Futbol Club Barcelonak irabazi du Lointek Amorebieta-Etxano Cup txapelketaren 19. edizioa, alebin mailako nazioarteko futbol 7 torneoa, Txolonen abenduaren 6an (asteazkena) eta 8an (ostirala) jokatu dena. Kataluniako taldeak 3-0eko emaitzarekin irabazi dio finalean Athletici. Txapelketako jokalari onenaren saria Barçako Adam Qaroual futbolariak jaso du eta atezain onenarena Girondinseko Marvin Emeraudek.

23 taldek hartu dute parte aurtengo edizioan. Lehenengo egunean 12 talde aritu ziren: Cultural de Durango, Gertasport, Bermeo, Athletic Gipuzkoa Eskola, Ikastxiki, Amorebieta B, Deusto, Txantrea, Arratia, Gernika, Aurrera de Vitoria eta Bansander. Irabazlea Kantabriako Bansander izan zen. Finalean Txantrea gainditu zuen eta ostiralean Txolonera itzultzeko txartela lortu zuen.

Bigarren eta azken jardunaldian Athletic, Girondins Bordeaux, Barcelona, Amorebieta, Villarreal, Eibar, Porto, Valladolid, Alaves, Reala, Osasuna eta aipatutako Bansander taldeek hartu dute parte. Goizean multzoen fasea izan zen eta arratsaldean behin betiko kanporaketak jokatu ziren. Finalerdietan, Barcelonak Portori irabazi zion eta Athleticek Girondinsi.

Bi jardunaldietan Txolonera hurbildu diren pertsonek 52 partidu ikusteko eta 2012. urtean jaiotako 350 futbolarik eskainitako futbol festaz gozatzeko aukera izan dute.

Compártelo