SD Amorebieta

Urdinek Heliodoro Rodríguez López zelai zailean irabazi dute, urtarrilaz geroztik inork irabazi ez duen lekuan. Gureek talde baten moduan borrokatu dute eta azkenera arte sufritzen jakin dute Iker Unzuetak bigarren zatiaren hasieran penaltiz sartutako golari balioa emateko. Garaipen hau zuretzat ere, Felix. Norgehiagokaren atarian, etxeko klubak keinu polita izan du gure jokalariariaren omenez, 28. dortsala eta “Fuerza Félix” mezua zeraman kamiseta bat oparituz. Eskerrik asko, Tenerife.

Baloia biraka hasi denean, lehen abisua gureek eman dute. Lasureren bidez egin dute. Bere zartakoak, areaz kanpotik, langaren kontra jo du. Etxeko taldeak erantzun ona eman dio Tetoren erremate batekin. Magunagoitiak desbideratu du. Hasiera bortitz horren ondoren, partidak menderatzaile argirik gabe jarraitu du, bi aldeetan arrisku sentsazioarekin, baina aukera argirik gabe. Lehen zatiko erdialdea gaindituta, Tenerifek beste abagune on bat izan du Tetoren bitartez eta Magunagoitiaren geldiketa itzel batekin topo egin du berriro. 37. minutuan urdinak izan dira golaren inguruan ibili direnak, Jauregiren erdiraketa bati eta Unzuetaren burukada bati esker. Nadalek eskularrua sartu du ekiditzeko. Horrela, lehia hasierako 0-0ekoarekin heldu da atsedenaldira. 

Markagailu hori urdinek inauguratu dute bigarren zatiaren hasieran. 0-1ekoa Unzuetak sartu du penaltiz, Enric Gallegok baloia area barruan ukitu ostean adierazitakoa. Abantailarekin, Teneriferen bultzadari eusteko defentsa lanetan sendo jarraitzea egokitu zaie gureei, tamaina handiko zelai batean lan izugarria eginez. Urdinek trantsizio azkarrak egiteko espazioak ere aurkitzen zituzten, baina ez arrakastaz amaitzeko modua. Horrela, partida azken txanpan sartu da Jandroren mutilen alde txikiarekin. 90etik hamar minutura Jorge Mier zelairatu da, sendatuta jada hainbat astez berdegunetik kanpo izan duen lesio batetik. Albiste ona. Gureek azkeneraino borrokatu behar izan dute. Zutoinak ere urdinekin bat egin du luzapenean. Hau sufrimendua! A zer garaipena!

CD TENERIFE: Tomeu Nadal, Aitor Buñuel, León, Amo (72’ Sergio González), Ángel, Bodiger (72’ Javi Alonso), Aitor Sanz, Enric Gallego (65’ Roberto López), Teto (65’ Cacho), Nacho, Luismi Cruz (80’ Ethyan).

SD AMOREBIETA: Magunagoitia, Álvaro Núñez, Bustinza, Gayà, Lasure, Erik Morán (67’ Yriarte), Sibo, Dorrio (86’ Rayco), Morci (86’ Edwards), Unzueta (81’ Jorge Mier) eta Jauregi.

Gola: 0-1: Min. 49; Unzueta, penaltiz. 

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horia atera dio Bustinzari.

Compártelo