CF La Nucía 1-2 SD Amorebieta: Garaipen garrantzitsua etxetik kanpo zelai oso zail batean
Urdinek garaipena lortu dute etxetik urrun. Eta gainera Estadi Olímpic Camilo Canon zelai zailean egin dute, non La Nuciak porrot bakarra zuen gaur arte. Haritz Mujikaren mutilek oso garaipen landua lortu dute Lehen Federazioko 27. jardunaldiko partida honetan, duela aste batzuk Aitor Larruzea zuzendaritza taldeko kidearen heriotzagatik atzeratu behar izan zena. Berak ere zerutik bultzatu ditu Eneko Jauregiren eta Josue Dorrioren golak lehen zatian. Bigarrenean, etxekoek aldea murriztu dute eta sufritzea egokitu da, baina gureek hortzak estutu dituzte garaipen garrantzitsu hau ziurtatzeko.
Gureak hasiera-hasieratik indartsu atera dira, nagusi berdegunean. Hala eskatzen zuen Mujikak, eta hala izan da. Lehen abisua Jorge Mierrek eman du, langa gainetik joan den zartako batekin. Urdinek presio bortitza egin dute eta horren ondorioz 0-1ekoa lortu dute lehen ordu laurdena gaindituta. Edwardsek baloia lapurtu du aurkariaren zelaian eta Jauregirekin konektatu du. Aurrelariak maniobra bikaina egin du atzelaria atzean uzteko eta Valens atezaina gainditzeko.
La Nuciak azkar erreakzionatzen saiatu da. Javi Cabezasen, Enekoren eta Kevinen jaurtiketekin berdinketa bilatu du, baina hirurek Magunagoitiaren geldiketa onekin egin dute topo. Sarea bai aurkitu duena Dorrio izan da, 33. minutuan. Arearen puntatik egindako tiroa aurkariaren ate barrura sartu da bigarren zutoinetik 0-2koa lortzeko. Bi goleko aldea izan arren, urdinak ez dira lasaitu. Izan ere, hirugarrena egiteko aukera argia izan dute, baina Valensek Jauregiren gola eragotzi du korner baten ostean.
Aldageletatik igaro ondoren, La Nuciak aurrerapauso bat eman du eta desabantaila murriztu du Borjaren bitartez bigarren zatiaren hasieran. Alacantekoek estutzen jarraitu dute eta urdinek lan itzelia egin behar izan dute defentsa lanetan. Juan Rodríguez lurrera joan da Javi Martinen jaurtiketa arriskutsu bat sahiesteko. Etxekoak berdinketa sinatzetik gertu egon dira 75ean, baina Magunagoitiak hegaz egin du Juan Delgadoren saiakera gelditzeko. Hortik amaierara, Haritz Mujikaren mutilak izugarri solidarioak izan dira ahaleginean garaipena lotzeko eta lidertzatik 2 puntura jartzeko.
CF LA NUCÍA: Jaume Valens, Kevin, Adri León, Eneko Delgado (67’ Fer Pina), Juan Delgado, Álex Salto (46’ Javi Martín), Borja, Moisés (63’ Ángel López), Javi Cabezas (46’ Ter Heide), Mariano (46’ Ismael Gutiérrez) eta Javi Gómez.
SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Jorge Mier, Juan Rodríguez, Antxon, Toni Herrero, Yriarte, Edwards (61’ Cantón), Iturraspe (73’ Pradera), Dorrio (86’ Julen Jon), Buján (61’ Rayco) eta Jauregi (46’ Ewan).
Golak: 0-1: Min. 17; Jauregi. 0-2: Min. 33; Dorrio. 1-2: Min. 54; Borja.
Epailea: Ávalos Martos. Txartel horiak atera dizkie La Nuciako Eneko eta Javi Martín jokalariei; eta SDAko Antxon eta Iturrasperi.