Urdinek meritu handiko berdinketa lortu dute Tudelanoren aurka, playoff postuetan dagoen taldea. Partida Clara Campoamor instalazioetako zelai artifizialean jokatu da, Ciudad de Tudelan hobekuntzak egiten ari direlako, eta haize bortitzak baldintzatu du. Lan kolektibo handi bati esker, gureek atea hutsean utzi dute laugarren astez jarraian.

Hasi eta berehala, urdinek aurkariaren area zapaldu dute, Elias ezker hegaletik iritsiz. Hala ere, bere erdiraketa etxekoen defentsa batek moztu du. Baina hori ez da izan lehen zatiko gidoia, non gureek talde on baten aurka borrokatu behar izan duten, eta haize bortitz baten aurka, baloia ate zornotzarrerantz bultzatzen zuena. Urdinei kosta egiten zitzaien metroak aurrera egitea eta defentsa lanetan buru-belarri aritzea tokatzen zitzaien, aukerarik ez jasotzeko. Tudelano SDAren area inguruan zebilen, baina abagune argirik gabe. Horrela, atsedenaldia hasierako markagailuarekin heldu da.

Aldageletatik igaro ostean, talde nafarrak aukera paregabea izan du bigarren zatiaren hasieran, baina Zangoren eta egurraren artean Alayetoren gola saihestu dute. Bigarren zati honetan urdinek hobera egin dute eta norgehiagoka berdinduta joan da. Izan ere, gure taldearen aukerarik onenak partidaren azken txanpan iritsi dira. 72. minutuan, aurkariaren defentsa bat bere atean gola sartzeko zorian egon da korner baten. 83.ean, Hodei Rodriguezen korrikaldi batek arriskua eraman du etxekoen areara, baina azken metroetan ez du asmatu. 90. minutua gaindituta Etxanizek 0-1ekoa izan du Ceballosen erdiraketa baten ostean, baina bere burukada kanpora joan da gutxigatik.

CD TUDELANO: Yoel, Dufur (75’ Teijeira), Víctor, Asier, Colau (75’ Bachiller), Santigosa (60’ Naranjo), Alayeto, Albín (88’ Aparicio), Monreal, Bonilla eta Bouguettaya (60’ Manu Vila).

SD AMOREBIETA: Zango, Mendibe (68’ Ceballos), Odei, Entrecanales, Intxausti (82’ Reka), Ituarte, Fausto Tienza, Elías, Arzalluz (92’ Arratibel), Torrico (68’ Hodei Rodríguez) eta Etxaniz (92’ Hernaiz).

Árbitro: Adrián Vega. Txartel horiak: Santigosa, Albín; Ituarte, Etxaniz eta Ceballos.

Compártelo