritsi da hasierako 0-0ekoarekin.

Gidoia ez da gehiegi aldatu aldageletatik igaro ondoren. Zornotzarrek aurkariaren zelaian jokatzen eta partidaren pisua eramaten jarraitu dute. Jauregik 55.ean eman du abisua Nuñezen erdiraketa aprobetxatuz, baina baloia erdiratuta atera da. Jarraian, Nuñezek berak probatu du, Lizoainek harrapatu duen arearen ertzetik egindako jaurtiketa batekin.  Erlojuak aurrera egiten jarraitu du aukera handirik gabe, Cartagena 67. minutuan gola egiteko zorian egon den arte. Mikel Ricoren jaurtiketak langaren kontra jo du. Ekintza horrek panorama aldatu du. Etxeko taldeak metroak aurreratu ditu eta estutu egin du, 75. minutuan epaileak penaltia adierazi duen arte, VAR-etik eskatuta. Gonzalez Francesi abisua eman diote, Cartagonovan zeuden 15.000 pertsonetako batek ere ikusi ez duen eskua pantailara ikustera joan dadin. Andyren jaurtiketa gogor batek ukitu du Edwardsen eskua, metro erdira eta bizkarrez. Baina oraingoan adi egon dira, oraingoan irudiak zeuden. Andyk berak jaurti du 11 metroetatik 1-0ekoa lortzeko. Gureak ez dira gai izan kolpe berri horretatik altxatzeko.

FC CARTAGENA: Raúl Lizoain, Alcalá, Gonzalo Verdú (81’ Kiko Olivas), Andy (81’ Jony Álamo), Ortuño (60’ Arnau Ortiz), Narváez, Fontán, Calero, Musto, Jairo eta Alarcón (60’ Mikel Rico).

SD AMOREBIETA: Pablo Campos, Álvaro Núñez, Manu Hernando, Etxeita, Félix, Erik Morán (69’ Edwards), Carbonell (85’ Eraso), Ángel Troncho (79’ Unzueta), Rayco (79’ Morci), Dorrio eta Jauregi.

Gola: 1-0: Min. 76; Andy, de penalti.

Epailea: González Francés. Txartel horiak atera dizkie Fontán, Andy, Lizoain;  Álvaro Núñez, Félix, Dorrio eta Etxeita jokalariei. 

Compártelo